Skip to main content
2026ko irailaren 1a
  • Ekonomia zirkularra

Ihobek deskarbonizazio-proiektuak eta trantsizio-arriskuen kudeaketa bultzatuko ditu profesional gazteak euskal ETEetan sartuz, Murriztearren 2026 programari esker

Murriztearren

Adimen artifizialarekin sortutako irudia

Basque Circular Hubek Murriztearren programaren deialdi berri bat ireki du, ekonomia zirkularrean eta deskarbonizazioan espezializatutako gazte talentua Euskadiko ETEetara bitarteko eragileen bidez txertatzeko. 2026ko edizioak hiru proiektu-tipologia berri eskaintzen ditu, karbono gutxiko eta ekonomia zirkular baterako trantsizioari lotutako arriskuak neurtu, murriztu eta kudeatzera bideratuak.

Basque Circular Hubek, Ihobek kudeatutako Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak, Murriztearren 2026: neurtu murrizteko programaren deialdi berria ireki du. Ekimena Pyme Circular Euskadira atxikitako bitarteko eragileei eta haien jardun-eremuko ETEei zuzenduta dago. Programa Basque Green Talent ekimenaren barruan kokatzen da, Ihobek eta Novia Salcedo Fundazioak sustatua, enpresen trantsizio berdea eta gazteen jasangarritasunarekin lotutako enpleguetan txertatzea bultzatzeko.

Programaren helburua Euskadiko ETEen trantsizioa ekonomia zirkular eta karbono gutxiko baterantz bizkortzea da, ingurumen-ebaluazioko eta trantsizio-arriskuen kudeaketako proiektuen bidez. Horretarako, arlo horietan espezializatutako gazte talentua txertatuko da, eta klusterrak, enpresa-elkarteak eta garapen-agentziak bezalako bitarteko eragileen lankidetza izango da.

Murriztearren 2026ren berritasun nagusia enpresen behar-maila desberdinei erantzuteko diseinatutako hiru proiektu-modalitate eskaintzea da.

 

1 - Oinarrizko karbono-aztarna (1. eta 2. irismenak)

Klima-errendimenduaren neurketa hasi edo sendotu nahi duten enpresei zuzenduta dago. Praktikaren bidez erakundearen karbono-aztarna kalkulatuko da 1. eta 2. irismenetan, baita Ihoberen Climate & Circularity Calculator (3C) tresnaren bidezko ingurumen-aztarna korporatiboa ere. Halaber, zientzian oinarritutako deskarbonizazio-helburuak definituko dira eta isurketak murrizteko lehen plan bat prestatuko da. Horrez gain, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Karbono Aztarnaren Erregistroan inskripzioa errazteko beharrezko informazioa prestatuko da.

 

2 - Zirkulartasunari lotutako karbono-aztarna aurreratua (3. irismena)

Irismenetako karbono-aztarna kalkulatuta duten eta balio-kateko zeharkako isurketetan sakondu nahi duten erakundeei zuzenduta dago. Proiektuen barruan 3. irismeneko kategoria garrantzitsuenak aztertuko dira, hala nola erositako ondasun eta zerbitzuak, kapital-ondasunak eta jardueretan sortutako hondakinak. Era berean, zirkulartasunarekin lotutako isurketak murrizteko aukerak identifikatuko dira eta erabilitako datuen kalitatea hobetzeko ekintzak planteatuko dira.

 

3 - Ekonomia zirkularrerako trantsizio-arriskuen kudeaketa

Modalitate honen bidez enpresek ekonomia zirkular eta karbono gutxiko baterako trantsiziotik eratorritako arriskuak identifikatu, ebaluatu eta lehenetsiko dituzte, Ihobek garatutako metodologia eta tresna erabiliz. Proiektuak arrisku-mapa bat eta arrisku horiek kudeatu eta arintzeko ibilbide-orri bat barne hartuko ditu.

Prestakuntza, adituen laguntza eta enpresetako aplikazio praktikoa

Programan gehienez 13 gaztek parte hartuko dute. Praktikak hasi aurretik, 60 orduko prestakuntza tekniko espezializatua jasoko dute ekonomia zirkularrean, karbono-aztarnan eta trantsizio-arriskuen kudeaketan. Ondoren, sei hilabetez proiektu praktikoak garatuko dituzte parte hartzen duten ETEetan, eta prozesu osoan Ihoberen laguntza teknikoa eta tutoretza espezializatua izango dute.

Parte-hartzaileak nagusiki STEM titulazioetatik, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzatik (EAZ) eta ingurumen-arloarekin lotutako goi-mailako heziketa-zikloetatik etorriko dira, euskal industriaren trantsizio berderako gaitasun profesional berriak sortzen lagunduz.

 

Parte hartzeko baldintzak

Bitarteko eragile bakoitzak eskaera bana aurkeztu ahal izango du hiru proiektu-modalitateetako bakoitzerako. Proiektu bakoitzean gutxienez sei ETEk parte hartu beharko dute, eta hamar enpresaraino iritsi ahal izango dira oinarrizko karbono-aztarnaren proiektuetan.

Modalitate guztietan, Ihobek gazteen prestakuntza eta tutoretza teknikoaren kostuak bere gain hartuko ditu. Gainera, karbono-aztarna aurreratuko eta trantsizio-arriskuen kudeaketako proiektuetan praktikaldien zuzkidura ekonomikoa osorik finantzatuko du. Oinarrizko karbono-aztarnaren proiektuetan, berriz, bitarteko eragileek Europako Gizarte Funts Plusak estaltzen ez duen partea hartu beharko dute beren gain.

 

Izena ematea

Interesa duten bitarteko eragileek 2026ko irailaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, izen-emate formularioa betez eta parte hartuko duten ETEen erantzukizunpeko adierazpenak erantsiz. Oinarrizko karbono-aztarnaren proiektuetan, parte-hartzea hamar ETEra arte zabaltzeko epea 2026ko urriaren 9ra arte egongo da zabalik.

Praktikak prestakuntza-aldia amaitu ondoren hasiko dira, 2026ko azaroaren 16tik aurrera, eta sei hilabeteko iraupena izango dute.

 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko abuztuaren 21a
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek Ekonomia Zirkularreko Prestakuntza Programaren 2026ko deialdia zabaldu du jardunean dauden profesionalentzat
2026ko uztailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
EFRAGek Ihoberen Climate & Circularity Calculator tresna sartu du tresna digitalen mapatzeari buruzko txostenaren bigarren edizioan
2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz