2026ko azaroaren 21a
Urban Klima 2050ek bertan parte hartzen duten udalerrietan ekintza klimatikoaren arloan egindako aurrerapenei eta planifikatutako lanei buruzko bideo-bilduma egin du
Tokiko proiektu pilotuak EAEko zazpi udalerritan garatzen ari dira
Ikus-entzunezko piezek Bakion, Bermeon, Bilbon, Donostian, Gernika-Lumon, Gasteizen eta Zarautzen berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko eta udalerri bakoitzeko klima-arrisku zehatzei aurre egiteko ekintzak aztertzen dituzte. Udalerriek horrela, 2050erako klima-erresilientzia sustatzen dute.Zazpi kasu pilotuetako bakoitza hiru piezatan erakusten da. Alde batetik, bideo teknikoek herri bakoitzaren berezitasunak eta hasierako eskakizunak adierazten dituzte, eta zehatz-mehatz deskribatzen dituzte aukeratutako ekintza klimatikoak. Teknikarientzat badira ere, interesa duten herritarrentzako informazio-iturri zehatza ere badira.
Bigarren bideo-motak aurrekoak baino iraupen laburragoa du, eta modu ikusgarriagoan erakusten ditu ekintzak. Horretarako, bideo hauek pop up liburuetan oinarritzen dira, eta udalerri bakoitzak 2050ean, ekintzak ezarri ondoren, izango duen itxura erakusten dute. Bideo arinak eta atseginak izateagatik, kasu honetan, egokiagoak dira herritar guztientzako, ikasleentzako eta abarrentzako.
Ikus-entzunezko bilduma hori Dubaiko COP 28 egiten denean erakutsiko da
Udalerri bakoitzak, gainera, hirugarren bideo-mota bat du; horretan, trailer gisa, aurreko bi bideoen edukiaren aurrerapena ematen da. Aurrerapen horiek, bestalde, COP 28ren aurkezpenean argitaratuko dira.Bideoetan laburtzen diren zazpi udalerri kidek planifikatutako jarduerak
Bakioko proiektuaren helburua uholdeetatik babestea eta Estepona ibaiaren ingurumena hobetzea da. Horretarako, ibilguaren ondoan padura bat eta urez bete daitekeen baso bat sortuko dira, ur-goraldiek hirigunea kaltetzeko arriskua murrizteko.
Bermeo, bestalde, Tonpoiko natur gunea berreskuratzeko lan egiten ari da. Bertan, klima-aldaketara egokitutako irizpideen arabera, erabilera publikorako hiri-inguruko azpiegitura berdea garatzen ari dira.
Bilbok aurrera egin du Zorrotza Puntaren hirigintza-garapenean; klima-aldaketaren eta egokitzapenaren ikuspegia Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPN) sartu du.
Donostiak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko zenbait ekintza jarri ditu martxan, mugikortasunean, lurraldean, energian eta ekonomia zirkularrean besteak beste. Horien artean, nabarmentzekoak dira Artikutzako presa edo Errekatxuloko errekaren ingurua birnaturalizatzea eta udal-bulegoetan autokontsumorako eguzki-panel fotovoltaikoak jartzea.
Gernikan, Bekoibarrako bidea eraiki dute. Horrek, klima-aldaketara egokitzeko irizpideen bitartez, hiri-konektibitatea hobetuko du, uholdeen aurrean erresilientzia handiagoa bermatuko du, eta, aldi berean, kutsatzaileak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Oka ibaira arrastatzea saihestuko du.
Vitoria-Gasteiz aurrera doa Basaldea-Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Zentroa ekimenarekin, nekazaritza ekologikoa sustatzeko. Gainera, eskolako patioak naturalizatzeko, udalerriko zuhaiztiak hobetzeko eta Alde Zaharra berritzeko Konponbide Naturalak erabiltzen ari da.
Azkenik, Zarautzek eraztun berde urdinarekin jarraitzen du, udalerria klima-aldaketara egokitzeko. Bestalde, kostaldeko hiri-frontea egokitzeko alternatibak aztertzen ari da.
LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua
EAEko ekintza klimatikoko proiekturik garrantzitsuenak euskal lurraldea eraldatuko du. Horretarako, klima aldaketara egokitzeko eta ondorioak murrizteko 40 ekintza koordinatuko ditu 2019 2025 aldian. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoak zuzentzen du proiektua, eta hogei erakunderekin batera egiten du lan. Horri esker, KLIMA 2050 Klima aldaketaren Euskadiko estrategia zabaldu ahal izango da.
Iturria:Ihobe