Skip to main content
2026ko azaroaren 16a
  • Klima aldaketa

Euskadik nazioarteko esperientziak eta benetako soluzioak bilduko ditu ADAPT AKTION Euskadi 2050 topaketan, klima-aldaketara egokitzen aurrera egiteko

Zarautz

Azaroaren 24an eta 25ean, “ADAPT AKTION Euskadi 2050. Klima-aldaketara egokitzeko soluzioen foroa” egingo da Bilbon, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak bultzatutako topaketa. LIFE IP Urban Klima 2050 Europako proiektuaren liderrak dira, azken urteotan Euskadin egin den klima-ekintzako proiekturik handiena, eta 23 erakunde publiko eta pribatuk parte hartu dute.

ADAPT AKTIONen, nazioarteko 200 bat adituk, Europako proiektuk eta Euskadiko klima-ekintzarekin lotutako eragilek Urban Klima 2050 proiektuaren zazpi urteko lanaren emaitzak eta ikaskuntzak ezagutuko dituzte, eta datorren hamarkadan klima-aldaketara egokitzeko erronkak aztertuko dituzte.

Azaroaren 24an eta 25ean, ADAPT AKTION Euskadi 2050 egingo da Bilbon; topaketa horretan, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren zazpi urteko lanaren emaitzak eta ikaskuntzak partekatuko dira, eta datorren hamarkadan klima-aldaketara egokitzea markatuko duten erronkak aztertuko dira

Nazioarteko adituen hitzaldiak, Europako proiektuen arteko trukerako espazioak, Euskadin garatutako esperientziei buruzko mahaiak eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bultzatutako jarduketetara bisita teknikoak izango ditu egitarauak.

Nazioarteko adituak eta klima-egokitzapenerako erronkak

Bruno Molak, Europako Batzordeko Klimaren aldeko Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko (DG CLIMA) Hirien eta Tokiko Ekintza Klimatikoaren arduradunak, parte hartuko du programan. Klima-aldaketara egokitzeko Europako estrategien aplikazioan tokiko eta eskualdeko erakundeek duten zeregina izango du mintzagai.

Hitzaldi aipagarrien artean, “Klima ulertu etorkizuna eraldatzeko” hitzaldia ere badago, Isabel Moreno meteorologo eta zientzia dibulgatzailearen eskutik. Bere hitzaldian, zientziaren, klima-aldaketaren eta ekintzaren arteko harremana jorratuko du, ezagutza zientifikoa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin.

Bruno Mola Europako Batzordeko Hirien eta Tokiko Ekintza Klimatikoaren arduradunak eta Isabel Moreno meteorologo eta zientzia-dibulgatzaileak hartuko dute parte programan, eta COP31ren osteko klima-egokitzapenaren erronkak aztertuko dituzte

ADAPT AKTION Euskadi 2050 foroak, gainera, bere saioetako batean, COP31ren ondorio nagusiak eta klima-aldaketara egokitzeko bidean aurrera egiteko planteatzen diren erronkak aztertuko ditu. “Eta orain zer: COP31 osteko ikaspenak, seinaleak eta erronkak” mahai-inguruan bilduko dira Natalia Uribe, Regions4ko idazkari nagusia; Maria Jose Sanz, BC3ko zuzendari zientifikoa; eta Julen Rekondo, ingurumen-arloko aholkularia eta dibulgatzailea. Klimaren goi-bileraren emaitzak eta administrazioek, enpresek eta gizarteak klima-aldaketara egokitzeko bidean aurrera egiteko dituzten erronkak aztertuko dituzte solasaldian.

Nazioarteko dimentsioak ere tarte nabarmena izango du “LIFE sarearen indarra: proiektuen arteko lankidetza, lurraldeetan klima-egokitzapena bultzatzeko” mahai-inguruaren bitartez. Saioan, LIFE NAdapta, LIFE Garachico eta LIFE Climax Po proiektuetako ordezkariak bilduko dira, eta Europako hainbat lurraldetatik klima-aldaketara egokitzeari buruzko esperientziak eta ikaskuntzak partekatuko dituzte.

Topaketan, gainera, Euskadik klima-aldaketara azkarrago egokitzeko gaur egun bultzatzen dituen sei proiektu erakusleak aurkeztuko dira. Ekimen horien artean daude Bilboko itsasadarraren ingurune metropolitarra egokitzea, Txingudiko estuarioa birsortzea, Zarauzko kostaldeko frontea egokitzea, Bakioko padura eta urpean gera daitekeen basoa lehengoratzea, Gasteizko Zadorra ibaiaren ingurumena berreskuratzea eta Legazpin hiri-babesleku klimatikoak sortzea. Saioak aukera emango du hausnartzeko datorren hamarkada markatuko duten lan-ildoei buruz eta esperientzia horiek ezagutza aplikatua sortzeko eta beste lurralde batzuetara transferitzea errazteko duten potentzialari buruz.

Euskadin klima-aldaketarekin bizitzeko garatutako soluzioak

Topaketaren ardatz nagusietako bat mahai inspiratzaileak izango dira, LIFE IP Urban Klima 2050 ekimenaren esparruan garatutako esperientziak aurkeztera bideratuak, “Frogatu, ikasi eta eredua kopiatu” lelopean. Saioetan, klima egokitzeko estrategikoak diren hiru esparrutan sustatutako jarduerak erakutsiko dira: kostaldea, ibai-arroak eta hiri-inguruneak eta hiri-periferiako inguruak.

