- Ekonomia zirkularra
Euskadik 130 jarduera baino gehiagorekin bat egin du 2026ko Hondakinen Prebentzioaren Europako Astearekin, kontsumo arduratsuagoa eta jasangarriagoa sustatzera begira
Euskadi Hondakinen Prebentzioaren Europako Astearen beste edizio bat egiteko prestatzen ari da. Azaroaren 21etik 29ra bitartean egingo da, eta herritarrak hondakinen sorrera murriztearen garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, berrerabilera sustatzea eta kontsumo-eredu arduratsu eta jasangarriagotarantz aurrera egitea izango da helburua.
«Aukera bakoitzak garrantzia du, BALORATU baliabideak!» lelopean, aurtengo kanpainak materialen kontsumoan eta hondakinen sorreran eragina duten eguneroko erabakien inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Azaroaren 21etik 29ra bitartean, administrazio publikoek, enpresek, ikastetxeek eta elkarteek 130 sentsibilizazio-jarduera baino gehiago bultzatuko dituzte, «Aukera bakoitzak garrantzia du, BALORATU baliabideak!» lelopean.
Hondakinen Prebentzioaren Europako Astea Europako ekimena da, eta Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, koordinatzen du Euskadin. Ekimen horren bitartez, administrazio publikoek, enpresek, ikastetxeek, elkarteek eta beste antolakunde batzuek herritarrak sentsibilizatzeko jardueren garapenean parte-hartzea sustatzen da.
Euskadin, edizio honek 130 jarduera baino gehiago ditu inskribatuta. Programazioak dibulgazio-ekimenak, tailerrak, hezkuntza-jarduerak eta esperientzia parte-hartzaileak biltzen ditu, herritarrei hondakinak sortu aurretik jardutearen garrantzia jakinarazteko helburuarekin.
Ihobek koordinatzen du Europako ekimena Euskadin, eta herritarrak gonbidatzen ditu beren kontsumo-ohiturei buruz hausnartzera, baliabideak hobeto aprobetxatzera eta hondakinen sorrera saihestera.
Bost Ekoetxeek ikasteko, esperimentatzeko eta ekintzarako jarduerak eskainiko dituzte
Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bidez kudeatzen duen Ekoetxea Sareak bat egingo du ekimenarekin, eta programazio berezia egingo du bere bost ingurumen-zentroetan.
Añana-Sobron Ekoetxeak azaroaren 21ean irekiko du bere programazioa Modernes musika- eta antzerki-ikuskizunarekin. Ikuskizun horrek eguneroko ekintzen bidez, hala nola murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen bidez, planeta zaintzearen garrantziaz gogoeta egitera animatzen du. Egun horretan bertan, Gabonetako apaingarriak sortu upcycling bidez tailerra egingo da, Gabonetako apaingarriak material berrerabiliak eta biodegradagarriak erabilita egitera animatzen duena.
Meatzaldea Ekoetxean, azaroaren 22an, Eko Race Meatzaldea egingo da, familientzako ginkana horrek trebetasun probak, koordinazioa eta talde-lana uztartuko ditu, kontsumo arduratsuarekin eta hondakinen prebentzioarekin lotutako erronken bitartez.
Jardunaldian beste jarduera batzuk ere egingo dira: Sormenezko sukaldaritza: zero hondakin, elikagaiak aprobetxatzen ikasteko; Erritmoa duten hondakinak, birziklatutako materialekin musika-tresnak eraikitzeko tailerra; Matraka ma non troppo ikuskizuna, baztertutako objektuei bestelako sormen-aukerak emango dizkiena; eta Aztertu: zientzia, birziklapena eta naturaren aldeko ekintza.
Ekoetxea sareko bost zentroek programazio berezia eskainiko dute, tailerrekin, esperientzia parte-hartzaileekin eta familientzako jarduerekin
Urdaibai Ekoetxeak larunbatean, hilaren 28an, Urdaibai Moda Zirkularra jardunaldia egingo du, hau da, arropak konpondu, pertsonalizatu, berrerabili eta trukatzeari buruzko jardunaldi parte-hartzailea. Igandean, hilaren 29an, ZIRKULATU: erle-papera familientzako tailerrak erabilera bakarreko materialen kontsumoa murrizteko alternatiba biodegradagarriak ezagutzea ahalbidetuko du.
Txingudi Ekoetxean, hilaren 28an, Plaiaundi Bizirik: garbiketa kolaboratiboa egingo da, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun entitateekin batera antolatutako jardunaldi horretan, Plaiaundiko Parke Ekologikotik hondakinak kendu eta ekosistemetan duten eraginaz sentsibilizatuko da.
Bestalde, Azpeitia Ekoetxean, azaroaren 28an, Sortu zure garbikari ekologikoa! jarduera praktikoa egingo da. Jarduera horri esker, ohiko garbiketa-produktu jakin batzuen alternatibak ezagutu ahal izango dira. Programazioa azaroaren 29an amaituko da Hondakinen bilketa: ibaiarenak ez direnak ekintza parte-hartzailearekin. Urola ibaiaren inguruak garbitzeko ekintza parte-hartzailea izango da.
Jarduera horiez gain, Ekoetxea Sareak ekonomia zirkularrari eta 7+1i buruzko zenbait baliabide didaktiko jarriko ditu ikastetxeen, familien eta herritarren eskura —berriz pentsatzera, murriztera, berrerabiltzera, konpontzera, berritzera, biltzera, birziklatzera eta berriz diseinatzera gonbidatuko dute—.
Quiz interaktiboa hondakinen prebentzioari buruz ikasteko eta sariak lortzeko
Programatutako jardueren osagarri gisa, Ihobek quiz bat jarriko du abian, herritarrak gonbidatuko dituena kontsumo arduratsuari, baliabideen aprobetxamenduari eta hondakinen prebentzioari buruz dituzten ezagutzak erakustera.
Ihobek hondakinen prebentzioari buruzko ezagutzak probatzeko quiz bat jarriko du abian, eta sariak izango dira parte-hartzaileentzat.
Galdera errazen bidez, parte-hartzaileek zenbait gairi buruz hausnartu ahal izango dute, hala nola produktu bat ordezkatu aurretik konpontzearen komenigarritasunari buruz, hondakinak prebenitzearen eta birziklatzearen arteko desberdintasunei buruz edo behar duguna soilik kontsumitzearen garrantziari buruz. Galdera horiek erantzun, eta sariak lortu ahal izango dira.
Ekimen horren bidez, Ihobek herritarren inplikazioa indartu nahi du eta erabaki indibidualak ere konponbidearen parte direla erakutsi nahi du.
Iturria:Ihobe