Skip to main content
2026ko azaroaren 9a
  • Klima aldaketa

Euskadik trantsizio energetikoa eta klimatikoa aurrekontu publikoetan txertatzeko metodologia aurkeztu du COP31n

COP31 Euskadi

Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren ikuspegia Euskadiko Aurrekontu Orokorretan txertatzeko duen metodologia aurkeztu du gaur Antalyako COP31ean. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik esperientzia hori partekatu du Under2 Coalition eta Regions4 sareek Finantza Jasangarrien Behatokiaren laguntzarekin antolatutako Subnational Investment Forum izenekoan. Topaketa horretan, gobernu azpinazionalak, inbertitzaileak eta finantza-erakundeak bildu dira, estatuek eta eskualdeek garatutako proiektu klimatikoen finantzaketa bizkortzeko asmoz.

Mikel Jauregi sailburuak euskal esperientzia aurkeztu du Turkiako Antalya hirian, eskualdeko gobernuak, inbertitzaileak eta finantza-erakundeak bildu dituen Klimaren Goi Bilerako Subnational Investment Forum izenekoan

Eusko Jaurlaritzak garatutako ereduak deskarbonizazioari, energia-efizientziari eta klima-aldaketaren ondorioetarako egokitzapenari ekarpen positiboa egiten dioten aurrekontu-partidak identifikatzea, sailkatzea eta ebaluatzea ahalbidetzen du.

Eskaini duen hitzaldian, Jauregi sailburuak erakutsi du energia- eta klima-helburuekin bat datorren aurrekontu egitura batek baliabide publikoak bideratzen, proiektuen prestaketa indartzen eta finantzaketa mobilizatzen lagundu dezakeela.

2026ko aurrekontuaren % 1,9

Energia- eta klima-ikuspegia Euskadiko Aurrekontu Orokorretan txertatzeko gida metodologikoa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak egin du, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, Energiaren Euskal Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Aurrekontu Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Ereduaren aplikazioarekin ondorioztatu denez, Euskadiko 2026ko Aurrekontu Orokorren % 1,9k ekarpen positiboa egin dio trantsizio energetiko eta klimatikoari. Ehuneko hori 2025eko bera da, eta gora egin du 2023az geroztik (hots, eredu horren arabera aztertu den lehen urteaz geroztik).

Euskadiko 2026ko Aurrekontu Orokorren % 1,9k ekarpen positiboa egiten dio trantsizio energetiko eta klimatikoari

Hortaz, aurrekontu energetiko-klimatikoak energia-efizientzia, klima-aldaketaren arintzea eta klima-aldaketarako egokitzapena gastu publikoaren plangintzan txertatzeko tresna gisa finkatu dira. Ildo horretan, aurrekontu-erabakiak hartzean, irizpide ekonomikoak zein ingurumen- eta klima-helburuei egiten zaien ekarpena hartzen dira kontuan.

Finantza-plangintzatik proiektu zehatzetara

Subnational Investment Forumean izan ondoren, Nazio Batuek eta Local2030 plataformak antolatu duten eta COP31ko Eremu Urdineko UN-Habitat pabiloian egin den GJHen lokalizazioa: konpromiso klimatikoetatik lurraldean aplikatzera mahai-inguruan parte hartu du Mikel Jauregik.

Euskadik metodologia argia, trazagarria eta erreplikagarria du deskarbonizazioari eta klima-aldaketarako egokitzapenari lotutako gastu publikoa identifikatzeko eta sailkatzeko

Topaketan garapen jasangarriaren eta klima-ekintzaren inguruko konpromiso globalak eskualdeetako eta tokiko gobernuen zeregina indartuz lurraldeetako politika eta jarduketa zehatzetara eramateko modua aztertu da. Saioan, gainera, COP31ko Presidentetzak parte hartu du. 

Euskadirentzat, eztabaida hori Antalyan aurkeztu duen ereduari lotuta dago zuzenean: energia- eta klima-helburuak aurrekontu-plangintzan txertatzea konpromiso globalak lurraldeko erabaki publiko eta jarduketa zehatz bihurtzeko bideetako bat da.

Local2030 plataforman parte hartu izanari esker, Mikel Jauregi sailburuak aukera izan du COP31eko Presidentetzari “Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab” argitalpena emateko. Horren bidez, goi-bileraren maila gorenera eraman du Euskadik lurraldea klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko soluzio berritzaileak erakustera bideratutako gune bihurtzeko egin duen apustua.

Euskadik finantzaketa klimatikoari buruz antolatutako ekitaldia

Arratsaldean, Euskadik antolatu duen eta COP31ko Eremu Urdineko Espainiako Pabiloian egingo den “Klima-egokitzapen eraldatzailea: nola mobilizatu beharrezkoa den finantzaketa?” saioa zuzenduko du Jauregi sailburuak.

Topaketa horretan, Euskadik Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab ekimena aurkeztuko du, Euskadi 2030 Industria Planeko proiektu eraldatzaileetako bat. Proiektua Eusko Jaurlaritzak, erakunde publikoek eta udalek klimara egokitzeko soluzioak baldintza errealetan probatzeko eta lurraldeak dituen arriskuak berrikuntza eta euskal industriarentzako aukera berri bihurtzeko egindako aliantza batean oinarrituta dago.

Finantzaketa klimatikoa eta inbertsioen mobilizazioa dira euskal ordezkaritzak COP31ko azaroaren 9ko jardunaldian parte hartuko duen ekitaldien ardatz nagusiak

Euskadik foro horietan duen parte-hartzeak planteamendu berari erantzuten dio: klima-helburuak ezartzea ez da nahikoa.Helburu horiek aurrekontu-plangintzan txertatu, proiektu sendoak prestatu eta finantzaketa publikoa eta pribatua mobilizatu behar da, errealitate bihur daitezen.

Euskal ordezkaritzak klima-erresilientzia lehiakortasunerako baldintza ere badela eta aurrekontu-politikak arriskuak aurreratzen, inbertsioa bideratzen eta eraldaketa energetikoa, klimatikoa eta industriala bizkortzen lagundu behar duela defendatu du Antalyan.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko azaroaren 5a
  • Klima aldaketa
Euskadik COP31 Klima Goi-bileran parte hartuko du, azaroaren 8tik 12ra bitartean Antalyan (Turkia) egingo dena
2026ko urriaren 14a
  • Klima aldaketa
Eusko Jaurlaritzako KAIA mahaiak klima-aldaketarako egokitzapena erakusten duten proiektuen aurrerabideak aztertu ditu
2026ko urriaren 9a
  • Klima aldaketa
Ihobek klima-aldaketara egokitzeko proiektu zehatzak bultzatzen ditu Europan eta tokian
2026ko urriaren 5a
  • Klima aldaketa
Klima-aldaketara egokitzeko politiketan aurreratuta dauden Europako hamabi eskualde bilduko ditu Euskadik Irunen