Skip to main content
2026ko otsailaren 26a
  • Klima aldaketa

Europako Batzordeak Bilboko itsasadarraren ingurunea klima-aldaketara egokitzeko BIK 2050 proiektua babestu du

BIK

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbao Bilbao Itsasadarra eta Klima-BIK 2050 proiektuaren bigarren bileraren buru izan da. Bileran, Bilboko itsasadarrean eskumenak dituzten eragileek parte hartu dute. Bertan, sailburuordeak lantaldeari jakinarazi dio Europako Batzordearen LIFE programak proiektuaren hasierako proposamena babestu duela eta Eusko Jaurlaritzari lehen finantzaketa-pakete bat eman diola, 70.000 eurokoa, abian jarriko diren neurriak zehazten eta diseinatzen aurrera egin dezan.

Bilbao Itsasadarra eta Klima-BIK 2050 proiektua EBren LIFE programak hautatu du, eta lehen finantzaketa-pakete bat lortu du itsasadarraren ingurunean ezarriko diren neurrien diseinuan aurrera egiteko

Zehazki, datorren irailean, BIK 2050 proiektuaren partzuergoak proposamen zehatzago bat aurkeztu beharko du LIFE programaren deialdirako, ingurune hori klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko aurreikusitako jarduerak eta neurriak zehazteko, batez ere uholdeei, bero-boladei eta itsas mailaren igoerari aurre egiteko. Eremu horrek 980.000 biztanle inguru ditu, hau da, Bizkaiko biztanleriaren ia % 80 eta Euskadi osoko biztanleriaren % 40 baino gehiago. 

LIFE programa Europar Batasunaren finantza-tresna bat da, ingurumena babestera eta klimaren aldeko ekintzara soilik bideratutakoa.1992an sortua, entitate publiko eta pribatuen proiektu berritzaileak finantzatzen ditu, eta 2021-2027 aldirako 5.430 milioi euro ditu estatu kideetan proiektuak babesteko.

Aurrerapenak itsasadarraren biki digitalean eta erabileretan Bilbon

BIK 2050eko lantaldearen lehen topaketan, joan den abenduan, estuarioaren biki digital bat sortzea erabaki zen, hainbat modelizazio egiteko. Tresna digital horiek uholdeen, bero-boladen eta muturreko beste fenomeno batzuen egoerak aurreratzea ahalbidetzen dute, eta erraztu egiten dute erabaki informatuak hartzea eta herritarrak eta azpiegiturak egoera kritikoen aurrean babestea.

BIK 2050en helburua da baterako estrategia bat ezartzea itsasadarraren ardatzean eskumenak dituzten entitate guztiek uholdeen, bero-boladen eta itsas mailaren igoeraren aurrean esku hartzeko, Euskadiko biztanleen % 40 bizi baitira bertan

Hori da, hain zuzen ere, BIK 2050 proiektuaren funtsezko zutabeetako bat: alerta goiztiarreko sistemak ezartzea eta klima-arriskuen modelizazio prediktiboa egitea. Biki digital hori garatzeko, ingurunean eskuragarri dagoen informazio guztia integratuko da, eta sentsore berriak zabalduko dira itsasadarrean, Erandion dagoeneko instalatuta dagoen mareografoaren lerroan. Sentsore horiek denbora errealean bilduko dituzte datuak, aldaketak edo anomaliak detektatzeko eta aurrerapenaz jarduteko.

Bigarren topaketa honetan, Bilboko Udalak Bilboko Itsasadarraren Erabileren Plan Berezia aurkeztu die gainerako eragileei, laster tramitatzen hasiko den hirigintza-dokumentu estrategikoa.

Planaren ekintza-ardatz nagusiak ingurunearen segurtasuna, biodibertsitatea eta aktibazioa dira, eta, esparru horretan, itsasadarraren ertzak birnaturalizatzeko proiektuak planteatzen dira, hala nola Idiazabalen eta Kadaguaren ibaiertzeko parkekoak.

Baterako lan-mahaia

BIK 2050 proiektua KAIA (Klima Aldaketa ImpaktuAren akronimoa) mahaiaren esku-hartze pilotuetako bat da. Mahai horrek egokitzapen klimatikoaren arloan lehentasuna duten sei esku-hartze zehaztu zituen, zehazki, Bakion, Zarautzen, Gasteizko Astegietako meandroan, Txingudiko badian, Legazpin eta Bilboko itsasadarraren ingurunean.

Gaur koordinazio-mahai instituzionalaren bigarren bilera egin da; bertan, itsasadarra monitorizatzeko biki digitala sortzeko egin behar urratsak partekatu dira, eta, gainera, Bilboko Udalak itsasadarraren erabilerarako plan berezia aurkeztu die gainerako eragileei 

BIK 2050 proiektuan parte hartzen duten eragileen artean daude, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ría 2000, Bilboko Portu Agintaritza, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, itsasadarraren ertzeko bederatzi udalak (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (Euskalmetekin batera), Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza eta Osasun Publikoko Zuzendaritza; Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren gidaritzapean eta honako hauen bitartez: Ingurumen Sailburuordetza eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritza, eta Ura – Uraren Euskal Agentzia eta Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa entitate publikoak.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 21a
  • Klima aldaketa
  • Moldaera
Euskadik ekintza klimatikoari buruzko LIFE proiektuen Europako topaketa hartzen du
2026ko otsailaren 25a
  • Klima aldaketa
Ihobe eta Orekan sozietate publikoek akordio bat sinatu dute jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta klima-ekintza sustatzeko Euskadi eta Nafarroaren artean
2025eko abenduaren 29a
  • Klima aldaketa
Euskadin airearen kalitatea hobetzen ari da, eta 2030eko Europako erronka berrietarako prestatzen ari da
2025eko abenduaren 15a
  • Klima aldaketa
Trantsizio energetiko eta klimatikoko gastuaren ekarpenak goranzko joera du EAEko aurrekontu orokorren barruan