- Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
Hondakinak Koordinatzeko Organoak (HKO) Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak biltzen ditu, eta beste lan bilera bat egin du, koordinazio instituzionala indartzeko eta Euskadiko hondakinen plangintzan eta kudeaketan elkarrekin aurrera egiteko. Topaketa Ihoberen Bilboko egoitzan egin da, eta lau administrazioek partekatutako ildo nagusietan lan egiteko aukera eman du, Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren esparruan.
Administrazioen arteko koordinazioa funtsezkoa da ekonomia zirkularrerako trantsizioak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, politika publiko lerrokatuak bultzatzeko, eta erakunde bakoitzaren eskumen esparrua gainditzen duten erronkei erantzun bateratuak eskaintzeko. Testuinguru horretan, HKO Euskadin hondakinen arloko gobernantza partekaturako gune nagusia da.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua izan da bileraren burua, eta Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak eta Nicolas Garcia-Borreguero Ingurumen Kalitateko zuzendariak ere parte hartu dute. Foru aldundien ordezkari gisa, bertan izan dira Arantza Atutxa, Bizkaiko Ingurune Natural eta Nekazaritzako foru diputatua, eta Alex Pelaez, Ingurumen zuzendaria; Saray Zarate, Arabako Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko foru diputatua, eta Maria Jose Madeira, Ingurune Naturaleko zuzendaria; baita ere Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Jasangarritasuneko foru diputatua, eta Monica Pedreira, Trantsizio Ekologikoko zuzendaria. Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak ere parte hartu du, Hondakinak Koordinatzeko Organoaren Idazkaritza Teknikoa erakunde honen esku baitago.
Bilera Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek partekatutako lan ildo nagusien jarraipena egin ahal izan da, hondakinen sorrera %15 eta zabortegian biltegiratutakoen %85 murrizteko helburuetan aurrera egiteko
Bileran Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren jarraipena egin da, arreta berezia jarrita berrerabilpen helburuetan eta 2025eko eta 2026ko hondakinen inbentarioaren egoeran. Halaber, HKOko batzorde teknikoak helarazitako gaiak landu dira: Next Generation EU funtsekin finantzatutako proiektuen egoera, foru aldundiek bultzatutako tratamendu instalazio berrien aurkezpena, fibrozementu estrukturalaren kudeaketa, eta Kataluniako Hondakinen Agentziari esperientziak trukatzeko egin berri zaion bisita teknikoaren ondorio nagusiak.
Hondakinak Koordinatzeko Organoak arlo horretan eskumena duten lau euskal administrazioen arteko plangintza koordinatua eta erantzukidea bultzatzen du. Bere lana Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planaren helburu estrategikoetan aurrera egitera bideratuta dago, horien artan nabarmentzen direlarik konponketa eta berrerabilpena sustatzea, hemendik 2030era hondakinen sorrera %15 murrizteko, eta hondakinen kudeaketa optimizatzea, denbora tarte horretan zabortegian biltegiratzen dena %85 murrizteko.
HKOren aldizkako bilerek plangintza bateratuan oinarritutako lankidetza instituzionaleko eredua finkatzen dute, gure lurraldeko baliabideen kudeaketa efizienteagoa bultzatzen laguntzeko.
Iturria:Ihobe