Skip to main content
2026ko irailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra

Euskadik Basque Zirkular Metals proiektua bultzatu du, Europako altzairugintzaren industria zirkular berrian buru izateko xedearekin

Metals

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu, Mikel Jauregik, Basque Zirkular Metals aurkeztu du gaur, Euskadi 2030 Industria Planaren lidergo publikoko proiektu eraldatzaileetako bat, Euskadi altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularrean Europako erreferentziazko eskualdeen artean kokatzeko.

Basque Zirkular Metals Euskadi 2030 Industria Planeko lidergo publikoko proiektu eraldatzaileetako bat da, baita metalaren euskal industriaren lehiakortasuna indartzeko apustu estrategikoa ere

Proiektuak 25 milioi euro inguru mobilizatzea espero du, eta 11 lider industrial eta 5 kluster industrial eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak bilduko ditu, euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren sei sektore hauen lehiakortasuna, autonomia estrategikoa eta deskarbonizazioa indartuko dituzten irtenbideak bultzatzeko: siderurgia, automobilgintza, mugikortasun jasangarria, energia eolikoa, fabrikazio aurreratua eta eraikuntza. Proiektuan honako hauek parte hartuko dute: ArcelorMittal Sestao, Sidenor, Grupo Tubacex, Gescrap, CAF, Gestamp, Gamesa Gearbox, Haizea Wind Group, Viuda de Sainz, Etxetar eta FMD Carbide, BRTA, EHU, TKNIKArekin batera; eta Siderex, AFM, Buid:INN, Acicae eta Aclima klusterrak.

Jauregik nabarmendu du Basque Zirkular Metals proiektua Euskadik Europako industriaren erronka nagusietako bati ematen dion erantzuna dela: altzairuaren balio-kate lehiakor, berritzaile, karbono urriko bat bermatzea.

Basque Zirkular Metals herri-apustu estrategiko bat da, Euskadi Europan metalaren eraldaketa zirkularraren buru izan dadin. Helburua da industria-lehiakortasuna indartzea, material estrategikoetarako sarbidea ziurtatzea eta berrikuntzarako, inbertsiorako eta kalitatezko enplegurako aukera berriak sortzea. "Europako etorkizun industriala eskuragarri dauden materialak hobeto aprobetxatzeko duen gaitasunaren mende egongo da gero eta gehiago. Proiektu Eraldatzaile honen bidez, Euskadi altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularrean lider diren Europako eskualdeen artean kokatu nahi dugu. Gure industriaren lehiakortasuna hobetu eta deskarbonizazioa bultzatzen duen zirkulartasun proiektua ", adierazi du Mikel Jauregi sailburuak.

Proiektuaren asmoa da herrialdea altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularrean lider diren Europako eskualdeen artean kokatzea. Euskal industriaren autonomia estrategikoa, funtsezko materialetarako sarbidea eta berritzeko ahalmena indartzen ditu

Altzairua eta metalak Euskadiko eredu industrialaren gune historikoaren parte dira, eta pisu erabakigarria dute haren jarduera ekonomikoan.Industriako balio erantsi gordinaren % 49 dira, eta 110.000 enplegu baino gehiago biltzen dituzte Euskadin.Gainera, urteko metal-kontsumoa 10 milioi tonara iristen da, eta euskal ekonomiak erabilitako materialen karbono-aztarnaren % 63 da. 

Basque Zirkular Metals proiektuak metalaren eta altzairuaren autonomia estrategikoan aurrera egiteko erronkari erantzuten dio. Ideia nagusi batetik abiatzen da: dauden materialak hobeto aprobetxatzeko beharra, bigarren mailako lehengaien eskuragarritasuna handitzea eta kalitatezko txatarrerako sarbidea hobetzea.Lehengaien horniduran Europarekiko mendekotasuna murrizten eta balio erantsi handiagoko produktuak sortzen lagunduko du. 

Lidergo publikoko proiektu eraldatzaile berri hau Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Industria Planean hitzeman zituen 25 proiektuetatik hamaseigarrena da. 16 horietatik, seik lidergo pribatua dute, eta hamarrek sektore publikoa dute buru.

Proiektuaren gakoak

Proiektuak, hasiera batean, Euskadirentzat garrantzitsuak diren sei industria-sektoretan bilduko ditu bere jarduketak: siderurgia, automobilgintza, mugikortasun jasangarria, energia eolikoa, fabrikazio aurreratua eta eraikuntza. Sektore horiek altzairuaren eta beste metal batzuen eskuragarritasunaren, kalitatearen eta prezioaren mende daudenez, etorkizuneko lehiakortasuna estuki lotuta dago Euskadik soluzio zirkularrak garatzeko eta Europako merkatuaren eraldaketari aurrea hartzeko duen ahalmenarekin.

