Skip to main content
2026ko abenduaren 19a
  • Ingurumen-hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak Añana-Gatz Harana Ekoetxea ingurumen-gune berriaren eraikuntza lizitatu du

Ekoetxea

Irudiak fotomuntaketei dagozkie.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak argitaratu du Gesaltza Añanako (Araba) Ekoetxea gune berriaren eraikuntza-proiektua gauzatzeko lizitazioa. Hala, ia 3,3 milioi euroko aurrekontua du eta jasangarritasunari, berdintasunari eta ondare-babesari buruzko irizpide aurreratuak ditu. Jarduketa hau Euskadiko Ingurumen Zentroen Ekoetxea Sarea zabaltzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren helburua da herritarren hezkuntza eta sentsibilizazioa indartzea ingurumen- eta klima-erronka handien aurrean, bai eta herritarren artean ohitura jasangarriak sustatzea ere.

Gunea Gatz Haraneko “Biltegi Handia” historikoan kokatuko da, monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatutako gunean, hain zuzen ere

Añana-Gatz Harana Ekoetxea  Gatz Haraneko "Biltegi Handia" historikoan kokatuko da, monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun izendatutako gunean, hain zuzen ere. Proiektuaren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 3.292.633 eurokoa da, eta 21 hilabeteko egikaritze-epea du. Proiektuaren helburua da ondare arkitektoniko eta arkeologikoaren kontserbazioa integratzea eta ingurumen-dibulgaziorako gune berritzailea sortzea.

Lizitazioak ingurumen-irizpide aurreratuak hartzen ditu barne, hala nola material birziklatuak erabiltzea Ihoberen “Eraikuntzan material birziklatuak erabiltzeko gida” delakoaren arabera, egur ziurtatuaren jatorri jasangarria bermatzea (FSC edo PEFC) eta hondakinen kudeaketa optimizatzeko eta obran zehar emisioak minimizatzeko neurriak ezartzea. Gainera, Ingurumena Kudeatzeko Sistema ziurtatua aplikatzea eta Bizi Zikloaren Analisia egiteko eskatuko da, Europako estandarrei jarraikiz.

Lizitazioak jasangarritasunari eta ondare-babesari buruzko irizpide aurreratuak ditu

Lizitazioan eskatzen diren gizarte-irizpideen artean, nabarmentzen da genero-berdintasuna sustatzea lanpostu kualifikatuetan (honako hauetan, esaterako: obra-buru, arduradun, prebentzio-teknikari eta arkeologo) Hala, ekimen hori bat dator Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen eta Europako zuzentarauekin dago lerratuta. Era berean, ondare arkitektonikoa eta arkeologikoa birgaitzeko esperientzia baloratuko da, ingurunearen berezitasuna dela-eta.

 

Adjudikazioa prozedura irekiaren bidez egingo da, horrek lehia librea eta eskaintza ekonomiko onuragarriena aukeratzea bermatuko baitu. Enpresa lizitatzaileek kaudimen teknikoa eta ekonomikoa egiaztatu beharko dute, baita antzeko obretan eta ondare-ondasunen gaineko esku-hartzeetan duten esperientzia ere.

Eskaintzak aurkezteko azken eguna 2026ko urtarrilaren 22a izango da, 14:00etan.

Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunaren aldeko konpromisoa indartu du, eta Ekoetxea guneen sarea sendotu du ingurumen-hezkuntzan eta herritarren aktibazioan erreferente gisa.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko otsailaren 27a
  • Ingurumen-hezkuntza
EHUko Geologiako ikasleek bisita teknikoa egin dute Barakaldoko Argalario segurtasun-biltegira
2025eko urriaren 8a
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxeak planeta salgai jarri du Wallapopen, kontzientziak