Skip to main content
2026ko irailaren 9a
  • Ingurumen-plangintza

Irantzu Sádaba (EIA): “Europak adimen artifiziala eta digitalizazioa bideratu behar ditu bere trantsizio berdea babesteko”

Irailaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, Eustatekin batera, antolatutako Ingurumena Neurtzeko Tailerraren bigarren edizioa egin da, EHU – UIK Uda Ikastaroen esparruan. Oraingoan, ‘Ingurumena babesteko eta ebaluatzeko AA’ izenburupean, teknologia horren erronkei eta aukerei heldu die, ingurunea analizatu, adierazleen neurketa hobetu eta trantsizio jasangarrirantz aurrera egin ahal izateko.  

 Ingurumenak eboluzionatu egiten du urteekin eta, horrekin batera, hura ebaluatzeko erabili behar diren alderdiak eta adierazleak. Bigarren urtez, tailerra erreferentziazko gune bihurtu da arlo honetako ezagutza eta tresnak partekatzeko. Idoia Otaegui Aizpurua EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko zuzendari akademikoak, Leire Garmendia Arrieta EHUko idazkari nagusiak eta Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak ireki dute tailerra.   

Europako Ingurumen Agentziako adituak parte hartu du Ihobek eta Eustatek EHUren Uda Ikastaroen programazioaren barruan antolatutako Ingurumena Neurtzeko Tailerraren bigarren edizioan (‘Ingurumena babesteko eta ebaluatzeko AA’) 

Premisa horrek zentratu du jardunaldiaren zati bat. Botok nabarmendu du, halaber, AA elikatzen duen informazioan dagoela ingurumenerako duen potentziala: “Datu fidagarrietan eta ezagutzan oinarritutako erabakiak hartzen lagundu diezaguke, baina potentzial hori baliatzeko lankidetza behar dugu, administrazioek datuak sortzea eta partekatzea, enpresek teknologia ematea eta gero eta herritar prestatuagoak izatea”. Jardunaldiak eragileen eta berrikuntzaren arteko lankidetzaren beharra indartzeko balio izan du.  

Bigarren edizio honetan, Irantzu Sádaba Zubiri Europako Ingurumen Agentziako (EIA) Eraldaketa Digitaleko eta Teknologia Zerbitzuetako Unitateko buruak parte hartu du, eta ingurumenaren zerbitzura jartzen denean AAk dituen erronka eta aukerei heldu die. Halaber, energiaren edo uraren kontsumoan, CO2-emisioetan, ekipoetarako behar diren materialetan… duen inpaktua gogorarazi du. “Agentziatik balantza orekatzen saiatzen ari gara: AAk trantsizio jasangarria sustatzeko elementu ugari ematen ditu, kontsumitzen dituen baliabideengatik errebote-efektua izan dezakeen arren. Haiek bistaratu egin behar ditugu, alderdi horiek guztiak erregulatuko dituzten politikak sortzeko”.  

AAk ingurumenean eta kliman duen potentzial gisa nabarmentzen diren erabileren artean, Sádabak zenbait nabarmendu ditu, hala nola karbono-emisioak detektatzea, berriztagarrien kontsumoa eta energiaren biltegiratzea optimizatzea, garraio- eta mugikortasun-sektorearen ibilbideak optimizatzea, natura eta biodibertsitatea monitorizatzea (datuen eta satelite-irudien kopuru handiekin), materialen zirkulartasuna hobetzea (produktuen pasaportea monitorizatuta), droneak eta doitasunezko nekazaritzarako beste teknologia batzuk erabiltzea, hiriak optimizatzeko biki digitalak erabiltzea...  

Ihobeko zuzendari nagusiak, Alexander Boto Bastegietak, aurkezpenean nabarmendu duenez, «AA tresna oso ona da, apustu estrategikoa, baina ez du ezagutza, pertsonak edo kalitatezko datuak ordezkatzen».

Ondoren, hiru adituk hartu dute parte arlo desberdinak jorratu dituen mahai-inguruan: Belen Muñiz Villanueva Eustateko zuzendaria, Marc Vilahur Marc Vilahur Chiaraviglio Kataluniako Generalitateko Ingurumen Politiken eta Naturaren zuzendari nagusia eta María García Flecha Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza zuzendaria.  

