Skip to main content
2026ko otsailaren 17a
  • Ekodiseinua
  • Ekonomia zirkularra
  • Korporatibo

Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa Txiki eta Ertainentzako 68 laguntza-programa, 430 milioi euroko aurrekontuarekin

Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa Txiki eta Ertainentzako 68 laguntza-programa, 430 milioi euroko aurrekontuarekin

Pandemiak, 2020an, % 9,5eko jaitsiera eragin du Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian, eta langabezia-tasa % 11,20koa izan da bertan. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen Saila lanean ari da ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen laguntzeko, gobernuaren helburuen jarraibideen arabera.
Laguntzek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen modernizazioa eta lehiakortasuna bultzatu nahi dute, eta bertako ETEek laguntza horietako asko ezagutzen dituzten arren, badira alderdi berritzaile eta aipagarriak ere,adibidez: ikerketarako ekipamendua eskuratzeko eta eguneratzeko Azpitek laguntza berriak; reshoring- eta dibertsifikazio-programa berriak; nazioartekotzeko bekak berraktibatzea eta handitzea; tokiko produktua garatzeko eta bultzatzeko laguntzak; edo klima-aldaketari erantzuteko laguntzak.

Otsailaren 24an, 25ean eta 26an egingo diren informazio-jardunaldi telematikoetan ezagutu ahal izango dituzte enpresek programa bakoitzaren xehetasunak


Arantxa Tapia sailburuak eta Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak diru-laguntzen katalogo osoa aurkeztu dute, eta otsailaren 24an, 25ean eta 26an egingo diren jardunaldien berri eman dute. Jardunaldi horietan, enpresek laguntza-ildo bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte, eta beren premietara hobekien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute.


Helburuetako bat pandemiaren ondorioak jasaten ari diren enpresei laguntzea bada ere, laguntza horien funtzio nagusia da sortzen ari diren aukera berriak baliatzeko gai diren proiektuak bultzatzea; hartara, 433 milioi euro baino gehiagotik, laguntzetarako aurrekontuaren % 40 I+G+b programetara bideratuko da. Gainera, eraldaketa digitaleko, ekintzailetzako, industria-garapeneko, nazioartekotzeko, ekonomia zirkularreko, trantsizio energetikoko edo elikagaien industriako proiektuak ere lagundu nahi dira, besteak beste.

Laguntzen % 40 ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) programetara bideratuko dira


Laguntza-programez gain, Jaurlaritzak urteko informazio-katalogo berrian funtsen bi lerro eta beste zerbitzu batzuk sartu ditu, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen garapenean eta lehiakortasunean ere laguntzen dutenak.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatuta, sozietate publiko guztiak (SPRI Taldea, EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA) elkarrekin lan egiten ari dira laguntzei buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztietara irits dadin eta, hartara, laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten.


Online jardunaldiak


Otsailaren 24an, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, bere arloko zenbait zuzendarirekin batera, azalduko ditu ikerketako, berrikuntzako, transformazio digitaleko eta ekintzailetzako programak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza-gune bihurtzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startup-en ekosistema eragile gisa.

Otsailaren 25ean, Industria, Energia eta Ingurumena: Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak, saileko beste arduradun batzuekin batera, aurkeztuko dituzte industria-garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako, energia berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzak. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak barne-produktu gordinaren % 40ra iristea, baita enpresen nazioartekotzea COVIDaren egungo nazioarteko testuingurura egokitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea ere.
Gainera, lortu nahi da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera jaistea, hondakinen balorizazioa eta berrerabilera areagotzea, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezartzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetzea, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lor dadin.

Otsailaren 26an, Lehen Sektorea eta Landa-garapena eta Itsasertza: Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak. Programa horiei esker, elikagaien ekoizpena handitu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz.
Honako esteka honetan eman daiteke jardunaldi horietarako izena: https://agenda.spri.eus/laguntzak/


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du