- Ekodiseinua
Basque Ecodesign Centerrek Lurra Bizkaia Saria jaso du klima aldaketaren kategorian
Basque Ecodesign Center Ihobe – Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak sustatutako ekimena da, eta 2025eko Lurra Bizkaia Saria jaso du klima aldaketaren kategorian.
Saria emateko ekitaldia ekainaren 18an egin zen Bilboko Campos Eliseos Antzokian, Bizkaiko ingurumenaren eta enpresaren sektoreko eragile nagusiak bildu zituen zeremonia batean.
Alex Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak jaso zuen saria Basque Ecodesign Centerren izenean, eta nabarmendu zuen lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia Euskadin trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Basque Ecodesign Center erreferentea da ekodiseinua eta ekonomia zirkularra sustatzean, eta prozesuetan, produktuetan eta zerbitzuetan ingurumen-irizpideak integratzearekin konpromisoa hartuta duten hogei enpresa lider eta entitate biltzen ditu (Arcelor Mittal, Arteche, Batz Group, CAF, Grupo Campezo, CIE Automotive, EDP, Eroski, Iberdrola, Kutxabank, Laboral Kutxa, Ormazabal, Orona, Siemens Gamesa Renewable Energy, Uvesco, Vicinay Sestao, Viuda de Sainz, ITP Aero, Petronor eta Bilboko Portua) ekimenaren sustatzaileak diren IHOBEk eta Sprik lagunduta.
Sortu zenetik, proiektu aitzindariak eta tresna berritzaileak garatu ditu euskal enpresei ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoetarantz aurrera egiten laguntzeko, hala nola Climate Circularity Calculator, organizazioen, produktuen eta zerbitzuen ingurumen-jarduna modu sinplifikatuan ebaluatzeko doako tresna informatikoa, bizi-zikloaren ikuspegi integrala duena, eta, erregistroaren arabera, 351 euskal erakundek erabiltzen dute.
Aitorpen horrek Basque Ecodesign Centerrek Euskadiko ingurumen-berrikuntzaren eta deskarbonizazioaren eragile gisa egin duen ibilbidea balioesten du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko klima-helburuak eta ekonomia zirkularreko erreferentziazko poloetako bat lortzeko egin duen ekarpena ere.
Lurra Bizkaia Sariak
Lurra Bizkaia Sariak Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eta Deia egunkariak sustatutako ekimena da, eta Bizkaian eta euskal ingurunean ingurumenari, jasangarritasunari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren pertsonen, entitateen, enpresen eta proiektuen lana aitortzea eta agerian jartzea du helburu.
Sari horiek jasangarritasunaren esparruko erreferentzia gisa finkatu dira, eta gizartea inspiratzen duten eta lurraldean trantsizio ekologikoa sustatzen duten ekimen eredugarriak saritzen dituzte urtero.
Lurra Sarien laugarren edizioak Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Uraren eta Ingurumenaren Ingeniaritza Institutuaren lana (Zientzia Saria), Urduñako Udalarena (Agenda 21 saria), Talantia-Teknimap-ena (Biodegradagarria saria), Aclimarena (Gizarte Lana) eta Ibon Aresorena (Ura) ere saritu ditu.
Iturria:Ihobe