- Ekonomia zirkularra
Eusko Jaurlaritzak ekonomia zirkularrean berrikuntza bultzatzeko laguntzen agindu berri bat argitaratu du
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen agindu berria argitaratu du gaur EHAAn, euskal industriaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko helburuarekin.
1,5 milioi euroko zuzkidura izango du
Argitaratutako aginduak 1,5 milioi euroko zuzkidura izango du, eta diruz lagundu daitezkeen hiru lerro aurreikusten ditu: lehena, ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia bultzatzeko; bigarrena, ekoberrikuntza estrategikorako; eta hirugarrena, ETEei zuzendua, ETE Zirkularra izenekoa. Lehenengo bi lan-lerroek esperientzia finkatua dute aurreko zazpi deialdien ondoren. Deialdi horietan, 300 enpresak baino gehiagok hartu dute parte. 3. lerroaren kasuan (ETE Zirkularra), laugarren deialdia izango da, orain arte 250 enpresak baino gehiagok hartu dute parte, eta guztiak bitarteko eragileek zuzentzen dituzte, hala nola klusterrek edo garapen-agentziek.
Proiektu-lerro horiek aldizka monitorizatuko dira, ekonomiaren desmaterializazioa eta ekoberrikuntza zirkularra bultzatzeko helburuei egiten dieten ekarpena ebaluatzeko, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 izenekoan eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako plan eta estrategietan jasotakoari jarraikiz.
Deialdia Euskadi 2030 Industria Planarekin lerrokatuta dago, Europako Industria Garbiaren Itunaren (EBko Clean Industrial Deal izenekoaren) erronkei erantzuten die, eta pizgarria izango da Euskadi trantsizio zirkularraren abangoardian kokatzeko.
Nori zuzenduta dago?
Agindua industria-enpresentzat eta lotutako zerbitzuen enpresentzat, enpresa-elkarteentzat eta bitarteko eragileentzat irekita dago, baita ETEentzat ere.
Hiru jarduketa-lerro finantzatuko dira:
- Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia: 300.000 euroko zuzkidura izango du, eta ingurumen-aztarnarik txikieneko produktu, material edo prozesu berrien garapena eta balidazioa bultzatuko du, bizi-zikloaren analisiak eta metodologia normalizatuak aplikatuz.
- Ekoberrikuntza estrategikoa: 700.000 euroko zuzkidura izango du, eta heldutasun teknologikorik txikiena duten, Europako politika-erronketara bideratuta egongo diren eta balio-katean neurri handian lagunduko duten proiektuak bultzatuko ditu.
- ETE Zirkularra: 500.000 euroko zuzkidura izango du, eta bitarteko eragileek koordinatutako taldeko proiektuak finantzatuko ditu, ETEetan tresna eta metodologia zirkularrak aplikatzeko, talde-lana eta banakako lana konbinatuz eta emaitza zehatzak eta errepikagarriak ziurtatuz.
Diruz lagundu daitezkeen hiru lerro izango ditu: ekodiseinurako eta proiektu erakusleetarako lerroa, ekoberrikuntza estrategikorako lerroa, eta ETEentzako lerro berezia
Agindu horren bidez, Euskadik honako helburu hauek lortu nahi ditu: produktibitate materiala eta material zirkularraren erabilera-tasa handitzea, materialen kontsumoari eta hondakinen sorrerari lotutako karbono-emisioak murriztea, eta euskal industriak ekonomia zirkularrean eta jasangarritasunean Europako erreferentzia gisa duen posizioa finkatzea.
Eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira 2026ko martxoaren 26ra arte. Informazio, eredu eta izapide guztiak Eusko Jaurlaritzaren webgunean egongo dira eskuragarri:
Iturria:Ihobe