- Ingurumen-komunikazioa
Ingurumen Komunikazioaren Eskolak klima-kezka ekintza bihurtuko duten kontakizunen aldeko apustua egin du
Ihobek eta APIA, Asociación de Periodistas de Información Ambiental - Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak antolatzen duten Ingurumen Komunikazioko Eskolaren zortzigarren edizioak komunikazio, kazetaritza eta ingurumen arloko profesionalak bildu ditu ostegun honetan Donostian klimaren inguruko narratibek herritarrengana hurbiltzeko orduan duten eginkizunari buruz hausnartzeko.
Irekiera instituzionalaren ekitaldian Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, erronka nagusia ez dela klima-aldaketa frogatzea defendatu du, pertsonen eguneroko bizitzarekin konektatzeko gai diren kontakizunak eraikitzea baizik. Ildo horretatik datu berdinek oso erantzun ezberdinak sor ditzaketela adierazi du: "batak geldiarazi egiten gaitu eta besteak mugiarazi".
Botok trantsizio ekologikoa osasuna, enplegua, enpresen lehiakortasuna eta segurtasun energetikoa bezalako gaiekin lotzearen aldeko apustua egin du narratiba "sinesgarriak, hurbilak eta partekatuak" eraikitzeko. Bere iritziz herritarrek dagoeneko ezagutzen dute klima-aldaketaren errealitatea eta dituen ondorioak, baina oraindik ere kezka hori ekintza bihurtzeko tartea geratzen da. "Oraindik ez dugu kontakizunaren bataila irabazi", adierazi du.
Alexander Botok, Ihobeko zuzendari nagusiak, ohartarazi duenez, "oraindik ez dugu kontakizunaren borroka irabazi", eta klima-narratiba "sinesgarriak, hurbilak eta partekatuak" defendatu ditu, kezka itxaropen eta itxaropena ekintza bihurtzeko gai direnak.
Era berean, konplexutasun teknikoa mezu ulergarri bihurtzeko eta trantsizio ekologikoa pertsonen egunerokotasunarekin lotzeko gai diren istorioak aurkitzeko beharra defendatu du.
Beste alde batetik, María García de la Fuentek, APIAko presidenteak, adierazi du dagoeneko erronka nagusia ez dela klima-aldaketari buruzko sentsibilizazioa, eta egungo erronka ekintza bultzatzea dela. Uda Ikastaroen zuzendariorde akademikoak, Juan de Gracia Igelmok, komunikazioaren eta ingurumenaren arloko profesionalen arteko topagune gisa finkatuz bere zortzigarren ediziora iritsi den ekimen honen ibilbidea azpimarratu du.
Soinua naturaren kontakizun gisa
Jardunaldiaren lehen saio inspiratzailea Carlos de Hita komunikatzaileak eta soinu-paisaian adituak gidatu du eta soinua ekosistemen egoera ulertzeko eta ingurumen-errealitatea ikuspegi berrietatik komunikatzeko tresna gisa aldarrikatu du.
Bere esku-hartzean soinu-paisaia definitzeko esan du "naturak bere buruaz bere ahotsekin egiten duen kontakizuna" dela eta azaldu du espazio baten soinu-aberastasunak harreman estua duela bere biodibertsitatearekin. Hainbat ingurune naturaletako grabazioen bidez zaratak eta isiltasunak giza jarduerak ingurumenean dituen eraginak nola islatzen dituzten erakutsi du. "Isiltasuna eta zarata ingurumen-krisiaren kontakizunak dira", adierazi du.
Natura pantailan
Bigarren saio inspiratzaileak ikus-entzunezkoak ingurumen-komunikazioan duen zeregina jorratu du hurrenez hurren AVIS Producciones enpresako zuzendari eta filmatzailea diren
Lexeia Larrañaga del Val eta Alex Gutiérrez Benítezen eskutik. Carmen Peñafiel Saizek, Kazetarien Euskal Elkarteko lehendakariordeak, moderatu duen elkarrizketan zehar biek Natura Bizia eta Bizi Natura bezalako dokumentalen eta serieen sorkuntzan duten esperientzia partekatu dute, formatu narratibo berrien bidez Euskadiko biodibertsitatea herritarrengana hurbiltzen duten ekoizpenak.
AVIS Produccioneseko arduradunek zorroztasuna, dibulgazioa eta emozioa uztartzeko gai den ingurumen-komunikazioa defendatu dute. Ildo horretatik azaldu dute Natura Bizia Euskadiren aberastasun naturala erakusteko eta, aldi berean, ingurumen-erronkak eta natura-ingurunearen kontserbazioan inplikatutako pertsonen lana ikusarazteko helburuarekin sortu zela.
Era berean, azpimarratu dute garrantzitsua dela hezkuntzaren, dibulgazioaren eta ikus-entzunezko edukien bidez istorioak tokiko ikuspegitik kontatzea eta herritarren eta naturaren arteko distantzia murriztea.
Herritarren parte-hartzea sustatzeko esperientziak
Goizeko azken saioan parte-hartzea ekintza klimatikoa bultzatzeko funtsezko tresna bihur daitekeela erakusteko Gasteizen, Iruñean eta Euskadi osoan garatutako esperientziak bildu dira.
Gorka Belamendia Cotorruelok, Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikariak, pertsonak eraldaketaren protagonista bihurtzera bideratutako komunikazioa defendatu du. "Informazioak ezagutza sortzen du, baina esperientziek konpromisoa sortzen dute", adierazi du komunitatea eraikitzearen eta kide izatearen garrantziaren sentimendua aldarrikatu aurretik.
Beste alde batetik, Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio-teknikariak, Bakarne Atxukarro Estombak, arazo zehatzei eta herritarren inplikazioari lotuta sormenezko eta gertuko formatuen bidez ingurumen-gaiak askotariko publikoetara hurbiltzeko hainbat kanpaina aurkeztu ditu.
Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendariak, Marimar Alonso Martínek, erronka global handiak herritarrengandik gertu dauden esperientziekin lotzeko beharra azpimarratu du, eta Ihobek bultzatutako adibideak partekatu ditu, hala nola ASTEKLIMA, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, Ekoetxea sarean garatutako ekimenak edo Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarra sortzeko prozesua.
Hiru esperientziak bat etorri dira datuak eta ezagutza zientifikoa ezinbestekoak direla erakustean, baina herritarren mobilizazioak parte-hartzea, emozioak eta eguneroko bizitzarekin lotutako kontakizunak ere eskatzen ditu.
Eztabaidatik praktikara
Ingurumen Komunikazioaren Eskola arratsaldean amaitu da, parte-hartzaileei zuzendutako bi jarduerarekin. Bertaratutakoek bisita egin dute Plaiaundin (Irun) dagoen Ekoetxea Txingudira, Mari Luz Gómez Fernándezek, Ekoetxea Sareko arduradunak, gidatuta. Aldi berean online modalitatean matrikulatutako pertsonek Lucía Olivera García aholkulariak eman duen “Estrategia eta klima narratiba berriak: klimaz hitz egitea mobilizatzeko” tailerrean parte hartu dute.
Iturria:Ihobe