Skip to main content
2026ko azaroaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
  • Ekoberrikuntza

Ihobek Basque Open Industryn aurkeztu ditu 2024an enpresetarako eta industriarako garrantzitsuenak izango diren ekonomia zirkularreko 10 giltzarriak

Ihobek Basque Open Industryn aurkeztu ditu 2024an enpresetarako eta industriarako garrantzitsuenak izango diren ekonomia zirkularreko 10 giltzarriak
Hamar gomendio horiek Basque Ecodesign Centerrek argitaratutako ingurumen zaintza estrategikoko azken txostenetik atera dira. Ekimen hori lankidetza publiko-pribatukoa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAEn kokatutako 18 enpresa handik parte hartzen dute bertan. Txosten osoa Ihobe sozietate publikoaren eta Basque Ecodesign Centerren webgunean dago eskuragarri.

Basque Open Industry azaroaren 13an eta 14an egiten ari dira Barakaldoko BECen. Manufaktura aurreratuko EAEko ekimenik handiena da, eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen du SPRIren bitartez.

2024rako oinarrizko 10 giltzarriak

1. Ingurumen gardentasun handiagoak taxonomia erraztuko du


Jasangarritasun txostenak idazteko Europako arauak (European Sustainability Reporting Standards) modu erregularragoan jarraitzen badira, aukera egongo da jakiteko zein informazio mota jakinarazi behar den jasangarritasun arloan korporazio informazioko zuzentarauaren baldintzak betetzeko. Estandar horiek taxonomia erregelamenduarekin lerrokatuta egongo dira.

Tresnak garatu beharko dira zuzentarau horren jakinarazpen baldintzak betetzeko eta hornitzaileak ebaluatzeko eta erreputazio sistemen baldintzei erantzuteko.

Jakinarazpen baldintzak baliagarriak izango dira baita ere finantza jasangarriak sustatzen jarraitzeko, finantza erakundeei beharrezko informazioa emango baitiete enpresen eta beraien jardueren jasangarritasuna ebaluatzeko.

2. Produktuen etorkizuneko pasaporte digitala eta ekodiseinuko erregelamendu berria


Ekodiseinuaren erregelamendu berriaren proposamenak bere irismena mota guztietako produktuetara zabaltzea, zirkulartasuna hobetzeko ekodiseinuko baldintzak gehitzea eta produktuak konpontzea, berreskuratzea eta birziklatzea errazten duen produktuen pasaporte digitala sortzea planteatzen du.

Baldintza horiek betetzeko beharrezkoa izango da merkatuko askotariko ingurumen metrikak integratzea eta informazioa digitalizatzea.

3. Greenwashing-a mugatzea


Kontsumitzaileei zuzendutako ingurumen informazioarekin lotutako araudi esparru berria garatzen ari dira, eta greenwashingerako (hau da, berdea edo jasangarria ez den produktu edo zerbitzu bat horrelakotzat jotzea) baldintza eta debeku berriak ezarriko ditu eta nabarmen aldatuko du enpresek beren produktuen ingurumen ontasunak ezagutarazteko duten modua.

Enpresek jakin beharko dute zuzentarauak zeintzuk betebehar eta muga ezarri dituen greenwashingaren inguruan, eta beraien produktuen ingurumen jardueraren informazioa jakinarazteko metodologiak ezarri beharko dituzte.

4. Hornidura katean zehar jasangarritasuna ebaluatzea


Enpresek jasangarritasunarekiko duten eginbideari buruzko zuzentarau proposamenaren helburua da enpresen jokaera jasangarria sustatzea eta enpresen filialak eta balio kateak barne hartzea, modu horretan, beraien jardueraren inpaktu negatiboak jorratu ditzaten. Horretarako, enpresek hornitzaileen beharrezko datuak eskuratu eta ingurumen praktika jasangarrietatik urrunduen daudenekiko trakzio lan handia egin beharko dute.

Horregatik, beharrezkoa da ebaluazio sistema bateratu bat garatzea eta bere bitartez erosketa berde eta zirkularreko irizpideak aplikatzen lan egitea.

5. Produktuen zirkulartasuna ebaluatzearen eta konpontzeko eskubidearen irizpide berriak


Produktu jasangarrien ekodiseinuko erregelamenduaren proposamen berriak nahitaezko betekizunak jasoko ditu produktuen zirkulartasuna ebaluatzeko, hala nola beraien iraunkortasuna, konpontzeko gaitasuna, birbanufakturatzeko edo birziklatzeko gaitasuna edo bigarren mailako lehengaiak sartzea.

Europako Batzordeak etorkizuneko erregelamenduetan edo sortutakoak berrikustean zirkulartasun irizpide horien araberako betekizunak ezartzeko oinarri metodologikoak definituta daude.

