- Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei zuzendutako laguntzen deialdia ebatzi da: 2025ean, guztira 165 proiekturi eman zaie dirulaguntza, 2,5 milioi euroko aurrekontuarekin (2.533.747 euro). Zenbateko hori lagungarria izango da toki-erakundeek beren ingurunea babesten eta zaintzen aurrera egin dezaten. Ingurumen-inpaktu handia eta positiboa izatea espero da.
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarriko ekintzetarako abiarazi duen deialdiak zenbait esparrutako —hala nola hondakinen kudeaketa, klima-ekintza edo lurzoru kutsatuak— 165 proposamen laguntzen ditu diruz
2025eko deialdian inoizko eskabide kopururik handiena izan da, 2007an abian jarri zenetik proiektu gehien aurkeztu diren urtea izan baita: zehazki, 264 proiektu jaso dira 117 toki-erakunderen eskutik. “Horrek erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek konpromiso argia dutela beren komunitateen garapen jasangarriarekin, eta jakitun direla ezinbesteko rola betetzen dutela beren ingurunea hobetzeko garaian, ingurunearekiko eta herritarrekiko hurbiltasunari esker”, adierazi du Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak.
Horietatik 11 proiektu lurzoruak lehengoratzeko lerroaren barruan eman dira, 20 proiektu klima-aldaketaren lerroan, 19 proiektu natura-ondarearen lerroan, 33 proiektu hondakinen kudeaketa eta balorizazioaren lerroan, 6 proiektu lurzoruaren tokiko kudeaketaren lerroan, 39 proiektu jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan eta 37 proiektu Euskadiko Klima eta Energiaren Asteko (ASTEKLIMA) jarduerak egiteko.
Ingurumen-inpaktu handia eta positiboa
Klima-ekintzaren lerroan, eta toki-erakundeek abian jarriko dituzten proiektuei esker, inpaktu ugari aurreikusten dira: 8.300 m² baino gehiagoko hiri-azalera iragazkorra sortzea eta 1.415 tona CO2 biltzea, 12 hektarea baino gehiagotan 7.200 zuhaitz landatzeari eta basoberritzeari esker.
Klima eta Energia Planak egiteko ere bideratuko da laguntza, eta 10 udalerrik ekingo diote ildo horri. Klima-aldaketaren inpaktu negatiboei aurre egiteko lurraldeak duen erresilientzia areagotzeko neurriak ere jarriko dituzte abian, eta zenbait entitatek, udalek eta mankomunitatek naturan oinarritutako soluzioak sartzeko azterketak egingo dituzte edo klima-babeslekuen sarea garatuko dute.
Ekintza horiek abian jartzearekin, espero da 1.500 tona CO2 xurgatzea, 150.000 m²-tik gorako azalera duten eremuak lehengoratzea edo habitat naturaleko 64 hektarea inguru kudeatzea eta hobetzea
Hondakinen lerroan, diruz lagundutako proiektuekin amiantoaren hondakinak kudeatu nahi dira, batik bat, eta, horretarako, 23 udalerritan amiantoaren erroldak egingo dira.
Lurzoru kutsatuen lerroan, espero da toki-erakundeek 40.000 m²-tik gorako azalera ikertzea, 150.000 m²-tik gorako eremuak lehengoratzea eta 34.700 m²-ko lursailen ingurumen-jarraipena eta -kontrola egitea. Lurzoruaren gaineko eragina konpondu ostean, etorkizunean partzeletan garatuko den erabilera nabarmendu behar da —komunitate-erabilerak eta parke publikoak lehenetsiko dira—.Natura-ondarearen lerroan diruz lagundutako proiektuek biodibertsitatea kontserbatzen eta hobetzen lagunduko dute, habitaten, espezieen eta konektagarritasun ekologikoaren gaineko zuzeneko jarduketen bidez. Oro har, habitat naturaleko 64 hektarea inguru kudeatu edo hobetuko da, 49 hektarea inguru sortu edo lehengoratuko dira eta beste 18 eremu degradatu lehengoratuko dira, barnean dela 6 hektarea baino gehiagotan espezie exotiko inbaditzaileak desagerraraztea.
ASTEKLIMAren lerroan, eta Energiaren Euskal Erakundea eta Ihobe erakunde publikoek sustatutako Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen (ASTEKLIMA) seigarren edizioaren barruan —urriaren 17tik 26ra bitartean garatu zen—, 37 udalek egindako 102 jarduera lagundu dira diruz. Asteklimaren programazioak askotariko proposamenak uztartu zituen (tailerrak, erakusketak, interpretazio-bisitak eta -ibilbideak, hitzaldiak eta jardunaldiak, zinema, antzerkia, ipuin-kontalariak, lehiaketak eta informazio-puntuak), eta horietako asko zientziaren, kulturaren eta hirugarren sektoreko entitateen laguntzarekin garatu ziren.
Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea: “Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek konpromiso argia dute beren komunitateen garapen jasangarriarekin, eta jakitun dira ezinbesteko rola betetzen dutela beren ingurunea hobetzeko garaian”
Eskabideak aurkeztu dituzten 117 toki-erakundeetatik 47 Bizkaikoak dira, 38 Gipuzkoakoak eta 29 Arabakoak. Horietako 9k lehen aldiz jaso dute dirulaguntza hori (Arabako 4k, Bizkaiko 3k eta Gipuzkoako 2k), hau da, emandakoen % 5,5ek.
Loturiko edukia
Iturria:Ihobe