- Ekonomia zirkularra
Basque Circular Hub-ek euskal gazteen enplegagarritasuna bultzatzen du ekonomia zirkularraren eta trantsizio ekologikoaren esparruetan
Basque Circular Hub-ek, Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak, diploma eman die gaur Bilbon 121 gazte profesionali; gazte horiek 2024 eta 2025 bitartean jaso dute prestakuntza, Euskadin ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatze aldera.
Nagore Peñalva, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Zirkularraren zuzendaria, izan da ekitaldiko buru, eta nabarmendu du premiazkoa dela profil profesional kualifikatuak izatea gure lehiakortasuna, autosufizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko: “Asaldura handiko unea bizi dugu orain, non inoiz baino beharrezkoagoa baita ekonomia zirkularra”, adierazi du.
2030eko Industria Planerako talentu gaztea
Hitzaldian, Peñalvak azpimarratu du ere gazte horien ahalegina “eraiki nahi dugun Euskadi jasangarriaren adibiderik onena dela”. 2030eko Industria Planaren beharrizanei erantzuten die prestakuntzak; iazko irailean onetsi zen eta horren ibilbide-orriak zenbait proiektu eraldatzaile hartzen ditu barne, hala nola BasquESG, ETEen jasangarritasuna eta gardentasuna xede dituena, eta Basque Zirkular Metals, produktuaren pasaporte digitala eta metal-sektorea ardatz hartuta.
121 gaztek egin dute prestakuntza 2024 eta 2025 bitartean
"Ingurumen-sektoreari lotuta dauden arau- nahiz merkatu-aldaketen abiadurak handitu du araututako goi-mailako hezkuntzak eskaintzen dituen gaitasunen eta enpresen beharren arteko arrakala”, azaldu du zuzendariak. Horiek horrela, Basque Circular Hub zentroak zubi-lana egiten du; izan ere, gizartearentzat onuragarria den prestakuntza arina eskaintzen du eta, ondorioz, gazteen enplegagarritasuna hobetzen du eta araudien erronkei erantzuteko gai diren langileak ematen dizkio industriari.
Programa arrakastatsuak eta laneratze-tasa handia
Ekitaldian azpimarratu dira 2024-2025 ikasturtean egindako hiru programa nagusien emaitzak:
- Basque Green Talent programak, zeina Novia Salcedo fundazioarekin lankidetzan antolatu baita eta zeina Europako Gizarte Funtsa Plusek (EGF+) zati batean finantzatu baitu, 99 gazte prestatu ditu bost edizioetan. Programaren helburua esparru estrategikoetan gaitasunak garatzea da, hala nola bizi-zikloa aztertzea, ingurumenaren reportinga egitea, eta deskarbonizazioa aztertzea.
- Ekodiseinatuz programa Euskadiko hezkuntza-erakundeekin lankidetzan garatu da, eta horren bidez graduko azken mailako ikasleak enpresa-errealitatearekin lotzen ditu. 2024an, programak zortzi ikasle prestatu zituen eta hazi bat erein zuen, 2025. urtean toki denak bete baitziren gaur egun prestakuntzan dauden 32 ikasle gehiagorekin.
- Circular Berrindartzea programaren hirugarren edizioa egin zen 2024an, eta hamalau pertsona gaitu ditu azken deialdian. Parte-hartzaileek lagundu dute euskal enpresetan deskarbonizaziorako bideak ezartzen, betiere bizi-zikloaren ikuspegitik.
Datuek berresten dute ekimen horien arrakasta. Basque Circular Hub zentroa 2021ean sortu zen, eta ordutik 600 gazte baino gehiagori eman zaie prestakuntza. Egin diren barne-inkesten arabera, parte-hartzaileen % 94k uste du programari esker prestakuntza arautua osatzeko gaitasunak eta tresnak eskuratu zituztela.
Laneratze-tasari dagokionez, bi urteko enplegagarritasuna % 60 eta % 88 bitartekoa da; enplegua lortu zutenei dagokienez, erdiak ingurumen-jasangarritasunarekin zuzeneko lotura duten lanpostua lortu zuen, praktikaldia amaitu eta hilabete igaro baino lehen.
Basque Circular Hub-ek, 2021etik, guztira 600 gazte baino gehiago prestatu ditu ekonomia zirkularraren esparruan
Ekitaldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Zirkularraren zuzendaria promozio berriko ikasleak animatu ditu ikasitakoa aplikatu dezaten: “Gizarte deskarbonizaturako eta zirkularrerako trantsizioa bizkortu dezakeen belaunaldia zarete. Ematen duzuen urrats hori lagungarria izango da lehiakorragoa eta erresilienteagoa den Euskadi eraikitzeko".
Basque Circular HUBa
Basque Circular Hub ekimena ekimen publiko-pribatua da eta Euskadin ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuak eskaintzea du xede. Ihobe sozietate publikoak kudeatzen du eta hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da, hala nola Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Vitoria-Gasteizko Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Tknika Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroa eta Novia Salcedo fundazioa.
Iturria:Ihobe