- Erosketa berdea
Ihobek Procura+ erosketa publiko jasangarriari buruzko nazioarteko mintegian hartu du parte Madrilen
Ihobe sozietate publikoak Europako erosketa publiko jasangarriaren fororik handienean hartu du parte: Procura+ mintegian. ICLEI Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Sareak antolatu du ekitaldia, eta Herbehereetan izan da, urriaren 8an eta 9an. Lau kontinentetako 100 pertsona baino gehiago bildu dira bertan, erosketa publiko berdearen erronka nagusiei irtenbide komunak bilatzeko.
Topaketa Europarentzat une bereziki garrantzitsuan egin da, Erosketa eta Kontratazio Publikoaren Zuzentaraua berrikusten ari baitira. Bertan, European Investment Bank-ek erosketa eta kontratazio publiko zirkularrari buruzko txostena aurkeztu du.
Topaketak agerian utzi du jasangarritasuna lizitazioen erdigunean jarriko duten ikuspegi berritzaileak bilatu behar direla
Foroa hainbat lantaldetan antolatu da, zeinetan bertaratutako erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu baitute. Zehazki, Ihobek talde horietako batzuetan hartu du parte; gai hauek landu dituzte:
- Kontratazio publiko zirkularra sustatzeko tresnak eta metodo praktikoak.
- Kontratazio publiko ekologikoa bultzatzea Europa osoan, CO2 errendimendu-eskalarekin.
- Etorkizun erresilienterako kontratazio estrategikoa: jasangarritasuna, berrikuntza, gizarte-balioa eta zirkulartasuna integratzea.
- Kontratazio jasangarria ekintzan: gainbegiratzea, kudeatzea eta neurtzea.
- Kontratazio publiko ekologikoaren inpaktua gainbegiratzea.
- Europako Batzordearen kontratazio publikoko zuzentarauak berrikustea.
Procura+ mintegian argi geratu da erakunde publiko guztiek —edozein dela ere haien sektorea, geografia edo gobernu-maila— erronka berberei egin behar dietela aurre, lizitazioetan ingurumen- eta/edo gizarte-irizpideak txertatzen saiatzean. Erronka horien artean sartzen dira baldintza-agiriak idazten dituzten taldeek gaikuntzarik eta pizgarririk ez izatea, klausulak behar bezala ezartzen direla ziurtatzeko zailtasunak izatea edo ingurumen-onurak neurtzeko oztopoak izatea.
Konponbideak hauek dira: eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa; gaitasunak garatzea, hala nola erreminta-kutxak edo prestakuntza, bai eskaintzarako, bai eskarirako, eta jasangarritasuna lizitazioaren erdigunean jartzen duten ikuspegi berritzaileak.
Eusko Jaurlaritzaren 2026-2030 aldirako Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Planak foro horretan identifikatutako jardunbide onenak hartuko ditu inspirazio, EAEko erosketa publiko berdeak ekarpen handiagoa egin dezan ingurumen-politikaren helburuak lortzeari dagokionez, eta, horrela, EAEk erreferentziazko eskualde izaten jarraituko du tresna horren erabileran.
Iturria:Ihobe