Skip to main content
2026ko urriaren 4a

Euskadi Adaptation Futures 2023n, klima-aldaketara egokitzeko munduko konferentziarik garrantzitsuenean

Euskadi Adaptation Futures 2023n, klima-aldaketara egokitzeko munduko konferentziarik garrantzitsuenean

Adaptation Futures 2023 Munduko Konferentziaren zazpigarren edizioa urriaren 2tik 6ra egingo da Montrealen (Kanada) eta klima-aldaketaren eta Planeta osoaren egokitzapenaren arloko 1.500 espezialista baino gehiago izango dira bertan

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek naturan oinarritutako soluzioen errendimendua neurtzeko saioan parte hartu du. Bertan, klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko euskal udalerrietan 60 egokitzapen-proiektu baino gehiago abian jartzea ahalbidetu duten plangintza- eta finantzaketa-tresnak aurkeztu ditu. Uriartek hiru proiektu nabarmendu ditu. Lehenik, Oñatiko udalerriko (12.000 biztanle) ikastetxe baten birgaitze integrala, hainbat soluzio natural barne hartu dituena, tartean komun konbentzionalen ordez komun lehorrak jartzea; urak arazteko fluxu horizontaleko bi putzu eraikitzea; eta kanpoko isolamendu termikoko sistema konposatuak (ETICS) instalatzea, lastoarekin fatxada nagusian eta estalki berde batekin.

Bigarrenik, 23.500 m2-ko ibai-ingurunea birnaturalizatu dela nabarmendu du, Errenterian (40.000 biztanle). Ingurune hori 6 errepideren azpian dago, natura-balio handiko ingurunean, eta espezie enblematikoak ditu, besteak beste izokin atlantikoa eta saguzar espezie batzuk. Proiektuan hainbat irtenbide natural konbinatu dira, besteren artean landaredia eta zuhaitzak sartzea, beroari aurre egiteko, eta ibaiertzak leheneratu dira drainatze-zangen eta zuntz organikoko manten sistema batekin, muturreko euriteak gertatzean uholdeak saihesteko.

Azkenik, kostaldeko Bakio udalerrian (2.500 biztanle) jarri da arreta. Bertan, ibai bat garbitu eta birnaturalizatu da padura bat eta urak har dezakeen ibai-parke bat sortzeko.

Euskadi eta komunitate kalteberak


Eusko Jaurlaritzak bere esperientzia aurkeztuko du naturan oinarritutako soluzioak udalerrietan aplikatzen eta klima-aldaketaren politika publikoetan generoa txertatzen

Gainera, Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualde Gobernuen sareak (Regions4) antolatutako saioan, komunitate kalteberenen ezagutza plangintzan eta egokitzapenerako ekintzen diseinuan txertatzeari buruzkoan, Ihobe sozietate publikoaren nazioarteko harremanen arloko teknikari Dafne Mazok klima-aldaketari eta generoari buruzko txostena aurkeztu du. Erakunde honek argitaratu berri du txostena, Emakunderekin lankidetzan, eta bertan ekintza klimatikoaren kausak, ondorioak, lidergoa eta parte-hartzea aztertzen dira genero-ikuspegitik.



Ikerketa horren arabera, gizonek eta emakumeek modu desberdinean laguntzen diote klima-aldaketari, arau sozialek eta genero-rolek baldintzatuta; izan ere, desberdintasun handiak antzematen dira batzuen eta besteen bizi-ohituretan, kontsumo-ohituretan eta planetarekin eta planetako baliabideekin ezartzen dituzten harremanetan eta planetaz duten ikusmoldean. Ihoberen webgunean eskuragarri dagoen txosten honek 4 erronka handi planteatzen ditu, funtsezko hogei bat ekintzatan hedatuak, ekintza klimatikoan genero-ikuspegia eta lurraldeko trantsizio energetikoa ziurtatzeko.

Erronkak zehazteko, lehenik eta behin, genero-ikuspegia eta ikuspegi ekofeminista txertatu behar dira klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko hausnarketa- eta erabaki-guneetan. Bigarrenik, pertsonak interes ekonomikoak baino lehen erdigunean jarriko dituzten eredu sozial eta ekonomiko jasangarriagoen aldeko apustua egiteko beharra nabarmentzen da. Hirugarren erronka klima-aldaketara egokitzeko neurrietan genero-ikuspegia txertatzeko beharrari erantzutea da. Laugarren eta azken erronkaren helburua da nabarmentzea beharrezkoa dela bai klimak eta trantsizio energetikoak, bai generoak eta horien konbinazioak administrazioan zeharka irautea, eremu sozioekonomiko gehienetan duten garrantzia eta eragina dela eta.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko ekainaren 5a
  • Klima aldaketa
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxea Urdaibaik klima-aldaketak lurraldean dituen kausak eta ondorioak ulertzeko erakusketa iraunkor berria inauguratzen du
2026ko ekainaren 5a
  • Herritarren ekintza
Ihobek herritarrengana hurbilduko du jasangarritasuna, Bioterra 2026 azokan, klima aldaketari buruzko ihes joko batekin