Dokumentazioa
Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu duen errausketa-zepei buruzko dekretu berriarekin, Euskadik aurrera egingo du materialen aprobetxamenduan. Araudi horri esker, urtean 36.000 tona ez dira zabortegira bidaliko, eta baliagai gisa aprobetxatuko dira. Europako jardunbide zorrotzenekin bat datorren arauketa aurreratua da, eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartzen du.
Eusko Jaurlaritzak Europako herrialde aurreratuenekin bat datorren dekretu bat onartu du, errausketa-zepak berrerabiltzeko
Orain arte, hondakin horiek zabortegietan uzten ziren. Dekretua indarrean jartzen denean, errausketaren ondoren geratzen diren hondakinak (zepak) eraikuntza-material gisa erabili ahal izango dira. Ez dira hondakinak izango, baldin eta ingurumen-baldintza eta baldintza tekniko zorrotzak betetzen badituzte (dekretuan zehaztuta dauden kontrolak, analisiak eta baimendutako erabilerak).
Dekretuaren onurak bistakoak dira: zabortegira bidaltzen diren hondakinak murriztea, baliabide natural gutxiago erauztea, materialak aprobetxatzea eta Europako birziklatze-helburuen alde aurrera egitea.
Egin diren azterketek eta beste herrialdetako esperientziak erakusten dutenez, etxeetako eta enpresetako hondakinak erraustean sortzen diren zepak berrerabiltzea segurua da, eta, gainera, ingurumenerako ere hobeagoa da.
Zepa horiek berrerabiltzean, Euskadiko hondakinen kudeaketa hobetuko da, eta, datozen urteetan, birziklatze- eta balorizazio-mailak 2 eta 4 puntu bitartean handituko dira. Horri esker, Europako helburuak bete ahal izango dira, eta zabortegira hondakin gutxiago bidaliko dira.
Dekretu horren ondorioz, hondakinen kudeaketan aurreratuen dauden Europako herrialdeetako bat bihurtuko da Euskadi, Europan zepen balorizazio segurua jada ohiko jardunbidea baita. Araudi berriak Europako estandarren pareko ingurumen-kontrolak eta irizpide teknikoak ezartzen ditu, eta materialen segurtasuna eta trazabilitatea indartzen ditu.
Neurri horri esker, Euskadi hondakinen kudeaketa zirkular aurreratuen duten Europako eskualdeetako bat bihurtu da
Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak esan duenez, “hondakinak lurperatzeari uzten ari gara. Horren ordez, hondakinak baliabide erabilgarri bihurtuko ditugu eta zaborra murriztuko dugu. Urtero 36.000 tona hondakin ez dira zabortegira joango. Horri esker, zabortegiak ez dira hainbeste beteko eta haien balio-bizitza luzatu ahal izango da. Euskadin zero isurketa lortzeko aurrerapauso nabarmena da hau”.
Eredu aurreratuagoa eta jasangarriagoa
Hondakinen murrizketa ez da automatikoa: dekretuak hori lortzeko prozesua zehazten du, errausketatik sortutako zepak baldintza seguruetan berrerabili ahal izateko. Prozesu zehatza eta segurua da.
Lehenik eta behin, zepa horien tratamendu- eta kontrol-prozesua egin behar da: metalak bereizi, birrindu, ondu eta sailkatu, eta derrigorrezko ingurumen eta kalitate kontrolak egin.
Neurri horri esker, Euskadi hondakinen kudeaketa zirkular aurreratuen duten Europako eskualdeetako bat bihurtu da
Bigarrenik, segurtasun-egiaztapena egin beharko da. Zepak erabili ahal izateko, muga zorrotzak bete beharko dituzte, ingurumenari dagokionez. Horretarako, analisiak, trazabilitatea eta etengabeko kontrolak gainditu beharko dituzte, ingurunearentzat eta osasunarentzat arriskurik sortuko ez dutela bermatzeko.
Horrela, material gisa berrerabili ahal izango dira. Hau da, tratatu ondoren, bigarren mailako agregakin gisa erabili ahal izango dira zepak, errepideetan, eraikuntzan, betegarrietan edo hormigoietan material naturalak ordeztuz. Horren guztiaren ondorioz, zepak ez dira zabortegian utziko, material gisa aprobetxatuko baitira, eta horrek hondakinak murrizten lagunduko du.
Dekretu horrekin, Euskadik murriztu egin du zabortegiarekiko duen mendekotasuna, eta Europako eskualde aurreratuen artean kokatu da hondakinak kudeatzeari dagokionez.
Iturria:Ihobe