“Itsasoarekin bizi” mahaiak aukera emango du Zarautzen eta Bermeon klima-aldaketaren eraginei aurre egiteko kostaldeko udalerrien egokitzapena indartzeko garatutako jarduerak ezagutzeko. Saioan, AZTIko eta bi udaletako ordezkariek hartuko dute parte.

“Urari lekua eman” mahaiak URAk, Donostiako eta Bakioko udalek eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutako esperientziak bilduko ditu. Ubideak birnaturalizatzearekin, uholde-arriskua gutxitzearekin eta ibai-sistemen erresilientzia hobetzearekin lotutako jarduerak landuko dira saioan.

Bestalde, “Egokitzeko birnaturalizatu” mahaiak NEIKERek, Tecnaliak eta BC3k hiri-inguruneetan eta hiri-periferietan bultzatutako esperientziak aurkeztuko ditu. Aurreikusitako edukien artean, Hirizainen aurkezpena dago. Hirizain naturan oinarritutako soluzioek herritarren osasunari eta ongizateari dakarzkioten onurak ikusteko eta ebaluatzeko tresna bat da.

Bisita teknikoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako proiektu pilotuetara

Bigarren jardunaldiak lurraldera eramango du topaketa, aldi bereko hiru ibilbideren bidez, eta LIFE IP Urban Klima 2050en esparruan garatutako sei jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera emango du. Bisitetan, azpiegitura berdearekin, uholdeen prebentzioarekin, ingurumena lehengoratzearekin eta kostaldea egokitzearekin lotutako klima-aldaketara egokitzeko soluzioak erakutsiko dira.

Araban, Jundizko korridore berdea ezagutzeko aukera emango du bisitak. Industrialdearen inguruan egin zen, ingurumena lehengoratzeko eta ingurunearen kalitatea hobetzeko. Ibilbideak Atarian jarraituko du, eta bertan aurkeztuko da natura klima-egokitzapenean txertatzeko Vitoria-Gasteizek duen estrategia, Basaldea eta LIFE IP Urban Klima 2050en esparruan sustatutako beste jarduera batzuekin batera, zeinaren helburua baita agrobioaniztasuna eta hiri- eta landa-inguruneen arteko lotura indartzea, edo Erdi Aroko hirigunea berpiztea, bero-uhartearen efektua arintzeko eta hiri-konforta hobetzeko.

Bigarren jardunaldian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatutako jarduketetara bisita teknikoak egingo dira, kostaldea klima-aldaketara egokitzeko soluzioak, uraren kudeaketa eta hiri-birnaturalizazioa bertatik bertara ezagutzeko

Bizkaian, parte-hartzaileek Bakion egin diren esku-hartzeak bisitatuko dituzte; izan ere, barne-padura bat eta uholdeen aurkako babesa indartzeko baso ureztagarri bat sortzea bultzatu da bertan. Tonpoin (Bermeo), berriz, hiri-inguruko azpiegitura berde gisa berreskuratu den eta erabilera publikorako irekita dagoen gunea da.

Gipuzkoako ibilbideari esker, Zarautzen garatu diren kostaldeko egokitze-jarduerak ezagutu ahal izango dira, itsas mailaren igoeraren eta olatu-gertakarien aurrean babesa indartzeko, baita Donostiako Errekatxulo ubidea birnaturalizatzeko lanak ere.

Zazpi urteko esperientzia ikaskuntzak partekatzeko

Bi jardunalditan, ADAPT AKTION Euskadi 2050ek tokiko eta nazioarteko esperientziak bilduko ditu, emaitzak partekatzeko, ezagutza trukatzeko eta aztertzeko Euskadin eta beste lurralde batzuetan garatutako soluzioek nola lagun dezaketen erresilientzia indartzen klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko.

Topaketaren bidez, LIFE IP Urban Klima 2050 ekimenak 23 erakunde bazkiderekin batera bultzatutako 40 ekintzen bidez lortutako ikaskuntzak bateratu ahal izango dira, eta aztertu ahal izango da esperientzia horiek nola inspira ditzaketen klima egokitzeko ekimen berriak Euskadin eta Europako beste lurralde batzuetan.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko azaroaren 10a
  • Klima aldaketa
Euskadiko udalerriei trantsizio energetikoan eta klimatikoan laguntzeko estrategia partekatu du Euskadik Klimaren Goi Bileran
2026ko azaroaren 9a
  • Klima aldaketa
Euskadik trantsizio energetikoa eta klimatikoa aurrekontu publikoetan txertatzeko metodologia aurkeztu du COP31n
2026ko azaroaren 5a
  • Klima aldaketa
Euskadik COP31 Klima Goi-bileran parte hartuko du, azaroaren 8tik 12ra bitartean Antalyan (Turkia) egingo dena
2026ko urriaren 14a
  • Klima aldaketa
Eusko Jaurlaritzako KAIA mahaiak klima-aldaketarako egokitzapena erakusten duten proiektuen aurrerabideak aztertu ditu