Skip to main content
2025eko urriaren 17a
  • Klima aldaketa

Euskadik 2005etik aurrera % 38 isurketa gutxiago sortu ditu, eta neutraltasun klimatikorako bidea sendotu du

Inventario 2024

Euskadi neutraltasun klimatikoa lortzeko bidean dago. Gaur aurkeztutako 2024. urteko Berotegi-efektuko gas (BEG) isurien inbentarioaren aurrerapenaren arabera, autonomia-erkidegoak 15,8 milioi tona CO₂ baliokide jaulki ditu, hau da, joan den urtean baino % 1 gutxiago eta 2005ean baino % 38 gutxiago. Bilakaera positibo hori hazkunde ekonomikoa eman den bitartean gertatu da, BPG % 2,2 hazi baita azken urtean eta % 30 2005. urtetik aurrera.

2024an, berotegi-efektuko gasen emisioak aurreko urtean baino % 1 gutxiago izan dira, eta BPG % 2,2 handitu da

Beherakada hori, batez ere, energia-sektorean isuriak % 5 jaitsi direlako gertatu da. Industria sektorean ere isurketak % 9 murriztu dira, eta hondakin sektorean % 5. Hala ere, zenbait sektoretan isurketak handitu dira: garraioan % 6, bizitegian % 4, zerbitzuetan % 1 eta nekazaritzan % 3.

Garrantzitsua da nabarmentzea, 2005. urtearekin konparatuta, sektore guztiek nabarmen murriztu dituztela isurketak (hondakinak -% 57, energia -% 56, nekazaritza -% 51, industria -% 50, zerbitzuak -% 41, bizitegia -% 34), garraioak izan ezik; izan ere, garraio sektoreko emisioek % 15 igo dira. Garraioa, gainera, Euskadiko guztizko isurketen gehiengoa sortzen duen sektorea da, % 41.

Garraioa isurketa gehien botatzen duen sektorea da, eta industriak eta energia sektoreak isurketak gehien murriztu dituzten sektoreak dira

"EU ETS" isurketa-eskubideen Europako merkataritzaren araudiak araututako sektoreen artean (oro har, isurketa altuak dituzten industria- edo energia-instalazio handiak), talde horren isuriak % 0,41 igo dira 2023arekin konparatuz. 

Xurgapenei dagokienez, Lurraren erabilera, Erabilera aldaketa eta Basogintza sektorean (UTCUTS) 2,6 milioi tona CO₂ xurgapen garbia egon zen 2023an (eskuragai dagoen azken urtea), Euskadiko klima-estrategian hustubide naturalek duten zeregina indartuz.

Euskadin BPGren unitate bat ekoizteko sortzen diren emisioak % 51 jaitsi dira 2005. urtearekin konparatuz

Aurrerapen horren arabera, Euskadik 2021-2024 aldirako Energia-trantsiziorako eta Klima-aldaketarako Planean ezarritako helburua bete du, hau da, 2024rako isuriak % 30 murriztea. Halaber, Trantsizio energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legean ezarritako helburua lortzeko bidean dago, hau da, 2030erako murrizketa hori % 45ekoa izatea.

Inbentarioari buruz

Euskadiko Berotegi-efektuko gasen inbentarioa Ihobe sozietate publikoak urtero egiten duen estatistika-eragiketa da, eta lurraldean isuritako eta xurgatutako gas kopurua biltzen du, aurrerapena monitorizatzeko. 

Informazioa isuritako gas motaren, sektorearen eta isurketa-iturriaren arabera zehazten da, eta BPGrekin eta isurien intentsitatearekin lotuta aurkezten da. 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko azaroaren 12a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza
2025ko ASTEKLIMAren 6 edizioak 87 erakunde eta 138 jarduera bildu ditu Euskadin
2025eko azaroaren 10a
  • Klima aldaketa
Brasilen hasi da COP30 goi-bilera klimatikoa, Estatuen finantziazio eta ekintza gehiagoren lortzeko xedearekin
2025eko urriaren 29a
  • Klima aldaketa
Europako Batzordeak Pirinioak bisitatu ditu eta Euskadiko erakundeekin bildu da Pyrenees4Clima proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko
2025eko urriaren 24a
  • Klima aldaketa
Ihobek bat egiten du Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, bere egokitzapen-proiektuak eta KAIA ekimena azpimarratuz