2021eko abenduan onartu zenetik, EAEko ia hogei erakunde eta enpresa publiko (19) atxiki zaizkio erosketa eta kontratazio berdearekiko konpromisoari, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programaren esparruan. Eusko Jaurlaritzaren ekimen horren helburua da EAEko administrazio publikoek egiten dituzten ingurumen-inpaktu handieneko kontratazioen eta erosketen % 75 irizpide jasangarrien bidez egitea hamarkadaren amaierarako. Era berean, 150 erakunde publikok eta 50 erakunde pribatuk horren inguruko konpromisoa formalizatzea lortu nahi da. Gorde Helburua da euskal administrazio publikoek egiten dituzten ingurumen-inpaktu handieneko kontratazioen eta erosketen % 75 irizpide jasangarrien bidez egitea 2030. urtea baino lehenDatu horiek Gasteizen ezagutarazi dira gaur, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programaren aurrerapenak aurkezteko jardunaldiaren barruan. Programa hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak batera egin dute, erakunde publikoen eta pribatuen parte-hartzearekin. Amaia Barredok, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, nabarmendu du Euskadiko sektore publikoa aitzindaria dela Europan erosketa eta kontratazio publiko berdea ezartzen, 20 urteko ibilbidearekin, eta, orain, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako hirugarren programa honek indartu egiten dituela enpresa-sektorearen eginkizuna eta protagonismoa. “Era berean, erosketa berdea sustatu nahi dugu administrazio publikoan zein sektore pribatuan, merkatuarekin koordinatuta, eta ekintza publiko-pribatuaren onurak zabaldu nahi ditugu, ingurumenaren babesean ez ezik, enpresen lehiakortasunean eta pertsonen ongizatean ere eragina izan dezaten.” Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordeak azaldu du orain arte onartu diren erosketa eta kontratazio berdearen hiru programei esker (programa berria barne), Euskadik pixkanaka egin ahal izan duela aurrera arlo horretan, eta inork ez duela zalantzan jartzen eraginkorra izango denik EAEko administrazio osoan erosketa publiko berdea sendotzeko, EAEko sektore pribatuan erosketa berdea ezartzeko eta merkatu berdea EAEko kalitatezko eskaintza lehiakorrarekin garatzeko. Bi sailburuordeek, gainera, bat egin dute ondasunak eta zerbitzuak erosteko eta kontratatzeko orduan erantzukizun publikoa eta pribatua eskatzeko orduan, eta zoriondu egin dituzte ondo egiten ari direnak, eta beste erakunde batzuk animatu dituzte konpromiso berriarekin bat egin dezaten. Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programa hurrengo urteetan gauzatzearen helburua da produktu, obra eta zerbitzu berdeak erostearekin eta erabiltzearekin lotutako karbono-emisioak % 26 murriztea. Era berean, atxikitako erakundeek kontratatutako elektrizitate-horniduraren % 100 iturri berriztagarrietatik etorriko da; atxikitako erakunde publikoen lizitazioetan nabarmen sartutako ontzi guztiak birziklagarriak edo berrerabilgarriak izango dira eta atxikitako erakundeek kudeatutako obra-hondakinen % 95 errebalorizaziora bideratuko da. Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030erako Programak erronka berriak hartzen ditu bere gain, lehentasunezko hiru eremuetan (ekonomia zirkularra, klima-aldaketa eta natura-ingurunea eta biodibertsitatea) EAEko ekonomiaren eta ingurumenaren politikaren koherentzia ziurtatuta, erosketa eta kontratazio berde publikoaren ezarpena sendotuta eta, berrikuntza nagusi gisa, enpresa-sektorea mobilizatuta irtenbide jasangarriak ere eskain ditzan, ingurumen-errendimendu handiagoa eta lehiakortasun handiagoa bateratuz. Bi hamarkadako ibilbidea Jardunaldian, Euskadin azken urteotan egindako ibilbidearen eta lortutako emaitzen errepasoa egin da. Duela bi hamarkada baino gehiago, mundu osoko herrialdeek onartu zuten ingurumenaren degradazioaren eta bidegabekeria sozialaren arrazoi nagusietako bat produkzio eta kontsumo jasanezineko ereduak zirela. Harrezkero, garapen ekonomiko eta sozialeko eredu jasangarrietarako trantsizioaren buruan egon da Euskadi Europako lurraldeen artean, eta konpromisoa hartu du erosketa eta kontratazioan ingurumen-irizpideak sendo eta egonkor eta plangintza estrategikoaren maila guztietan txertatzeko. Haren anbizioa, laguntza tekniko espezializatua eta inplikatutako eragileen mobilizazioa direla-eta, Europako gobernu nazional eta erregional aurreratuenen ekimenen buru da Euskadik erosketa eta kontratazio publiko berdean duen estrategia. 2005az geroztik urtero izandako emaitzen azterketak egiaztatzen du EAEko administrazioaren erosketa berdea sendotu egin dela, lizitazio guztien % 24 inguru. Ingurumen-irizpide horrek konstante samar jarraitzen du, nahiz eta urtero aldatzen diren lizitazioak eta haien bolumena. Euskal sektore publikoaren erosketa eta kontratazio nagusiak 12 kategoria lehenetsitan kokatzen dira (obra eta azpiegitura zerbitzuak, ehunak, energia elektrikoa, ibilgailu astunak, eraikuntza eta urbanizazioa, elikadura, argiteria publikoa, ekipo informatikoak, altzariak, lorezaintza, ibilgailu arinak eta inprimatze-ekipoak). 2021, zifratan Euskadiko 2021eko lizitazio guztiei dagokienez —6.949—, programa berriaren bultzadari esker, lizitazio horien % 30 baino gehiago —2.160— ingurumen-irizpideak integratuz gauzatu dira, eta horrek esan nahi du ingurumen-irizpideekin lizitatutako zenbateko ekonomikoa ia 70 milioi eurokoa dela (690.247.214,72 €). Gainera, ehunekoa etengabe hazi da: 2018an % 21 izan zen, 2019an % 24 eta, urtebete geroago, % 26. Hala ere, datua programa berriak lehenesten dituen kategoriei erreparatuta, ehunekoak nabarmen igotzen dira: lizitazioen % 44k ingurumen-irizpideak hartzen zituzten kontuan, eta kontratazio horiek Euskadin 2021. urtean lizitatutako bolumen ekonomiko osoaren % 50 baino gehiago izan ziren. Lehenetsitako kategorien artean, 2021eko ekitaldian, energia elektrikoaren eta ehungintzaren lizitazioek –% 82,4 eta % 72,5, hurrenez hurren– 2025. urterako ezarritako helburuak lortu dituzte dagoeneko. Bestalde, nabarmendu beharra dago lehenetsitako beste kategoria batzuek, hala nola argiteria publikoak, lorezaintzak, inprimatze-ekipoek, obra zibilak, ibilgailu arinek eta astunek, zati batez betetzen dituztela aipaturiko helburu horiek, ingurumen-irizpideak dituzten lizitazioen % 45-65 bitartean hain zuzen. Horren atzetik, eta, beraz, erosketa eta kontratazio berdearen arloan hobekuntza-marjina handiena dutenak honako kategoria hauek daude: elikadura —% 32,7—, ekipamendu informatikoak —% 33,3—, eraikuntza eta urbanizazioa —% 37,9— eta altzariak —% 38,8—. Bestalde, Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua eskaintzen die administrazio publikoei, euren lizitazioetan ingurumen-klausulak behar bezala sartzen jakin dezaten eta, ondoren, aurkeztutako eskaintzak nola baloratu jakin dezaten. 