Skip to main content
2026ko ekainaren 16a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun

Euskadi beroari aurre egiteko prestatzen ari da, eta bostehun bat babesleku klimatiko ditu lurralde osoan

Tenperaturek etengabe gora egiten dutenez, Euskadi klima-aldaketara egokitzeko neurri zehatzak hartzen ari da. Helburua da herritarrak berotze globalaren ondorio nabarmenenetako eta gero eta handiagoenetakotik babestea, bero-boladetatik, alegia. Gaur egun, EAEko 11 udalerrik dute jada babesleku klimatikoen sarea; guztira, 488 gune ditu, eta milioi bat laguni baino gehiagori ematen die zerbitzu, Euskadiko biztanleriaren erdiari, gutxi gorabehera. Araban, Amurrio eta Gasteiz; Bizkaian, Barakaldo eta Bilbo; eta Gipuzkoan, Bergara, Donostia, Hernani, Irun, Pasaia eta Tolosa. Hedatzen ari den sarea da, eta lehendik dauden ekipamenduak eta hiri-espazioak baliatzen ditu gero eta ohikoagoa den klima-arriskuari erantzuteko.

Milioi bat pertsona baino gehiagok izango dute bero-boladetatik babesteko udal-espazio publikoetara sartzeko aukera

Testuinguru horretan, babesleku klimatikoen sarea sortzea oso egokitze-neurri eraginkorra da lurraldean; izan ere, udalekin lankidetzan garatzen denez, herritarrek gune ezagun, seguru eta erosoak izan ditzakete eskura tenperatura altuko uneetan.

Gertuko erantzuna, gero eta handiagoa den arazoaren aurrean

Euskadin tenperatura hazten ari da eta bero-boladak gero eta maizago gertatzen dira. Agertoki klimatikoen arabera, datozen hamarkadetan, 35 ºC-tik gorako egunen kopurua biderkatu egingo da lurralde osoan, eta horrek gero eta arrisku handiagoa dakar osasunarentzat, batez ere pertsona zaurgarrienentzat (adinekoak, haurrak, gaixotasun kronikoak dituztenak edo pobrezia energetikoan daudenak). Bizkaian eta Gipuzkoan, urtean 2 edo 3 egunetik 15 egunera pasako da mende-amaieran; eta Araban, 4 eta 6 egun bitartean izatetik urtean 20 egun baino gehiagora.

Euskadiko babesleku klimatikoen sareak 488 babesleku identifikatu ditu 11 udalerritan

Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztu zuen “Klimaren Egoera Euskadin” izeneko lehen txostenaren arabera, 1970az geroztik, Euskadiko tenperatura 0,3 °C handitu da hamarkada bakoitzeko, eta bero-boladen maiztasuna eta iraupena igo egin direla ikusten da. Bero-boladen egunen kopurua bikoiztu egin da: 1970-2000 epealdian 4 egunekoa zen, eta 2014-2023 epealdian ia 9 egunekoa. 

Egoera horren aurrean, babesleku klimatikoek irtenbide praktiko eta hurbila eskaintzen dute. Bero handia egiten duenean freskoago eta seguruago egoteko edonor joan daiteke leku horietara, hala nola liburutegietara, klimatizazioa duten gizarte-etxeetara, itzala eta zuhaitzak dituzten parkeetara edo berdeguneak eta iturriak dituzten plazetara. Doako guneak dira, irisgarriak, auzoetan barna daude banatuta, eta bereziki adinekoak, haurrak edo osasun arazoak dituztenak babesteko daude pentsatuta.

Sare honen helburua ez da espazio berriak sortzea, muturreko tenperatura dagoen egunetan daudenak egokitu eta balioan jartzea baizik, herritarrak zaintzeko.

Udalerriak, klima-egokitzapenaren lehen lerroan

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, tokiko erakundeei beroaren aurkako babesgune horiek diseinatzen eta abian jartzen laguntzeko, “2026ko Euskadiko babesleku klimatikoen sarea. Tokiko erakundeentzako irizpide eta orientabide teknikoak” gida argitaratu du,EAEko udalerrien esperientzia errealetan oinarrituta.Gainera, “Euskadiko Babesleku Klimatikoak” bereizgarria ere sortu da, babesleku klimatikoak identifikatzeko, edozein udalerritan edonork erraz aurkitu ahal izan ditzan.

Ihobe sozietate publikoak gida bat argitaratu du udalei haien babesleku klimatikoak identifikatzen eta hedatzen laguntzeko

Hala gidak nola bereizgarriak lehen oharkabean pasatzen ziren espazioak seinaleztatzeko aukera emango dute, informazio-mapak eginda eta herritarrei mugitzeko aukera emango dieten hiri-ibilbideak diseinatuta, beroaren eraginpean gehien dauden eremuak saihesteko.

Babesleku klimatikoen sarea sortzeak adierazten du udalek funtsezko zeregina dutela klima-aldaketaren aurkako ekintzan; izan ere, administrazio publiko horiek identifikatzen dituzte beroaren aurrean babesleku gisa funtziona dezaketen espazioak, irizpide klimatikoak txertatzen dituzte hiri-plangintzan, auzoen erresilientzia indartzen dute eta ekitate klimatiko handiagoa sustatzen dute.

Hiri bizigarriagoak eta etorkizunerako prestatuagoak

Babesleku klimatikoen sareak erakusten du klima-aldaketara egokitzea eguneroko kontua dela, eta horrek pertsonen ongizateari eta osasunari zuzenean eragiten diola. Ekimen horrek muturreko beroarekin lotutako arriskuak murrizten laguntzen du, udan Europan hilkortasun gehien sortzen duen fenomeno klimatikoa baita, eta, aldi berean, herrien eta hirien bizigarritasuna hobetzen du.

Neurri erraz, eraginkor eta merkeen bidez, egokitze-eredu praktikoa, hurbila eta pertsonengan oinarritua sortzen ari da Euskadi, eta horretan udalerri bakoitza irtenbidearen parte da. 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
2026ko ekainaren 5a
  • Klima aldaketa
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxea Urdaibaik klima-aldaketak lurraldean dituen kausak eta ondorioak ulertzeko erakusketa iraunkor berria inauguratzen du
2026ko apirilaren 21a
  • Klima aldaketa
Euskadik ekintza klimatikoari buruzko LIFE proiektuen Europako topaketa hartzen du
2026ko otsailaren 26a
  • Klima aldaketa
Europako Batzordeak Bilboko itsasadarraren ingurunea klima-aldaketara egokitzeko BIK 2050 proiektua babestu du