Skip to main content
2026ko otsailaren 17a
  • Lurzorua babeste

Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du

Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du

Topaketa honek Europako ingurumen-agentzien ordezkariak bildu ditu, lurzoruaren babesarekin hartutako konpromiso bateratua berretsiz. 2018an eratua, SOILveR plataforma Frantziako, Valoniako, Herbehereetako, Suediako eta Euskadiko ingurumen-agentziez osatuta dago gaur egun, eta helburu bikoitza lortu nahi du: alde batetik, ezagutza sortzea ikerketa-agenda komun baten inguruan; eta, bestetik, lurzoruaren eta lurraldearen erabilera eta kudeaketa jasangarriari buruzko ezagutza konpartitzea.

SOILveR-en integratu zenez geroztik, 2024ko ekainean, Ihobe sozietate publikoak aktiboki lan egin du interes komuneko proiektuen koordinazioan, eta baita lurzoruaren kudeaketari buruzko erabakiak hartzerakoan aplika daitekeen ezagutzaren hedapenean ere.

Urteko bilera Euskadik hartu zuen, Ihoberen egoitzan, eta honako parte-hartzaile hauek izan zituen: Esther Goidts eta Marta Popova, Valoniatik; Margot de Clen eta Ingrid van Reijsen, Herbeheretatik; Yvonne Ohlson, Suediatik; Cecile Grand, Frantziatik; eta Zuriñe Maestre eta Ana Alzola, Ihobetik. Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto arduratu zen taldeari ongietorria egiteaz eta Eusko Jaurlaritzak ekimenean aktiboki parte hartzeko duen interesa konpartitzeaz.

Ihobek SOILver-en parte-hartzeak errazten dio nazioarteko lankidetzazko proiektu ekoberritzaileetan integratzea, eta indartu egiten du Euskadiko lurzorua babesteko 2030rako Estrategia

Bileraren ardatza izan zen plataformaren 2025eko Ekintza Plana diseinatzea, interes komuneko giak eta lankidetzarako mekanismoak identifikatzeko, proiektuen kofinantziaziotik harago. Lurzoruaren osasuna erabakiak hartzeko prozesuetan eskala desberdinetan integratzera zuzendutako webinarrekin jarraitzeaz eta EXPOSED! (gizakien kutsagarriekiko esposizioa meatzaritza-eremuetatik gertu) Proiektuan parte hartzen jarraitzeaz gain, bileran erabaki zen gai jakin batzuk jorratzen hastea, hala nola mikroplastikoen eta konposatu per eta polifluoroalkilatuen (PFAS) inpaktua eta ekosistemen balioa espazioaren plangintzan txertatzea.

Bilera hau Euskadin egiteak azpimarratzen du Ihobek gai honetan hartuta duen konpromisoa, hots, lurzoruaren eta lurraldearen kudeaketa eta babesean inplikatutako eragile guztiekin koordinatutako lanarekin hartuta duen konpromisoa. Ihobek SOILver-en parte-hartzeak errazten dio nazioarteko lankidetzazko proiektu ekoberritzaileetan integratzea, eta indartu egiten du Euskadiko lurzorua babesteko 2030rako Estrategia.

SOILveR-i buruz

2018an eratu zenez geroztik, autofinantzatutako europar plataforma horrek zenbait eragile integratu ditu bere zuzendaritza-batzordean; gaur egun, honako eragile hauek dira beraren partaideak: ADEME-Trantsizio ekologikoaren agentzia (Frantzia), SPAQUE-Lurzoru kutsatuak kudeatzeko agentzia (Valonia, Belgika), SPW-Wallonie Service Public (Valonia, Belgika), Azpiegituren eta Uraren Kudeaketaren Ministerioa (Herbehereak), Swedish Geotechnical Institute (Suedia) eta, 2024az geroztik, Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.

SOILveR-ek zenbait ekintza garatzen ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: interes komuneko proiektuak finantzatzeko deialdi bateratuak egitea; adituz osatutako lantaldeak gidatzea; helburuak konpartitzen dituzten beste eragile, plataforma eta sare batzuekin lankidetzan aritzea; eta barne-hausnarketarako espazioak sortzea.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 25a
  • Lurzorua babeste
Ihobek Euskadiko Lurzoruaren I. Foro Soziala egin du, eta hainbat sektore ekonomikotako 50 bat espezialistak parte hartu dute
2025eko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
2024ko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko
2024ko urriaren 2a
  • Lurzorua babeste
Ihobe lurzoruen kudeaketa jasangarriko ezagutzaren SOILveR Europako plataforman sartu da