2021ean, laguntza pertsonalizatuko zerbitzu hori 55 aldiz iritsi zitzaien 30 administrazio publikori. Horren ondorioz, produktu eta zerbitzuen kategoria desberdinetako 32 lizitaziotan ingurumen-irizpideak txertatu ziren, eta 23 kontsulta ebatzi ziren. Zerbitzu hori eskatzeko, mezu elektroniko bat bidal daiteke Interneteko honako helbide honetara: compra.verde@ihobe.eus. Inspirazioa dakarten esperientziak Gaurko jardunaldian, EITBko, Gorbeialdeko Kuadrillako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek erosketa eta kontratazio berdean izandako esperientzien berri eman dute. Roberto Martínez Somolinos EITBko erosketa-buruak jardunaldian parte hartu du, eta EITB taldearen esperientzia azaldu du. Talde hori EAEko erakunde publiko aitzindarietako bat da erosketa berdearen bidean, eta, ibilbide luze horri esker, ingurumen-irizpideak txertatu ditu lizitazioetan, oso sistematizatuta. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerbitzu Orokorretako buru Francisco Pérezek parte hartu du. Ingurumenaren arloan ibilbide luzea egin duen erakunde publikoa da, eta emaitzak ugaritzea ekarri du, administrazio bakar baten ahaleginei esker, Gipuzkoako udalerri guztiek onurak jaso baitituzte: Aldundiak lizitazioetan ingurumen irizpideak txertatzeko ahalegina egiten du, eta ondoriozko kontratuei ahaleginik egin gabe atxikitzen dira lurralde historikoko udalerriak. Jon Toñak, Ingurumeneko teknikariak, Gorbeialdeko Kuadrillako ordezkaria den aldetik hitz egin du, erosketa publiko berdea erakundearen tamainarekin lotuta ez dagoela erakusten duen adibide. Haren apustuak erakutsi du udalerri txikiek ere ildo horretan aurrera egin dezaketela, eta agerian utzi du horrelako erakundeek (kuadrillak, mankomunitateak, etab.) garrantzi handia dutela Euskadin gutxien bizi diren eta/edo baliabide gutxien dituzten udalerrietan erosketa berdea sartzeko funtsezko laguntza den aldetik. Atxikitako erakundeak Gaur egun, ia hogei erakunde atxiki zaizkio erosketa eta kontratazio berdearekiko konpromiso berriari: 1Gorbeialdeko Kuadrilla2CIFP Bidasoa LHII3Euskalduna Jauregia4 Ararteko5Arabako Parke Teknologikoa6Bizkaiako Parke Teknologikoa7Gipuzkoako Parke Teknologikoa8Tolosaldeko ESI-a9EITB erakunde publikoa10Bilbo eta Basurtuko ESI-a11Deba Bailarako Industrialdea12Barrualde Galdakaoko ESI-a13Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea14Goierri Alto Urolako ESI-a15SPRILUR16Euskal Herriko Unibertsitatea17URA Agentzia18Visesa19Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa Gainera, oraindik gauzatu ez bada ere, beste hamabost erakundek berretsi dute programa berrira atxiki direla eta, beraz, erosketa eta kontratazio berdearekiko konpromisoa hartu dutela. Anterior Siguiente
Erosketa berdea, Iraunkortasun lokala Gorde Erosketa berdea, Iraunkortasun lokala Erosketa eta kontratazio berdean ingurumen-irizpideak txertatzeko prozesua bizkortzeko Lantaldearen bilera 2024/05/29
Erosketa berdea Gorde Erosketa berdea 2022an, Euskadiko erosketa eta kontratazio publiko berdeak 2025erako ezarritako helburu gehienak gainditu zituen 2024/02/14
Erosketa berdea Gorde Erosketa berdea Eusko Jaurlaritzak behartzen du ingurumen-klausulak bere Sail eta erakunde publiko guztien lizitazioetan sartzera 2023/03/27
Erosketa berdea Gorde Erosketa berdea Helburu jakineko uniformeak, Ekoetxea sare berrirako 2023/02/27