- Klima aldaketa
Eusko Jaurlaritzako KAIA mahaiak klima-aldaketarako egokitzapena erakusten duten proiektuen aurrerabideak aztertu ditu
KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) Mahaiak, Ihobek koordinatuta, hamaikagarren bilera egin du gaur Bilbon, Euskadi 2030 Industria Planean jasotako Euskadi: Climate Change Adaptation Living Lab proiektu eraldatzailearen barruan sartutako erakusleen aurrerabidea aztertzeko. Bileran, esparru horretan garatzen ari diren sei proiektuen aurrerabideen balantzea egin da. Ekimen horiek Euskadiko klima-egokitzapenarekin lotutako zenbait erronkari heltzen diete, hala nola: Zarauzko kostaldearen egokitzapena; Bakioko padura eta uholde-basoa lehengoratzea; Txingudi Resiliente proiektua; Astegietiako naturguneak lehengoratzea; Bilbao Itsasadarra eta Klima 2050 ekimena; eta Legazpiko hiri-birnaturalizazioa.
Datozen hilabeteetan Zarauzko eta Bakioko proiektuak amaitzea aurreikusi da
Euskadik gero eta mehatxu klimatiko konplexuagoei egin behar die aurre askotariko lurralde trinko eta oso urbanizatu batean. Errealitate horrek —plangintzan eta estrategian metatutako esperientziarekin batera— klima-aldaketara egokitzeko soluzioak diseinatzeko, probatzeko eta hobetzeko ingurune egokia bihurtu du Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea, hau da, klima-aldaketarako egokitzapenaren laborategi bizi bihurtu du, esperientziak Europako beste eskualde batzuetara eraman daitezkeen aldetik.
Klima-aldaketarako egokitzapena erakusten duten proiektuak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren koordinazio-organoaren azken bilera horretan parte hartu dute, halaber, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzako, URA-Uraren Euskal Agentziako, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako eta Euskalmeteko ordezkariek.
KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) Mahaia da klima-aldaketarako egokitzapena erakusten duten proiektuak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren koordinazio-organoa
Mahaiak Zarautz eta Bakioko proiektuen egikaritze-maila aurreratuaren berri izan du, datozen hilabeteetan proiektu horiek amaitzea aurreikusten baita. Bi kasu horiek erreferentzia izango dira naturan eta lurraldearen kudeaketa erresilientean oinarritutako soluzioak aplikatzeko klima-aldaketaren ondorioen aurrean.
Aztergai izan den beste gaietako bat izan da Bilbo metropolitarrerako biki digitalaren hasierako fasearen garapena. Tresna hori Ibaizabal itsasadarrari lotutako udalerrietan klima-inpaktuen azterketa eta plangintza hobetzea ahalbidetuko duen tresna berritzailea da. Lan horrek lagunduko du klima-aldaketak eragindako arriskuei aurrea hartzeko gaitasuna indartzen eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko prozesua indartzen.
Proiektu erakusleen helburua da klima-aldaketara egokitzeko soluzio errealen ezarpena bizkortzea eta, horretarako, hartutako neurrien eraginkortasunari buruzko ezagutza aplikatua eta ebidentziak sortzea. Lortutako ikaskuntzei esker, Euskadiko beste udalerri batzuetako eta beste lurralde batzuetako esperientziak transferitu eta jarduerak erreplikatu ahal izango dira.
Iturria:Ihobe