6. Bigarren mailako lehengaiak erabiltzea lehengai berriak erabili ordez


Hondakinen Europako esparrua 2018/851 Zuzentarauaren arabera ezarri zen, eta hondakinen prebentzioko arauak indartzen ditu. Horretarako, jasangarritasun eta zirkulartasun irizpideak gehitzen ditu eta lehentasuna ematen die birziklatu daitezkeen materialei eta bigarren mailakoei. Gainera, hainbat produktutarako gutxieneko birziklatutako edukiaren inguruko betebeharrak eta ingurumen jasangarritasuneko bestelako gehieneko balioak ezartzen ditu.

SCRAPei (Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren sistema kolektiboak, zeintzuen bidez ekoizleek eta banatzaileek sortzen dituzten hondakinak kudeatu behar dituzten) betekizun berriak ezarri zaizkie, biohondakinak sartu dira eta produktu motaren (ontziak eta enbalajeak, eraikuntza eta eraispen hondakinak, bateriak...) araberako legegintza proposamen berriak definitu dira.

7. Lehengai kritikoen eta horien zaurgarritasunak sortutako efektuen lege berria


Oinarrizko lehengaien Europako lege proposamen berriaren helburua da Europar Batasunean lehengai kritikoen hornidura bermatzea eta hirugarrenen menpekotasuna gutxitzea. Enpresen testuinguruan eta irtenbideak ezartzeko lehenengo pauso gisa, erakunde bakoitzak bere arriskuak ebaluatu beharko ditu eta jakin beharko du nolako lehengai kritikoak dauden bere produktuetan eta balio katean, zein zenbatekotan eta bere menpekotasun maila zein den baita ere.

Konponbideen artean egon daiteke lehengai kritikoak ordezkatzea edo lehengai horiek berriro zirkulatzen jartzea, eta horretarako neurriak ezarri behar dira, produktuen diseinutik hasi eta bizi amaierako kudeaketa eta baliozkotzera arte, horrela bermatzeko ekoizpen zikloan sartzen direla berriro ere.

8. Zientzian eta balio kateen isurien erronkan oinarritutako helburuak ezartzea


Deskarbonizaziorako bidean geroz eta enpresa gehiago atxikitzen dira Zientzian Oinarritutako Helburuen Ezarpenean (Science Based Target Initiative —SBTI ingelesezko siglak—), eta hala, klima neutraltasuna lortzeko legegintza esparrutik haratago doazen helburuak ezartzen dituzte. Hala eta guztiz ere, 3. irismena (balio katea) sartzea —SBTIren esparruan edo enpresen jakinarazpen betebeharrak betetzeko— erakundeentzako erronka eta esfortzu handia da. Horregatik, beharrezkoa da balio katea trakzionatzea bere BEG isuriak kalkulatzeko eta murrizpen helburuak ezartzeko. Produktuen Pasaporte Digitala 3. irismenaren erronkaren irtenbidearen zati bat izan daiteke, informazio fluxua errazten baitu balio kate osoan zehar.

9. Europako taxonomiara egokitzea ingurumeneko sei helburuekin bat etorriz


Idatzita daude Taxonomiaren Erregulazioan (Ingurumen Araudi Delegatua) idazteke geratzen ziren lau ingurumen helburuen hautaketarako irizpide teknikoen zirriborroak, eta baliabide hidrikoen eta itsasokoen babesa eta erabilera jasangarria, ekonomia zirkularrerako trantsizioa, kutsaduraren prebentzioa eta kontrola eta biodibertsitatearen eta ekosistemen babesa eta berreskuratzea lantzen dituzte.

Taxonomia Erregelamenduaren helburua da irizpideak ezartzea, zehazteko ea ekonomia jarduera bat ingurumenarekiko jasangarria den, eta horrela, inbertsio baten ingurumen jasangarritasun maila finkatzeko.

10. Industria isurien etorkizuneko zuzentarau berria (IED — Industrial Emissions Directive—)


2021ean Europako Batzordeak “Zero Kutsadura” ekintza plana ezarri zuen airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura osasunarentzako eta ekosistema naturalentzako arriskutsuak ez diren mailetara gutxitzeko, horrela gure lur planetak jasan ditzakeen mailak errespetatzeko eta gai toxikorik gabeko ingurumena sortzeko.

Ekintza plan honen ekintza nagusietako bat izan da Industria Isurien Zuzentaraua berrikustea: horren arabera, helburua da bere irismena egungo mugen azpi-azpian dauden instalazioetara eta sektore berrietara (behi-aziendaren haztegiak eta baterien eskala handiko ekoizpena) handitzea eta Eskuragarri dauden Teknika Hoberenei lotutako ingurumen baliabideen erabileraren errendimendu mailak nahitaez aplikatzea.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute