- Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programaren 2026ko deialdia zabaldu du jardunean dauden profesionalentzat
Ingurumen-informazioaren kudeaketa, deskarbonizazioa, zirkulartasuna eta enpresa-arriskuen kudeaketa, ekodiseinuarekin eta produktuaren pasaporte digitalarekin batera, izango dira jardunean dauden profesionalentzako Ihoberen Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programaren edizio berriaren ardatzak.
Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programa Jardunean dauden Profesionalentzat 2026-2027 edizioa jarri du abian. Proposamena industria sektoreko eta zerbitzu aurreratuetako euskal ETEetan jardunean dauden eta ekonomia zirkularreko eredu lehiakorrago, erresilienteago eta araudi- eta merkatu-eskaera berriekin lerrokatuagoetarako trantsizioan modu praktikoan aurrera egin nahi duten profesionalei zuzenduta dago.
2026-2027 programak doako prestakuntza, presentziala, praktikoa eta emaitzetara bideratua, eskaintzen die industria sektoreko euskal ETEei
Programak abiapuntuan duen helburua da enpresei erregulazioko eta merkatuko azken berrikuntzekin lotutako tresnak, ezagutzak, metodologiak eta estandarrak ematea, erabakiak hartzea errazteko eta enpresa-kudeaketan emaitza ukigarriak sortzeko. Ihobek ETE Zirkular Euskadi ekimenari atxikitako bitarteko eragileen laguntza izan du programa diseinatzeko, modu horretan euskal enpresa-ehunaren errealitatearekin lotutako ikuspegia sendotzeko.
Ekimenak ekonomia zirkularra lehiakortasunaren eta burujabetza ekonomikoaren palanka gisa sendotzen duen testuinguruari erantzuten dio. Programak Ekonomia Zirkularreko Ingurumen Zaintza Estrategikoko Txostenean jasotako gakoak barne jartzen ditu, besteak beste, materialen horniduraren segurtasuna eta autosufizientzia, “Made in Europe” produktu jasangarriak bultzatzea, produktuaren pasaporte digitala, borondatezko ESG txostena ETEentzako aukera gisa eta digitalizazioa eta finantzaketa trantsizioaren motor gisa.
Ikuspegi batez ere praktiko batekin, prestakuntza diseinatu da enpresek egungo ingurumen-eskakizuna ulertu, inpaktu garrantzitsuak neurtu, datuak erabaki bihurtu, bezeroei, finantza-erakundeei eta balio-kateei zorrotz erantzun eta ekonomia zirkularra barne-prozesuetan integratu ahal izateko. Modulu guztiek batuko dituzte bloke kontzeptual labur bat, tailer aplikatuak eta emaitza ukigarri bat, hala nola txantiloiak, matrizeak, erantzun-ereduak, checklistak edo enpresa parte-hartzaileek berrerabiltzeko txostenak.
Helburua da ETEek erantzuna eman ahal izatea merkatuaren ingurumen-eskakizun berriei.
Programa bi prestakuntza-ibilbide handitan egituratzen da.Lehena da Erakundearen trantsizio zirkularra: merkatuaren eskakizunetik enpresaren erresilientziara. Zirkulartasunari ikuspegi korporatibotik heltzen dio, eta ETEei ingurumen-informazioa antolatzen, karbono-aztarna kalkulatzen, emaitzak murrizketa-plan bihurtzen, organizazioaren zirkulartasuna neurtzen, trantsizio-arriskuak kudeatzen eta taxonomiari, DNSHri, finantzaketari, bezeroei eta merkatuari lotutako baldintzei erantzuten laguntzera bideratuta dago.
Ibilbide horrek barne hartzen dituen edukiak dira, besteak beste, ETEaren oinarrizko ingurumen-txostena egitea, organizazioaren karbono-aztarna kalkulatzeko Ihoberen Climate & Circularity Calculator erabiltzea, emisioak murrizteko lehen bide-orria diseinatzea, zirkulartasuna CTI adierazleen bidez neurtzea, klimarako eta trantsiziorako arriskuen kudeaketa eta erantzun proportzionatuak prestatzea ingurumenari buruzko informazio-eskaeren aurrean.
Bigarren ibilbidea da Produktuaren pasaporte digitala eta ekodiseinu zirkularra, eta produktua lehiakortasunaren, erregulazioaren eta gardentasunaren funtsezko unitatetzat hartzen du. Produktuak diseinatzen, fabrikatzen edo merkaturatzen dituzten eta produktu jasangarrien Europako esparru berriari, Produktu Jasangarrietarako Ekodiseinu Araudiari, produktuaren pasaporte digitalari eta ingurumen-informazio egiaztagarrirako gero eta eskakizun handiagoei aurre hartu behar dieten enpresei zuzenduta dago.
Ibilbide horretan, enpresek landuko dituzte bizi-zikloaren ikuspegia, produktuaren aztarnaren kalkulu sinplifikatua, produktu-familiei aplikagarriak zaizkien betekizun zirkularrak, iraunkortasuna, konpongarritasuna eta birziklagarritasuna, serbitizazioa eta birmanufaktura bezalako atributuen ebaluazio teknikoa eta ingurumen-komunikazio segurua greewashing-arriskuei aurrea hartzeko.
Programazioa lurraldeko organizazio sektorial eta enpresarialekin lankidetzan hedatuko da (Bizkaiko CEBEK, Gipuzkoako ADEGI, Arabako SEA, SIDEREX, AFM eta Habic), bai eta Bilboko eta Gasteizko Basque Circular Hub espazioetan ere.
Parte-hartzaile guztiek parte hartu izanaren ziurtagiri bat jasoko dute, eta ziurtagiri hori saio bakoitzeko edo modulu oso bat amaitzeagatik eman ahal izango da. Gainera, prestakuntza-ibilbide osoa osatzen dutenek prestakuntza-ibilbidea jasoko zuen ziurtagiri integrala lortu ahal izango dute.
Ikastaro horietarako izena Ihoberen eta erakunde laguntzaileen webguneen bidez eman ahal izango da.
Iturria:Ihobe