Skip to main content
2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua

Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker

Ekodiseinatuz

Ihobek kudeatzen duen Basque Circular Hub ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak Ekodiseinatuz programaren beste edizio bat abiarazi du.Ekimen hori Euskadiko enpresei zuzentzen zaie, eta ekodiseinuko eta jasangarritasuneko proiektuak ditu helburu, sozietate publikoak arlo horretan prestatutako unibertsitate-gazteekin elkarlanean.

Ekodiseinatuz programari esker, erakundeek aukera ematen dute ekonomia zirkularrean trebatutako talentu gaztea sartzeko, ingurumen-inpaktu positiboa duten proiektuak garatzeko eta berrikuntza jasangarriarekin duten konpromisoa indartzeko.

2022an abian jarri zenez geroztik, programak produktuko edo zerbitzuko ekimenetan egin ditu ahaleginak. Berritasun gisa, 2025ean enpresek erakundearen ikuspegitik garatu ahal izango dituzte ekimenak, hala nola karbono-aztarna, ingurumen-aztarna edo jasangarritasun-txostenetarako laguntza.

Parte hartzen duten enpresek zenbait arlotan trebatutako gazteekin lan egin ahal izango dute, hala nola bizi-zikloaren analisian (BZA), ingurumen-metriken kalkuluan, ekodiseinu zirkularrean, produktuaren ingurumen-adierazpenen (PIA) elaborazioan edo ingurumen-etiketetan trebatutakoekin. 

Praktiketan diharduten unibertsitateko azken mailako ikasleek 50 orduko prestakuntza espezifikoa jasoko dute, Ihoberen eskutik. Praktikaldiak irauten dituen bost hilabeteetan, aholkularitza tekniko espezializatua izango dute. Enpresaren instalazioetan egingo diren praktika presentzialak izango dira, baina telelanerako baldintza bereziak ere adostu ahal izango dira, baldin eta bi aldeak ados badaude.

Praktikaldia

Praktikei 2026ko urtarrilean emango zaie hasiera, enpresarekin adostu beharreko egun batean, eta bost hilabeteko iraupena izango dute. Hala ere, bi aldeak ados badaude, praktikaldia hezkuntza-lankidetzako modalitatean luzatu ahal izango da, ikasleen jatorrizko unibertsitateek ezarritako esparruetan.

Ihobek finantzatuko ditu jasangarritasunaren arloko prestakuntza espezifikoa zein proiektuen tutoretza.

Parte hartzen duten enpresek bere gain hartu beharko dute bekaren hileko zuzkidura, 550 € eta 1.110 € bitartekoa —dedikazioaren eta jatorrizko unibertsitatearen arabera—. Horrez gain, bekadunei Gizarte Segurantzan alta eman beharko diete, praktikaldiko egun bakoitzeko 0,41 €-ko kostuarekin.

Inskripzioak

Parte hartzeko interesa duten enpresek 2025eko abenduaren 10era arte erregistratu ahal izango dute beren interesa, Izena emateko orria formularioaren bidez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu oinarriak Basque Circular Hub erakundearen webgunean edo jarri harremanetan Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroarekin basquecircularhub@ihobe.eus helbidearen bitartez.

Beste edizioetan garatutako proiektuei buruzko informazio gehiago: Basque Circular Hub – Garatutako proiektuen zerrenda


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko abuztuaren 29a
  • Ekonomia zirkularra
Basque Circular Hub-ek Basque Green Talent programaren hirugarren deialdian izena emateko epea ireki du
2025eko abuztuaren 26a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Euskadiko enpresentzat Ekonomia Zirkularrari buruz antolatutako ikastaroen egutegia argitaratu du
2025eko uztailaren 17a
  • Ekonomia zirkularra
Metal78 enpresa, Zumarragako Arcelorreko eremua berreskuratzeko aurrerapausoaren adibide
2025eko uztailaren 9a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek jardunaldi tekniko bat antolatu du berriztagarrietarako ekipo ondasunen Ekonomia Zirkularraren ESEPEari buruz