Skip to main content
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua

Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute

Curso Ecodiseño

Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren ondorioz “Ecodiseño de productos para una economía circular - Produktuen ekodiseinua ekonomia zirkular baterako" izeneko prestakuntza-ikastaro berria sortu da. Ikastaro hau enpresa-erabakiak hartzean eta produktuak eta zerbitzuak garatzean ingurumen-irizpideak integratu nahi dituzten profesionalentzat antolatzen da.

Ekimenak, Europako arau-esparrua indartzeak eta industriaren lehiakortasuna ikuspegi jasangarri batetik hobetzeko beharrak markatzen duen egoera batean, ekonomia zirkular baterako trantsizioak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko gai diren profil kualifikatuen eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio.

Ikastaroan ekodiseinuaren oinarriei, bizi-zikloaren pentsamenduari eta produktu eta zerbitzuen ingurumen-jarduna hobetzeko tresna nagusiei buruzko sarrera praktiko eta eguneratua eskaintzen da. Prestakuntza-programak, besteak beste, ekonomia zirkularraren printzipioak eta Europako arau-esparruaren bilakaera jorratzen ditu —arreta berariaz Produktu Jasangarrietarako Ekodiseinuaren Erregelamenduan (ESPR) eta Produktuaren Pasaporte Digitalean jarrita—; era berean, eta kasu errealetan oinarrituta, ekodiseinuko metodologiak, bizi-zikloaren analisia, serbitizazio-ereduak eta,  OpenLCA tresnaren bidez, ingurumen-aztarnen kalkulua aztertuko dira. 

Prestakuntzak Europar Batasunaren finantzaketa du, 2 ECTS kredituko iraupena du, Europar Batasun osoan aitortuak, eta, amaieran, ekodiseinuan eta ekonomia zirkularrean egiaztapen ofiziala lortzeko aukera ematen du. 

Ikastaroa 2026ko maiatzaren 5etik 28ra egingo da EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan (I. eraikina), online lanarekin konbinatuko diren aurrez aurreko saioekin. Klaseak astearte eta ostegunetan izango dira, 9:00etatik 11:00etara, eta diruz lagundutako prezioa 72,68 eurokoa izango da, gehi EHUtik kanpoko pertsonek ordaindu beharko duten 4 euroko asegurua.

Zer dira mikrokredentzialak? 

Unibertsitateko mikrokredentzialak etengabeko prestakuntza sustatzeko EHUren prestakuntza-eredu berritzailea dira. Prestakuntza eguneratua eta espezializatua da. EHUko irakasleen zuzendaritza akademikoaren pean garatzen da eta iraupen laburrekoa da, lan- eta gizarte-inguruneko beharrak asetzera bideratuta dago eta diruz lagundutako eta Europako esparruan egiaztatutako prestakuntza da. Prestakuntza-mota hau jardunean dauden profesionalei eta beren curriculuma eta gaitasunak hobetu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, eta prestakuntza-ibilbide pertsonalizatua sortzeko aukera ematen diete. 

Prestakuntza berri honetan interesa duten pertsonek programa kontsultatu eta matrikula formalizatu ahal izango dute unibertsitatearen prestakuntza-webgunearen bidez: Ecodiseño de productos para una economía circular | EHU Prest.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker
2025eko ekainaren 20a
  • Ekodiseinua
Basque Ecodesign Centerrek Lurra Bizkaia Saria jaso du klima aldaketaren kategorian
2025eko martxoaren 13a
  • Ekodiseinua
Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera
2025eko otsailaren 24a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Basque Circular Summit 2025 ekonomia zirkularrari buruzko Europa hegoaldeko kongresu handienak ospe handiko hizlariak baieztatu ditu ia edukiera osoarekin