Skip to main content
2026ko otsailaren 16a
  • Hondakinak
  • Ingurumen-plangintza

Reciclanet, Uvesco, Axular Lizeoa eta Arabako Foru Aldundia dira Hondakinen Prebentziorako Europako XIII. Sarirako hautagaiak

Reciclanet, Uvesco, Axular Lizeoa eta Arabako Foru Aldundia dira Hondakinen Prebentziorako Europako XIII. Sarirako hautagaiak
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea Europako Batzordearen ekimena da, eta hondakinen sorrera prebenitu eta minimizatzera bideratzen diren sentsibilizazio-ekintzak sustatzea eta ezartzea du helburu. Aurreko edizioan, 2021eko azaroaren 20tik 28ra bitartean, 38 eskualde inplikatu ziren, eta guztira 12.489 jarduera antolatu ziren Europa osoan (horietatik 136 Euskal Autonomia Erkidegoan garatu ziren), komunitate zirkularrak bultzatzera bideratuta; ikuspegi hurbilago bat lurraldetik, hondakinen sorrera prebenitzera bideratzen den tokiko ikuspegi batekin.

Astea iragan ondorik, eta Hondakinen Prebentziorako Europako Sariaren XIII. edizioaren bidez, Astearen esparruan egindako ekimenik onenak aintzatetsi nahi dira, eta, amaitzeko, entrega ekitaldia egingo da Bruselan 2022ko maiatzaren amaieran.

Lau euskal hautagaitzak


«Elkartea/GKE» kategorian, Reciclanetek Uribe Kostako eta Mungialdeko (Bizkaia) udalerrietako toki erakundeak inplikatu zituen ordenagailu eramangarrien, tableten eta telefono mugikorren gaikako bilketaren arloan. Berreskuratu zen materiala egokitu egin zen arrazoi ekonomikoengatik eten digitalari dagokion egoeran diren pertsonentzat, dohaintzan emateko edo prezio sozialean saltzeko, betiere integrazioa kontuan hartuta.

Uvescoren ekimenak, «Enpresa» kategorian, garbiguneak jarri zituen zenbait dendatan, bezeroek beren hondakinak bota eta birziklatzea berma zezaten. Garbigune horiek birziklatzeko orduan zalantzak sortzen dituzten hondakinak biltzeko pentsatu ziren, eta hagitz ohikoak dira etxe guztietan: kafe-kapsulak, toner-kartutxoak, pilak eta sukaldeko olioak. Horiez gainera, biltzeko egindako edukiontziak material birziklatuekin eginda daude.

Axular Lizeoak, «Hezkuntza Zentroa» kategorian, hainbat ekitaldi egin zituen ikastetxeak “espaloi jasangarria”rekin loturik dauden proiektuen berri emateko eta proiektuok ezagutarazteko. “Espaloi jasangarri” hau plastikozko botilak eta altzariak (aulkiak eta paperontziak) erabiliz eraiki da.

Administrazio Publikoaren kategorian, Arabako Foru Aldundiak kanpaina bat egin zuen Arabako herritarrak sentsibilizatzeko hondakinak behar bezala kudeatzeko beharraz eta Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzen laguntzeko. Gizartea hondakinen tratamenduaren hobekuntzan kontzientziatzeaz gain, ezgaitasun psikikoren bat duten pertsonek kanpaina honen bidez kolektiboaren benetako inklusioa erdiesteko duten ahalmenari balioa eman zitzaion. Horrela, ezgaitasun psikikoren bat duten pertsonak kanpaina ibiltariaren begiraleak eta kanpainaren esparruan egindako bideoaren eta iragarkien protagonistak izan dira.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 15a
  • Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
2026ko uztailaren 13a
  • Ingurumen-plangintza
Ihobek hasiera eman die ingurumen-ebaluazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko tailerrerako inskripzioei
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan