- Klima aldaketa
Euskadik herritarren batzar baten bidez eztabaidatuko du zenbat energia berriztagarri garatuko dugun eta non
Autonomia energetikoa premia estrategikoa da Europarentzat eta Euskadirentzat egungo testuinguru geopolitikoan. Euskadirentzat behar-beharrezkoa da autonomia energetikoan aurrera egitea, eta, horretarako, elektrizitate berriztagarri propioa sortzeko gaitasuna garatzea.
Gaur egun, alabaina, lurraldeko elektrizitate-produkzio berriztagarriak elektrizitate-kontsumoaren % 7,9 baino ez du estaltzen; Europako batezbestekoa % 46,9koa da. Autonomia energetiko handiagorantz aurrera egiteko ezinbestekoa da erabakitzea nola handituko dugun sorkuntza berriztagarria eta nola egingo dugun bateragarri garapen hori lurraldearen babesarekin.
Autonomia energetikoa ez da erronka energetiko eta klimatiko hutsa. Aitzitik, Euskadi lehiakor eta erresilienteagoa eraikitzeko aukera paregabea da, horixe baita gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat industria, kalitatezko enplegua eta ongizatea sortzeko gaitasun handiagoa izango duen Euskadi hezurmamitzeko bidea.
Autonomia energetikoa premia estrategikoa da Europarentzat eta Euskadirentzat. Gaur egun, elektrizitate-produkzio berriztagarri propioak Euskadiko elektrizitate-kontsumoaren % 7,9 baino ez du estaltzen, Europako tasarik baxuenetako bat
Eusko Jaurlaritzak, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoaren bitartez, herritarren batzarraren proiektu pilotua jarriko du abian, Euskadiren etorkizunerako sekulako garrantzia duen gai bat eztabaidaren ardatz izango duena: zenbat handitu beharko litzatekeen energia-produkzio berriztagarria eta zer irizpide erabili beharko liratekeen hori lortzeko beharko liratekeen instalazio berriak non kokatu erabakitzeko.
Herritarren batzarrak euskal gizartearen begirada gehituko dio eztabaida horri, ezagutza teknikoa eta erakundeen ekintza osatzeko. Parte-hartzaileek aukera izango dute informazioa eskuratzeko, hainbat jarrera entzuteko, argudioak kontrastatzeko eta egin litezkeen gomendioei buruzko akordioetara iristeko. Gero Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote gomendio horiek. Gomendio horiek oinarri harturik aztertu, diseinatu eta garatuko da Gobernuaren energia-arloko plangintza.
Euskadiren aniztasuna ordezkatzeko herritarren arteko zozketa
Prozesuari hasiera emateko, 20.000 gonbidapen-gutun bidaliko dizkiete Euskadin bizi diren herritarrei. Pertsona horiek Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan egindako laginketa zibikoaren bidez hautatu dira. Gutuna jaso eta izen-ematea borondatez formalizatzen dutenen artean bigarren zozketa bat egingo da, azkenean herritarren batzarra osatuko duten 32 kideak hautatzeko.
Hainbat adin, lurralde eta profil soziokulturaletako pertsonen ordezkaritza orekatua bermatuko du hautaketak, euskal gizartearen pluraltasuna islatzeko asmoz. Euskadiren etorkizun energetikoari buruzko eztabaidari hainbat esperientzia eta ikuspuntu gehitu diezazkioketen pertsonek osatutako askotariko taldea biltzea da helburua.
Parte hartzeko ez da behar aldez aurretik ezagutza teknikorik edukitzea. Prozesua diseinatuta dagoen moduan, edonork izan dezake planteatutako galderak ulertzeko, hainbat iritzi entzuteko eta bere esperientzian eta irizpidean oinarrituta laguntzeko aukera.
Informazioa eskuratzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko bost saio
2026ko azarotik 2027ko otsailera bitartean aurreikusitako bost saio presentzialen bitartez garatuko da herritarren batzarra. Adituen batzorde batek prozesuan lagun egingo die batzarkideei, eta trantsizio energetikoari, klima-aldaketari, industriari, ekonomiari eta lurraldeari buruzko hainbat ikuspegi emango dizkie. Azken txosten batek emango dio buru batzar-prozesuari 2027ko ekainean.
Eztabaidan oinarritutako gobernantza
Herritarren batzarra ELGAren gobernantza kolaboratiboari buruzko gidalerroei jarraikiz diseinatu da, Europako hainbat herrialdetan, hala nola Irlandan, Frantzian, Alemanian, Eskozian edo Austrian, garatutako esperientzietan inspiratuta. Horrelako ekimenei esker, ordezkaritza izateko asmoz hautatutako pertsonek sakon ezagutu dezakete gai publiko bat, hainbat jarrera entzun ditzakete eta modu kolektiboan egin ditzakete gomendioak.
Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak entzuteko, eztabaidatzeko eta erantzukidetasunez jarduteko gunea gehitzen dio bere gobernantza-ereduari, gobernantza kolaboratiboan aurrera egite aldera. Herritarren batzarrak ez du ordezten erakundeen lana, ezta parte hartzeko ohiko mekanismoak ere; aitzitik, herritarren parte-hartze informatu, plural eta egituratuaren bidez osatzen ditu. Euskadik aurre egin behar dien erronka handietarako soluzio partekatuen eraikuntzan herritarren ahotsa gogoan hartzeko aukera emango duten eztabaidaguneak sustatzeko modu bat da.
Iturria:Ihobe