Muñizek datuaren gobernantzari heldu dio. Alderdi hori oso erregulatuta dago araudi eta zehaztapenen bidez, eta garrantzi handia du sortzen eta partekatzen diren datuen babeserako, segurtasunerako eta kalitaterako. “Datuaren gobernantza-sistema txar batek arazoak sor ditzake, dela datu baten baliozkotasuna ez egiaztatzeagatik, dela datuetan oinarritzen den guztiak (hala nola alerta meteorologikoen sistemek) muturreko egoeretan funtzionatzea ahalbidetuko duen estres-test bat ez egiteagatik. Egungo erronka ez da datu gehiago izatea, baizik eta dagoeneko eskuragarri daudenak behar bezala prozesatzea”.  

Bestalde, Vilahurrek administrazio efizienteago baterako berrikuntzan oinarritu du bere esku hartzea, zehazki, Kataluniako ingurumen-txostenei aplikatutako AAn. “Aurrean dugun erronka nagusia da nola erabiltzen dugun AA. Kudeaketa sektorializatu batetik gatoz, eta horrek konplexutasun administratiboa edo koherentzia global txikia sor dezake; aldiz, kudeaketa sistemiko konplexuago eta transbertsalago batera igaro behar dugu, konfiantzaz eta lankidetzaz eta egokitzapenaz. AA soluzioen sortzaile gisa ikusi behar dugu, ez berez soluzio gisa. Funtzionarioek plangintzan lan egin ahal izatea nahi dugu, ez suteak itzaltzen, eta balio erantsirik gabeko zereginak soberan ote ditugun baloratu behar dugu”.  

Amaitzeko, García Flechak gai hauek sartu ditu: Euskadiko ingurumenaren egoeran izandako aurrerapena eta ingurumen-datuen monitorizazioan erronkak. Horretarako, 2025eko Euskadiko Ingurumen Koiunturaren txostenean oinarritu da. Txosten horrek hainbat alderdi analizatzen ditu, hala nola airearen eta uraren kalitatea, lurzoruen leheneratzea edo materialen produktibitatea. “Txosten hauek denbora asko eskatzen dute: iturri sakabanatuak, material-karga handia... Urteko txosten batetik ezagutza-sistema bizi batera igaro nahi dugu, prozesu jarraitua, trazagarria eta giza baliozkotzea duen batera, non lanaren automatizazioa eta datuen etengabeko eguneratzea ezarrita egongo den”.  

Herritarrak, ikasleak eta Administrazioa, hiru esparru helburu bererako  

Jardunaldia amaitzeko, hiru dinamikari heldu zaie, ‘AI for Green tailerrak: pertsonak, datuak eta Ingurumena konektatzen” izenburupean. Bakoitzak publiko objektiboa izan du, tailerrak transbertsalitatearen eta eragileen arteko lankidetzaren alde egindako apustuaren ildotik. Hala, ‘Ingurumenaren detektibeak: AArekin esploratu, neurtu eta deskubritu’, gazteei eta ikasleei zuzenduta egon da, Javier del Ser Lorente (EHU eta Tecnalia) eta Ibai Laña Aurrekoetxea (Mondragon Unibertsitatea eta Mathmode) irakasle eta ikertzaileen eskutik; ‘Datutik erabakira: nola integratu adierazleak politika publikoetan', Marc Vilahurrekin, Administrazio Publikoari zuzenduta egon da; eta ‘Zure ingurunea datuetan: nola irakurri eta interpretatu Euskadiko ingurumenaren egoera’, EHUko doktoretza ondoko ikertzaile eta Ikerbasqueko ikertzaile Laura Santamaria Morenok zuzenduta, herritarrei zuzenduta egon da. 

 

 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 13a
  • Ingurumen-plangintza
Ihobek hasiera eman die ingurumen-ebaluazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko tailerrerako inskripzioei
2026ko apirilaren 7a
  • Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
2026ko martxoaren 26a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostenak aurrerapenak erakusten ditu aire eta deskarbonizazioaren arloetan, eta erronkak zehazten ditu ur eta biodibertsitatearen eremuetan
2026ko otsailaren 10a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko industriak jasangarritasunerako trantsizioa bizkortu du, Ihoberen azken Industria Ekobarometroaren arabera