Skip to main content
2026ko otsailaren 27a
  • Hondakinak

EHUko Geologiako ikasleek bisita teknikoa egin dute Barakaldoko Argalario segurtasun-biltegira

Argalario

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geologia Graduko 26 ikaslek bisita teknikoa egin dute Barakaldoko Argalarioko segurtasun-biltegira. Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak, kudeatzen duen ingurumen-azpiegitura aitzindaria da.

Bisita ikasleen prestakuntza akademikoaren barruan sartzen da, eta Ihobek lindanoaren arazoari aurre egiteko egindako kudeaketa bertatik bertara ezagutzeko aukera eman du, baita lurzoru kutsatuen biltegiratze segururako Argalarion egindako soluzio teknikoak ezagutzeko aukera ere.

Urtero, ehun bat profesionalek bisitatzen dute ingurumen-azpiegitura hori

Bisitan zehar, ikasle-talde horrek —EHUko ikertzaileek ere bat egin dute ikasle talde horrekin— lindanoaren eraginpean egon diren lurzoruak konfinatuta dituen Barakaldoko segurtasun-biltegia bisitatu du. Bisitan, Leire Escolar Hondakin eta Lurzoru arloko Ihobeko teknikariak talde akademikoari azaldu dio nola eraiki zen azpiegitura aitzindari hori, zer ingurumen-estrategia jarraitu zen, eta zer ingurumen-mantentze eta -kontrol egiten diren etengabe.

Gainera, ingurumen-jarraipenerako sistemei buruzko informazioa eman dute, hala nola, ur-laginak hartzeari, identifikatzeari, aztertzeari eta laborategira bidaltzeari buruzkoa eta lixibiatuak kudeatzeari eta tratatzeari buruzkoa. Izatez, funtsezko alderdiak dira instalazio horren epe luzerako ingurumen-segurtasuna bermatuko bada. 

Horrelako bisitak posible dira Ihobe sozietate publikoak Argalarioko segurtasun-biltegia komunitate akademiko eta zientifikoari irekitzeko hartutako erabakiari esker. Bisitak zuzentzen zaizkie, batik bat, unibertsitateko ikasleei eta lurzoru kutsatuen kudeaketan eta ingurumen-arazo konplexuei aplikatutako soluzioetan interesa duten ikerketa-profesionalei. Urtero, ehun bat profesionalek bisitatzen dute ingurumen-azpiegitura hori.

Argalario, funtsezko ingurumen-egitura

Argalarioko segurtasun-biltegia funtsezko ingurumen-azpiegitura da Euskadik lindanoa kudeatzeko duen estrategian; izan ere, kutsatzaile iraunkor horrek ingurumen-arazo handia eragin du zenbait hamarkadaz.

Arazo horren konponbide gisa, hiru soluzio nagusi garatu ziren: tratamendu-planta eraiki zen —jada deseginda dago—, eta bi segurtasun-biltegi, bat Loiun eta bestea Barakaldon.

Ingurumen-azpiegitura horren eraikuntza eta kudeaketa erreferente teknikoa eta ingurumenekoa da, estatuan zein nazioartean

Barakaldoko segurtasun-biltegian lindanoaren eraginpean egon diren lurzoruak konfinatuta daude. Biltegia 1999 eta 2002 artean eraiki zuten —hiru urteko lanen ondoren—, material horien konfinamendu segurua eta kontrolatua bermatze aldera.

Biltegia 2002an zigilatu bazen ere, proiektuak aurreikusten du ingurumen-kontrolak egitea biltegia zigilatu eta gutxienez 30 urtez: lur gaineko uren eta lur azpiko uren jarraipen analitikoa egitea, gasak kontrolatzea, aldizka laginak hartzea eta lixibiatuak kontrolatu eta tratatzea.

Ingurumen-azpiegitura horren eraikuntza eta kudeaketa erreferente teknikoa eta ingurumenekoa izan da, Estatuan zein nazioartean, eta interesekoa da unibertsitateentzat, ikerketa-zentroentzat eta kutsatzaile iraunkorrekin lotzen diren antzeko arazoei aurre egiten dieten eskualdeentzat.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 19a
  • Hondakinak
Euskadik 36.000 tona zabortegira ez botatzea lortuko du, dekretu berri batekin
2025eko azaroaren 26a
  • Hondakinak
  • Ingurumen-plangintza
Josu Bilbao, Ingurumeneko Sailburuordea: “gero eta gehiago birziklatzen dugu, eta gero eta hondakin gutxiago botatzen dugu zabortegira”