Skip to main content
2026ko apirilaren 4a

The Climate Groupek emisioak satelite bidez neurtzeko nazioarteko proiektu baterako aukeratu du Euskadi

The Climate Groupek emisioak satelite bidez neurtzeko nazioarteko proiektu baterako aukeratu du Euskadi

Euskadi Under2 koalizioaren kide liderra da (The Climate Group koalizio horren idazkaritza da), eta ekimen honetan parte hartzen duten sei eskualdeetako bat da. Beste bostak hauek dira: Abruzzo (Italia), Jalisco (Mexiko), Pernambuco (Brasil), Querétaro (Mexiko) eta Lurmutur Mendebaldea (Hegoafrika).

Satelite-irudiak eta gas-emisioak irudietan identifikatzeko gai den machine learning teknologia erabiliz, STARRS nazioarteko proiektu pilotuak emisio hauek neurtuko ditu, besteak beste: karbono dioxidoarenak sektore guztietan, petroliotik datorren metanoarenak eta ongarri sintetikoetatik datorren gasarenak eta oxido nitrosoarenak.

Gainera, The Climate Groupek sei eskualdeekin batera egingo du lan ekintza klimatikoa lurralde-jurisdikzio bakoitzaren barruan, hasi, hobetu edo bizkortzeko neurrira egindako estrategiak planifikatu eta abiarazten laguntzeko. Eskualde bakoitzak helburu bat jarriko dio bere buruari proiektuaren hedapenean; esaterako, klima-aldaketa arintzeko bere estrategiak hobetzea.

Lehen emaitzak 2023rako aurreikusten dira

Euskadi aukeratu izana aukera bikaina da Euskadiko berotegi-efektuko gasen isurien inbentarioa osatzen duten datuak biribiltzeko. Aipatu inbentarioa urtean behin argitaratzen dute Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE). Tresna horren ibilbide historikoak agerian jartzen du Euskadik arlo honetan bere gain hartu dituen rola eta konpromisoa; hain zuzen ere, eskumen-esparrua gainditu du, Nazio Batuen Erakundeak estatuei bakarrik eskatzen dien lanketa bat bere gain hartu baitu.


2021eko urrian argitaratu zuen Ihobek azken inbentarioa, 2019ari zegokiona, bai eta Euskadiko lurralde historikoen arabera bereizitako emaitzak ere.

Zuzeneko behaketa independentea


Climate TRACEren emisioen inbentarioa berotegi-efektuko gasen emisioen munduko lehen kontabilitatea da, eta zuzeneko behaketa independentean oinarritzen da nagusiki. Ikuspegi berritzaile, ireki eta irisgarri batetik, bere jarduketa-eremuak aurrerapen teknologikoa du ardatz, eta herrialde guztientzako ezagutza-arrakala kritikoak estali nahi ditu. Oraingo emisioen inbentario gehienen oinarria autotxosteneko mosaikoaren sistema da, eta herrialde guztiak horren mendekoak dira.

Euskadik proiektu honetan parte hartzeak aintzatespen bat dakar The Climate Groupekin –500 enpresa multinazional baino gehiago ditu mundu osoko 175 merkatutan– daukan nazioarteko elkarlan estuaren barruan. Erakunde hori Under2 koalizioaren barruan dago. Koalizio hori 260 gobernuk baino gehiagok osatzen dute, eta 1.750 milioi pertsona baino gehiago eta munduko ekonomiaren % 50 ordezkatzen ditu.

STARRS proiektuak ClimateWorks fundazioaren eta Google.org-en finantzaketa du ere, eta 2022ko otsailean abiarazi zen ofizialki, lehen lan-bilerekin. Aurreikusten denez, 2023aren hasieran argitaratuko ditu atariko emaitzak.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko irailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik Basque Zirkular Metals proiektua bultzatu du, Europako altzairugintzaren industria zirkular berrian buru izateko xedearekin
2026ko irailaren 11
  • Ekoberrikuntza
Arabako ehun enpresak baino gehiagok teknologia garbien aldeko apustua egin dute —sozietateen gaineko zergan % 35eko kenkari fiskalak dituzte—
2026ko irailaren 10a
  • Ingurumen-komunikazioa
Ingurumen Komunikazioaren Eskolak klima-kezka ekintza bihurtuko duten kontakizunen aldeko apustua egin du
2026ko irailaren 9a
  • Ingurumen-plangintza
Irantzu Sádaba (EIA): “Europak adimen artifiziala eta digitalizazioa bideratu behar ditu bere trantsizio berdea babesteko”