Skip to main content
2026ko azaroaren 26a
  • Hondakinak
  • Ingurumen-plangintza

Josu Bilbao, Ingurumeneko Sailburuordea: “gero eta gehiago birziklatzen dugu, eta gero eta hondakin gutxiago botatzen dugu zabortegira”

Josu Bilbao

Eusko Jaurlaritzak, Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez, Euskadiko Ingurumen Profil berria argitaratu du, 2025. urteari buruzkoa. Oraingoan, bere gai nagusia udal hondakinak dira. Txosten honek hondakinen kudeaketa jasangarriaren abangoardian kokatzen du Euskadi, konklusio argi batez: gero eta gehiago birziklatzen dugu, eta gero eta hondakin gutxiago botatzen dugu zabortegira.

Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbaok eta Ihobeko Zuzendari Nagusi Alexander Botok gaur aurkeztu duten txosten berriaren arabera, Euskadi Europako batezbestekoaren azpian dago udal hondakinen sorreran, pertsona bakoitzeko neurtuta: berton 503 kg sortzen ditugu, eta EB-27n 513 kg. Horrez gain, kontuan hartu behar da hondakin horien ia erdiak gaika biltzen direla: % 45,3. 

Dokumentuak azpimarratzen duenez, udal hondakinak baliabideen iturri estrategikoa dira gaur egun, lehengaiekiko menpekotasun gero eta handiagoa duen Europa honetan. Hori horrela, haien kudeaketa egokia funtsezkoa da ekonomia zirkularrean, berotegi-efektuko gasen murrizketan eta itsasoaren babesean aurrera egiteko.

Ihobek Euskadiko 2025eko Ingurumen Profila argitaratu du, hau da,  ingurumenak gure lurraldean duen egoerari buruzko urteko txostena. Aurten, gai nagusia udal hondakinak izan dira

 “Etxean gaika ondo bereiztea eta hondakinak edukiontzi egokira botatzea funtsezkoa da Euskadik eredugarria izaten jarrai dezan, hondakinen kudeaketari dagokionez. Horrek esan nahi du euskal herritarrek hobeto bereizten dituztela etxean papera, beira, ontziak eta materia organikoa, beste hondakin batzuen artean, birziklatu edo hobeto aprobetxatu ahal izan daitezen”, adierazi du Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbaok. 

Alexander Botok, berriz, nabarmendu du “hondakinak gaika bereiztea eta birziklatzea lagungarria dela ingurumena zaintzeko, baliabideak aurrezteko eta kutsadura murrizteko”. Zenbat eta gehiago bereizi eta birziklatu, orduan eta zabor gutxiago doa zabortegira, eta material gehiago aprobetxatzen dira produktu berriak ekoizteko. Euskadi aurrera egiten ari da, baina oraindik ere lana geratzen da egiteko, batez ere gaikako bilketa eta birziklapena hobetzeari dagokionez”.

Halaber, txostenak aipatzen du Euskadik eboluzio ona duela zabortegira eramaten diren udal hondakinei dagokienez, zeren zabortegira % 16,9 soilik botatzen baitira -Europako batezbestekoa % 23 da-. Euskadik baditu birziklapenerako, konposatzerako eta balorizazio energetikorako plantak, lurralde osoan banatuta, eta hori lagungarria da hondakinak hobeto aprobetxatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko. Horrek islatzen du Eusko Jaurlaritzak ekonomia zirkularraren eta hondakinak baliabide bihurtzearen alde eginda apustua, eredu jasangarriago eta efizienteago baten bidetik aurrera eginez.

Heldu beharreko erronkak

Biltzen diren hondakin guztietatik, % 42,4 birziklatu edo berrerabiltzen da; adibidez: konpost bihurtzen da, papera, beira, plastikoak eta bestelakoak birziklatzen dira, etab.

Nolanahi ere, txostenak agerian uzten du gai batzuetan aurrera egiten jarraitu behar dela. Udal hondakinen kudeaketaren erronka nagusiak honako hauek dira: objektuei bigarren bizitza ematea, berrerabileraren eta konponketaren bitartez; elikagaiak hobeto aprobetxatzea, zaborrean amaitu ez daitezen; altzarien eta bolumen handiko beste hondakin batzuen bilketa eta tratamendua hobetzea; enpresei exijitzea merkaturatzen dituzten produktuen kudeaketan duten aduraren zatia bereganatu dezatela; eta, batez ere, herritarren sentsibilizazioa bultzatzea, pertsona guztiek jakin dezaten nola bereizi eta murriztu euren hondakinak.

Josu Blbao: “Zaborretik baliora pasatu behar dugu. Europak lehengaien eskasiari aurre egiteko irtenbideak bilatzen ari den une honetan, Euskadi aurrera doa bere udal hondakinak enplegua sortzeko eta planeta babesteko aukera bihurtzeko bidean

 “Udal hondakinen kudeaketa efizientea funtsezkoa da Euskadiko trantsizio ekologikorako”, adierazi du Josu Bilbaok. Gainera, bukatzeko, adierazi du “zaborretik baliora pasatu behar dugula. Europak lehengaien eskasiari aurre egiteko irtenbideak bilatzen ari den une honetan, Euskadi aurrera doa bere udal hondakinak enplegua sortzeko eta planeta babesteko aukera bihurtzeko bidean”.

Euskadiko Ingurumen Profilari dagokionez

Euskadiko Ingurumen Profila Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ihobe sozietate publikoak urtero egiten duen diagnostiko-tresna bat da, helburutzat duena ingurumenaren egoerak lurraldean duen eboluzioaz informatzea. 

Urte bakoitzean, gai konkretu bat jorratzen du monografikoki. Bere helburua da ikuspegi argi bat ematea, adierazleetan oinarritua, ingurumen-egoerari, aurrerapenei eta ingurumen-politiken erronkei buruz.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 7a
  • Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
2026ko martxoaren 26a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostenak aurrerapenak erakusten ditu aire eta deskarbonizazioaren arloetan, eta erronkak zehazten ditu ur eta biodibertsitatearen eremuetan
2026ko otsailaren 27a
  • Hondakinak
EHUko Geologiako ikasleek bisita teknikoa egin dute Barakaldoko Argalario segurtasun-biltegira
2026ko otsailaren 10a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko industriak jasangarritasunerako trantsizioa bizkortu du, Ihoberen azken Industria Ekobarometroaren arabera