Ekimenak 25 milioi euro inguru mobilizatzea espero du, eta 11 lider industrial, 5 kluster industrial eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak inplikatuko ditu, metal zirkularrago eta lehiakorrago bateranzko trantsizioa bizkortzeko

Basque Zirkular Metals proiektua industriari entzuteko eta harekin lankidetzan aritzeko prozesu batetik abiatzen da. 2026ko lehen seihilekoan, Eusko Jaurlaritzak aldebiko 50 bilera baino gehiago egin zituen industriekin eta kluster industrialekin. Kontraste horrek bidea eman du proiektuaren lehentasun gisa identifikatzeko kalitatezko txatarra eskuratzea, hobekuntza teknologikoa, materialen trazabilitatea, ekodiseinua, negozio-eredu berriak eta erregulazioaren arloan aurrea hartzea, besteak beste. Horrek guztiak EBk bultzatzen duen "Made in Europe" ereduan aurrera egiten lagunduko du.

Proiektuaren hedapenean aurreikusita daude industria liderrak gidatutako eta euskal ETEen lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektu erakusleak.Proiektuaren lehen mugarri nagusia izango da altzairuaren, aluminioaren eta Europak ezarritako Produktuaren Pasaporte Digitalaren eskakizun berriari lotutako metalezko beste produktu batzuen trazabilitate digitala bultzatzea.

Hasieratik, proiektuak industriei jakiten lagunduko die nondik datozen erabiltzen dituzten materialak eta zer ibilbide egiten duten produktu berri bihurtu arte. Era berean, bultzatu egingo du produktuak denbora gehiago irauteko, konpontzeko errazagoak izateko eta emisio eta hondakin gutxiago sortzeko diseina daitezen. Gainera, ekimenak abian jarriko dira produktuak eta materialak bota beharrean berrerabiltzeko eta, ahal denean, bigarren bizitza bat emateko.

Proiektuak, halaber, sektore desberdinetako industriek elkarrekin lan egitea sustatuko du, materialak birziklatzen dituzten industrietatik hasi eta haiek eraldatzen dituzten edo produktu berriak fabrikatzeko erabiltzen dituzten industrietaraino. Azkenik, industriei eta profesionalei prestakuntza emango zaie Europako erregulazio berriaren aurrean prest egon daitezen.

Proiektuaren helburua da Euskadi altzairuaren eta metalen eraldaketa zirkularrean lider diren Europako eskualdeen artean kokatzea, Lombardia (Italia), Flandes (Belgika), Grand Est (Frantzia), Ipar Renania - Westfalia (Alemania) eta Suediako erdialdeko eskualdearekin batera.

Industria Planeko proiektu eraldatzaileak

Euskadi 2030 Industria Planak lidergo publiko zein pribatuko 23 proiektu eraldatzaile jasotzen zituen. Horiei lidergo pribatuko 2 proiektu eraldatzaile berri gehitu zaizkie; hots: "Zero Emissions Marine Boat" eta "Nanomedikuntzarako hidrogel adimendunak".

Proiektu eraldatzailearen helburua da balio erantsi handiagoko eta karbono urriko produktu metalikoetarantz aurrera egitea, lehengaiekiko kanpoko mendekotasuna murriztea eta Europako zirkulartasun- eta deskarbonizazio-exijentzia berriak aurreratzea

Industria Plana plan dinamikoa da, eta horren gainean garatzen dira proiektu eraldatzaileak. Hortaz, industria-premiak aldatu ahala proiektu berriak sartzen jarraitzea aurreikusten da.

Guztira, egungo 25 proiektu eraldatzaileetatik 16 abiarazi dira dagoeneko: horietako 10 sektore publikoak gidatuta eta 6 sektore pribatuak gidatuta.

Hauek dira sektore publikoak gidatutako proiektuak: ESG Euskadi (BasquESG); Euskadi: Climate Change adaptation living lab; Euskal sare elektrikoen plangintza (potentzia % 40 baino gehiago handitzea); Euskadi SpaceLab (ESA BIC); Energia Berriztagarrien Garapena; Administrazio-prozesuak hobetzea (autobide erregulatzailea); Lurzoru eta azpiegituren erreserba estrategikoa; Scale Up funtsa; Euskorpus; eta gaur aurkeztutako "Basque Zirkular Metals" proiektua.

Hauek dira sektore pribatuak gidatutako sei proiektuak: "Abiazio iraunkor eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak Euskadin"; "ROBOOST"; "Hidrogel adimendunak nanomedikuntza pertsonalizaturako"; "Erregai berriztagarrien huba"; "Grid4Industry"; eta "Zero Emissions Marine Boat".

Sei Proiektu Eraldatzaile horiek 679 milioi euro baino gehiagoko hasierako inbertsioa dakarte, eta horietatik 368 milioi I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira. Sei proiektuen artean kalitatezko 3.800 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-sareko beste 159 enpresa trakzionatuko dituzte —gehienak ETEak—, Herrialdeko teknologia-zentroen laguntzarekin.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko irailaren 1a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek deskarbonizazio-proiektuak eta trantsizio-arriskuen kudeaketa bultzatuko ditu profesional gazteak euskal ETEetan sartuz, Murriztearren 2026 programari esker
2026ko abuztuaren 21a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programaren 2026ko deialdia zabaldu du jardunean dauden profesionalentzat
2026ko uztailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
EFRAGek Ihoberen Climate & Circularity Calculator tresna sartu du tresna digitalen mapatzeari buruzko txostenaren bigarren edizioan
2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek