Skip to main content
2026ko ekainaren 24a

Ihobek Europako Batzordearen “Destination Earth” ekimena abiarazten parte hartu du, klima aldaketa monitorizatzeko eta iragartzeko

Ihobek Europako Batzordearen “Destination Earth” ekimena abiarazten parte hartu du, klima aldaketa monitorizatzeko eta iragartzeko

Mari Mar Alonsok, Ihobeko Klima Ekintzako zuzendariak, “Destination Earth” ekimena abiarazteko ekitaldian parte hartu zuen ekainaren 10ean. Europako Batzordearen ekimen horren helburua da Lurraren doitasun handiko eredu digitala garatzea (“biki digital” bat), klima-aldaketari lotutako fenomeno naturalak, arriskuak eta giza jarduerak modelizatu, zaindu eta simulatu ahal izateko, eta, horrela, egokitzeko estrategiak eta arintzeko neurri zehatzak eta bideragarriak diseinatzen laguntzeko.

DestinE-k ingurumen-erronka konplexuak konpontzen lagunduko du, Lurreko sistemen (lurra, itsasoa, atmosfera, biosfera) eta giza esku-hartzeen bilakaera kontrolatzeko eta simulatzeko; ingurumen-hondamendiei eta ondoriozko krisi sozioekonomikoei aurrea hartzeko, bizitzak salbatzeko eta atzeraldi ekonomiko handiak saihesteko; eta garapen gero eta iraunkorragoa lortzeko agertokiak egitea eta egiaztatzea ahalbidetzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sozietateak gidatuko du Euskadin klima-aldaketak eragindako estres termikoaren ondorioetara egokitzeko tresna, Tecnaliak Europako beste zentro teknologiko batzuekin batera garatzen duena.

Aurkezpenean, Alonsok ziurtatu zuen “bereizmen handiko erreplika digital bat izatea aurrerapen esanguratsua izango dela, gure lurraldean klima-aldaketak izango dituen ondorioak aurreikusteko”. Gainera, ekimena Ihoberen funtsezko helburuetako batekin bat datorrela nabarmendu zuen: “klima-aldaketara egokitzeko neurrien eraginkortasun-ebaluazioari modu integratu eta koordinatuan heltzea lurralde-eskala desberdinetan. Klima informazioa eskaintzen saiatzen gara, lurralde plangintza, osasuna eta gizarte kohesioa bezalako esparruetan erabakiak hartzeko epe labur, ertain eta luzera”. Hori dela eta, bere ustez, “DestinE-k hainbat agertoki simulatzeko eskaintzen digun aukerak estres termikoaren aurrean egokitzeko neurriak modu eraginkorragoan hedatzea ahalbidetuko du, eta, horrela, euskal biztanleentzat etorkizun hobea lortzen lagunduko du”.

Finlandian ospatutako abiarazte-jardunaldian Margrethe Vestager Europako Batzordeko lehen presidenteordea izan zen, “Destination Earth” ezartzeko ardura duten erakundeetako ordezkari politikoekin eta kideekin batera: Europako Espazio Agentzia (ESA), Satelite Meteorologikoak Ustiatzeko Europako Erakundea (EUMETSAT) eta Epe Ertainerako Aurreikuspen Meteorologikoen Europako Zentroa (ECMWF).




Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko azaroaren 2a
  • ESG
Euskadiko ETE Zirkularreko 14 bitarteko eragilek bat egin dute BasquESGrekin, jasangarritasuna euskal ETEei hurbiltzeko
2026ko urriaren 29a
  • Herritarren ekintza
ASTEKLIMA 2026 programak 130 jarduera mobilizatu ditu Euskadin, klima-ekintza eta trantsizio energetikoa sustatzeko
2026ko urriaren 29a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat argitaratu da, toki erakundeek Euskadin garapen jasangarriko ekintzak bultza ditzaten
2026ko urriaren 26a
  • ESG
Eusko Jaurlaritzak BasquESG ekimena aurkeztu du Catalunya Circular III. Kongresuan