- Klima aldaketa
Euskadiko udalerriei trantsizio energetikoan eta klimatikoan laguntzeko estrategia partekatu du Euskadik Klimaren Goi Bileran
Eusko Jaurlaritzak udalerriei trantsizio energetikoan eta klimatikoan aurrera egiteko babesa eta laguntza emateko bere estrategia partekatu du gaur COP31n. Ereduak plangintza, finantzazioa, gaikuntza eta tresnak uztartzen ditu klima-aldaketari aurre egiteko ekintza lurraldean jarduera zehatzen bidez gauzatzeko. Hala adierazi du Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak Antalyako Klimaren Goi Bileraren esparruan BC3k antolatu duen “Bidezko trantsizioa: tokiko gobernuak eta komunitateak sustatzea” ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzak COP31ra eraman du tokiko ekintza klimatikoaren bertako eredua, udalei eta toki-erakundeei zuzendutako plangintzan, finantzazioan eta laguntzan oinarritzen dena, udalerri erresilienteagoak eta deskarbonizatuak lortzeko bidean aurrera egiteko
Euskadiren esperientziaren abiapuntua da argi izatea trantsizio energetikoa eta klimatikoa bidezkotzat jo daitekeela soilik lurralde guztietara iristen bada eta tokiko errealitate guztiak kontuan hartzen baditu. Hain zuzen ere, Euskadiko Klima eta Energia Planek emisioak arintzea, egokitzapena eta bidezko trantsizioa jasotzen dituzte eta, besteak beste, barne hartzen dituzte kolektibo kalteberak babestea eta pobrezia energetikoa, gaikuntza eta enplegu berdea edo finantza-tresna berdeak sustatzea.
140 udalerri beren trantsizio energetikoa eta klimatikoa planifikatzen
Udalsarea 2030 Udalerri Jasangarrien Euskal Sareren azken datuen arabera, Euskadiko 140 udalerrik dute Klima eta Energia Plan bat, edo plan hori lantzen ari dira. Horietatik 69k dagoeneko onartu dute, eta beste 71 prestatzen ari dira.
Euskadiko 140 udalerrik dute dagoeneko Klima eta Energia Plan bat, edo lantzen ari dira: 69k onartuta dute eta 71 prozesuan daude
Euskadin, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak ezartzen du 5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energia Plana izan behar dutela. Tresna horiek modu integratuan hel diezaiekete emisioak arintzeari, klima-aldaketaren eraginetara egokitzeari eta bidezko trantsizioari udalerriaren ikuspegi global batetik.
Prozesu horri Klimaren eta Energiaren Aldeko Alkateen Ituna batzen zaio. Eskuratutako azken datuen arabera, 51 euskal udalerri atxiki zaizkio eta beste zortzi atxikitze-prozesuan daude.
Lau milioi euro lurraldea tokikotik eraldatzeko
Finantzazioa da udalei eta toki-erakundeei laguntzeko politika honen funtsezko beste tresnetako bat. Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri du toki-erakundeek sustatutako jasangarritasun-proiektuentzako laguntzen agindu bat, 4 milioi euroko zuzkidura duena, azken urteetako kopururik handiena. Aurrekontua ia % 54 handitu da aurreko deialditik, helmen eta ingurumen-inpaktu handiagoko jarduerak gauzatu ahal izateko.
Azaroaren 10eko euskal agenda osatzeko, BIK 2050 proiektuaren biki digitala aurkeztuko da adimen artifizialari buruzko saio batean, eta, arratsaldean, ordezkaritzak RegionsAdapt ekimenaren 10. urteurrenean parte hartuko du
Deialdiaren helburua da udalerri erresilienteagoak, jasangarriagoak eta klima-aldaketaren eta biodibertsitatea galtzearen aurrean hobeto prestatuta daudenak lortzen lagunduko duten ekimenei laguntzea. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko urriaren 30etik azaroaren 30era dago zabalik.
Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeentzako laguntzen beste deialdi bat jarri berri du abian, 4 milioi eurokoa, azken urteetako handiena eta aurrekoa baino ia % 54 handiagoa
Eusko Jaurlaritzak 2007tik 76 milioi euro mobilizatu ditu udalerriei ingurumen-arloan laguntzeko. Tresna horiek indartzearen aldeko apustuaren oinarrian emaitza zehatzak daude: aurreko urteko deialdian finantzatutako 165 ekintzak ingurumen-onurak sortzen ari dira eta, horien ondorioz, 1.500 tona CO₂ baino gehiago xurgatu dira; espazio degradatuen 150.000 m² baino gehiago berreskuratu dira eta habitat naturalen 64 hektarea inguru hobetu dira.
Inpaktua klima-ekintzarekin berariaz lotuta dauden proiektuetan ere ikusten da. Azken deialdiaren ondoren, hiri-azalera iragazkor berria lortu da, 8.300 m² baino gehiago; 7.200 zuhaitz inguru landatu dira 12 hektareatik gora basoberritzeko, eta, horri lotuta, 1.415 tona CO₂ atzitu dira.
Adimen artifiziala arrisku klimatikoei aurrea hartzeko
Euskadiko ordezkaritzak azaroaren 10erako COP31n duen agendan Adolfo Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak, ere parte hartuko du BBVAk antolatutako “Adimen artifizialaren erabilera datu klimatikoak, sare elektrikoaren kudeaketa eta finantzaketa klimatikoa bultzatzeko” topaketan.
Adolfo Uriartek Nerbioi itsasadarreko biki digitalaren diseinua aurkeztu du. Diseinu hori sortu da Bilbo Metropolitarrean erabakiak hobeto hartzeko eta arrisku klimatikoak murrizteko plataforma batean integratzeko agertoki klimatikoei buruzko informazioa, alerta goiztiarreko sistemak eta modelizazioa. Proiektuak erakusten du Euskadin egin den apustua gobernantza, ezagutza eta teknologia egokitzapen-neurri zehatzekin konbinatzeko, Bilbao Itsasadarra eta Klima – BIK 2050 proiektuaren esparruan.
Euskadi RegionsAdapt ekimenaren 10. urteurrenean
Arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak Regions4 nazioarteko sareak antolatutako RegionsAdapt ekimenaren 10. urteurrenaren ospakizunean parte hartuko du. Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak hitz egingo du topaketan, eta Mikel Jauregi sailburua ere elkarrizketatuko dute eta euskal ordezkaritza osoak parte hartuko du.
Parte-hartze horri esker, Euskadik bere esperientzia partekatuko du eta, aldi berean, klima-aldaketari aurre egiteko eskualdeetako gobernuen arteko lankidetzaren etorkizunari heldu ahal izango dio.
RegionsAdapt 2015ean sortu zen, Parisko COP21ean, eta Parisko Akordioa onartu zen aldi berean, nazioz azpiko gobernuei klima-aldaketara egokitzen berariaz laguntzeko lehenengo ekimen global gisa. Euskadi sortu zenetik da mugimendu horren parte, lehenengo konpromisoak sustatu zituen lurralde taldearekin batera.
Hamarkada bat geroago, RegionsAdapt ekimenak 470 milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen dituzten 85 estatu eta eskualde baino gehiago biltzen ditu. 2021etik, 46 eskualdek, horien artean Euskadik, 328 egokitzapen-jarduketa ezarri dituzte.
Iturria:Ihobe