- Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
Aste honetan hasi dira LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren obrak Zarauzko Malekoian. Esku hartzea LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan kokatzen da eta Euskadiko proiekturik handiena da hau ekintza klimatikoari dagokionez. Europar Batasunak babestua eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak koordinatua, hogei erakunde baino gehiagok parte hartu dute proiektu honetan.
Lehenengo fasean, mendebaldeko hondartzarako sarbideak birmoldatzea planteatzen da, Munoa plazatik jaitsi eta hondartza lehorrean sartzen diren eskailerak eraitsiz, baita itsas pasealekuaren gaineko hegala ere. Bestetik, itsas pasealekua altxatuko da, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta uholdeak eta egiturazko kalteak saihesteko. Neurri horien aplikazioa Narros-Munoaren aurrealdean hasiko da, hain zuzen ere ostalaritzako eta jarduera ekonomikoetako hainbat lokal kokatzen diren gunerik problematikoenean.
“Egitasmo honen proiektua lantzen hasi zenetik, Zarauzko Udala kontaktuan izan da uneoro eskuhartzea gauzatuko den kokapeneko bizilagun eta ostalariekin, obraren nondik norakoak, eskaerak, gomendioak eta baldintzak denen artean adosteko”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.
2020. urtean, Zarauzko Udalak "Olatuen eta mareen eragin konbinatuak Zarauzko dikean eragiten duen kaltea minimizatzeko alternatiben diagnostikoaren eta ebaluazioaren txostena" egin zuen.
Ondoren, 2024ko maiatzean, "Zarauzko hondartzan eta haren inguruan itsas mailaren igoerari eta olatuen igoerari lotutako klima-aldaketaren ondorioak arintzeko egin beharreko jarduketak definituko dituen aurreproiektua" dokumentua garatu zen. Bertan, hiru jarduketa bereizi daude, eta horien artean dago "01. Jarduketa: Narros-Munoa eremuaren birmoldaketa". Honen diseinua eta gauzatzea lehentasunezkotzat jotzen da LIFE programaren finantzaketa-mugen barruan, eragin klimatikoekiko zuzeneko esposizioa eta Zarauzko hiri-testuinguruan duen garrantzi estrategikoa direla eta.
Ekimenari jarraipena emanez, 2025ean zehar, Zarauzko Udalak Narros-Munoa inguruan, Zarauzko hondartzan eta haren inguruan, itsas mailaren igoerarekin eta olatuekin lotutako klima-aldaketaren ondorioak arintzeko obrak egiteko proiektua idazteko eta obra zuzentzeko lizitazioa egin zuen.
2026an, Zarauzko Udalak, administrazio eskuduna den aldetik, klima aldaketak Narros-Munoa inguruan dituen eraginak murrizteko obrak egiteko lizitazioa egin du eta CONSTRUCCIONES MARIEZCURRENA S.L. enpresari esleitu dizkio lanak lehiaketa publiko bitartez 1.244.955,75 euroko (BEZ barne) zenbateko ekonomikoarekin eta 7 hilabete inguruko exekuzio epearekin. LIFE programaren dirulaguntzen baitan, Europar Batasunak 696.231 eurorekin lagunduko du obra hau. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak 380.000 euro jarriko ditu eta Zarauzko Udalak gainontzeko kopurua jarriko du.
Alkateak azaldu duen moduan, “hasiera batean arraroa gerta daiteke eskuhartze hau orain hastea, baina arrazoia sinplea da; Egin beharreko obrak ezin dira negu garaian gauzatu, ezinezkoa litzatekelako eguraldiagatik eta olatuen enbatarengatik”.
Hondartza babesteko beharra
Zarauzko hondartzak, 2.100 metroko luzera duen euskal kostaldeko hondartzarik zabalenak, erronka handiak ditu, itsas maila eta olatuen intentsitatea handitu izanagatik. Gero eta ohikoagoak dira muturreko gertaerak, besteak beste 2014ko denboralea, malekoian kalte larriak eragin zituena.
Euskal itsasertzeko kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko Kostaegoki proiektuak jasotako datuen arabera, eremu horretan ez jarduteak, termino absolutuetan, Zarauzko hondartzak 21.000 m2 inguru galtzea ekarriko luke 2050ean, eta 40.000 eta 57.000 m2 artean 2100era arte.
Termino erlatiboetan, kaltetutako lehen 10 hondartzen artean egongo litzateke, eta 2050erako azaleraren % 30 gal lezake, eta % 65 eta % 90 artean 2100ean. Aldi berean, aurreikusitako klima-egoeren arabera, 2050ean bizitegi-lurzoruko 4 hektarea kaltetu daitezke, eta eragin-azalera hori handitu egingo litzateke 2100. urtean, 5-7 hektareara iritsi arte, hau da, bizitegi-azalera osoaren % 2, % 3 eta % 4, hurrenez hurren. Klima-aldaketaren ondorioz hareatzak izan duen bilakaerak inpaktu ekonomiko potentzialak izan ditzake, aisiarako erabilera faltagatik, baina, garrantzitsuena, atzera-egiteak kostaldeko zerrenda horretako egiturak eta eraikinak babesik gabe uztea ekarri du. Hondartza okupatzen duten azpiegiturak kentzeak aukera emango du hondarra modu naturalagoan banatzeko esku hartutako eremuetan, eta, horrela, hondartzako lehen lerroan eraikitako elementuak gehiago babestea lortuko da.
Iturria:Ihobe