Skip to main content
2026ko urriaren 27a
  • Ekodiseinua
  • Ingurumen-plangintza
  • Hondakinak

Ihoberen gida bat, merkataritza elektronikoko bilgarrien ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna sustatzeko ikastaro baten oinarri

Ihoberen gida bat, merkataritza elektronikoko bilgarrien ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna sustatzeko ikastaro baten oinarri
Merkataritza elektronikoa goraldian dago Espainian: Salesforceren ikerlan baten arabera, urte honetako lehen hiruhilekoan bakarrik % 65 hazi da. Horregatik, hiru erakundeek prozesu horretan erabilitako ontziak eta bilgarriak jasangarriagoak izaten lagundu nahi dute.

Onlineko merkataritzaren gorakadaren eta banaketa-kate efizienteagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko beharraren eraginez, Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, AECOC-Kontsumo handiko enpresa fabrikatzaile eta banatzaileen elkarteak eta Ecoembesek gomendio multzo bat prestatu zuten 2019an, e-commercearen ontziak eta bilgarriak optimizatzeko.

Orain, gida oinarri hartuta, Ecoembesek ikastaro berri bat sortu du, gomendio horiek zabaltzeko eta produktuak merkataritza elektronikoaren bidez saltzen hasten diren enpresek edota bilgarrien sistema ingurumenaren aldetik eta ikuspuntu teknikotik, ekonomikotik eta sozialetik hobetu nahi dutenek erabil ditzaten.

Ikastaroa Ecoembesen TheCircularCampus izeneko prestakuntzaren eta ezagutzaren campus digitalean egin ahalko da, eta baliagarria izango da enpresentzat bilgarriak hobetzeko aukerak identifikatzeko, bai eta jasangarriagoak izan daitezen eta, aldi berean, euren babes-ezaugarriak, bortxaezintasuna, biltegiratzeko gaitasuna eta manipulatzeko eta itzultzeko erraztasuna berma ditzaten ere.

Gainera, edozein sektore profesionalentzat baliagarria izan daitekeen gomendio orokorren fitxa bat eskaintzen du, eta sektore profesional bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutakoak ere bai. Honako sektore hauetara bideratuta daude, besteak beste, fitxok: produktu anitzeko saltoki handiak, moda eta osagarriak, elektronika, etxea eta lorategia, lurringintza eta mezularitza/paketeria.

TheCircularCampus campusak hiru atal ditu: informazioa, prestakuntza eta parte-hartzea. Prestakuntza-atalean, erabiltzaileek eskura dituzte Ecoembesek beste erakunde batzuekin elkarlanean –esaterako, Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin eta ESCI-UPFko bizi-zikloaren eta klima-aldaketaren UNESCO Katedrarekin– egindako baliabideak, hala nola argitalpenak, gidak, infografiak, bideoak eta dekalogoak.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 15a
  • Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
2026ko uztailaren 13a
  • Ingurumen-plangintza
Ihobek hasiera eman die ingurumen-ebaluazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko tailerrerako inskripzioei
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan