Skip to main content
2026ko otsailaren 25a
  • Klima aldaketa

Ihobe eta Orekan sozietate publikoek akordio bat sinatu dute jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta klima-ekintza sustatzeko Euskadi eta Nafarroaren artean

Orekan

Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, eta Orekanek, Nafarroako Gobernuarenak, akordioa sinatu dute eta, hala, mugarria ezarri dute bi autonomia-erkidegoen arteko jasangarritasun-esparruko lankidetza instituzionalean. Izenpetutako hitzarmenak sendotu egiten du bi erakunde publikoek partekatzen duten konpromisoa jasangarritasun, energia-trantsizio, ekonomia zirkular eta ingurumen-berrikuntzarekin. Horri esker, Euskadi eta Nafarroa erreferente gisa kokatu dituzte klima-ekintzaren eta eraldaketa ekologikoaren arloetan.

Alexander Boto Bastegietak eta Itziar Gómez Lopezek, Ihobeko eta Orekaneko zuzendariek, hurrenez hurren, izenpetu dute hitzarmena, zeina kokatuta dagoen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko lankidetza-protokolo orokorraren barruan. Sektore-akordio horrek erantzuna ematen dio bi autonomia-erkidegoek partekatzen duten konpromisoari, zehazki, karbono urriko ekonomiarantz aurrera egiteko, ekonomia zirkularra sustatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta bi lurraldeetan jasangarritasun-kultura sendotzeko.

Akordioak lehentasunezko lankidetza-arloak ezarri ditu, baita ekintza‑plan partekatua ere hurrengo hamarkadako klima- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko

Itziar Gómez Lopezek, Orekaneko zuzendari kudeatzaileak, hau nabarmendu du: «Hitzarmen honek aukera eskaintzen digu jardunbide egokiak partekatzeko, berrikuntzak egiteko eta ingurumen-erronkei elkarrekin aurre egiteko. Horri esker, proiektu eraldatzaileak sustatu ahal izango ditugu eta gizartea sentsibilizatu ahal izango dugu jasangarritasunak duen garrantziaren inguruan».

Bestalde, Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, hau azpimarratu du: «Akordio hau pauso garrantzitsua da Euskadiren eta Nafarroaren arteko lankidetza indartzeko klima-aldaketaren aurkako borrokan eta ekonomia zirkularraren sustapenean. Elkarrekin ahalmen handiagoa eta esperientzia luzeagoa dauzkagu gizarte erresiliente eta jasangarriagorantz aurrera egiteko».

Hitzarmena guztiz bat dator Europako jasangarritasun- eta berrikuntza-esparruko lehentasunekin eta sendotu egiten du Euskadik eta Nafarroak European Industrial Clean Dealekin daukaten konpromisoa. Hala, bi lurraldeek apustua egiten dute industria garbiago, erresilienteago eta lehiakorragoaren alde, Europar Batasunak sustatzen dituen energia- eta klima-trantsizioarekin bat.

 

Lehentasunezko arloak eta ekintza-plan partekatua

Klima-aldaketaren esparruan, proposamena egiten da herritarren klima‑asanbladen eta gizarte-itunaren inguruko esperientziak partekatzeko. Ekonomia zirkularrari dagokionez, mahaigaineratzen da enpresak prestatzeko jardunbide egokiak partekatzea, erosketa publiko berde eta zirkularrerako irizpideak lerrokatzea eta ingurumen-fiskalitatean lankidetzan aritzea. Zeharkako alderdiek lehenetsi egiten dute Europako proiektuetan (Horizon Europe, LIFE, Interreg, etab.) elkarrekin parte hartzea, ingurumen-berrikuntza sustatzea, prozesuen automatizazio- eta digitalizazio-arloetan lankidetzan aritzea eta herritarren sentsibilizazio-kanpainak bideratzea.

Akordioak ezartzen du Jarraipen Batzordea sortuko dela, bi erakundeen zuzendaritza nagusien gidaritzapean, urtero aurrerapenak ebaluatzeko eta lankidetza-lerro berriak proposatzeko. Ekintza guztiak indarrean dagoen araudiaren eta aurrekontua izatearen araberakoak izango dira.

Trantsizio ekologikoan aurrera egiteko lankidetza instituzionalaren eredua

Aliantzak Euskadi eta Nafarroaren arteko harreman historikoa eta lankidetza instituzionala sendotzen ditu, Europako jasangarritasun-konpromisoekin lerroan. Ihobek eta Orekanek xede dute lurralde arteko lankidetza-erreferente izatea eta ahalmena areagotzea hurrengo hamarkadako ingurumen- eta klima-erronkei aurre egiteko.

Informazio gehiago:


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza
ASTEKLIMA 2026k euren ohiturek kliman eta energian duten inpaktua ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko