- Herritarren ekintza
MATER eta Arabako Foru Aldundia finalistak dira 2025eko Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarietan
Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko (EWWR) Sarietan bi euskal proiektu izango dira finalista. Aukeratutako ekimenak MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutakoak dira, eta Europako fasera iritsi dira 2025eko Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko irabazleak izan ondoren. Europako Astea Europako Batzordeak antolatzen du eta, gure lurraldean, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak koordinatzen du.
Pasaiako MATER Itsasontzi Museo Ekoaktiboaren eta Arabako Foru Aldundiaren ekimenak Euskadin egin zen 2025eko Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko irabazle izan ziren eta horregatik finalista gisa aukeratu ziren Europako Sarietarako
Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarien helburua ekimen horren barruan garatutako ekintzarik nabarmenenak eskertzea da. Ekimenak hondakinak prebenitu, produktuak berrerabili eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatu nahi du. Iazko edizioan, Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen (GEEH) sorreran eta kudeaketan jarri zuten arreta, hura baita Europar Batasunean azkarren hazten ari den hondakin mota. Aste horren esparruan 13.000 ekintza baino gehiago egin ziren EBko herrialdetan, eta horietatik euskal ekimen bi aukeratu dituzte: MATERek eta Arabako Foru Aldundiak egindakoak.
MATER Ontzi Museo Ekoaktiboaren proiektua finalista izan da elkarteen kategorian, itsasoko hondakinekin lotutako ingurumen-sentsibilizazioan egindako lanagatik. Ekimen horretan, hezkuntza-jarduerak egiten dira, hondakinek itsas ingurunean duten eragina jakinarazteko. Zehazki, "Zero Zabor Uretan" lurraldearen herri askotan egin den itsas hondakinei buruzko sentsibilizazio-ekintza da. Hain zuzen ere, 17 udalerritan egin da eta euskal kostaldeko zortzi portutan egon da.
Aurreko edizioan, 13.000 ekintza baino gehiago egin ziren Europar Batasun osoan
Itsaso osasuntsu baten aldeko elkarlana adierazten du proiektuak, hezkuntza, sentsibilizazio eta guztion ekintzan oinarritua, gero eta ugariagoa den kutsadurari aurre egiteko: itsasoko zaborra.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako ekimena erakunde publiko bezala hondakinen Prebentziorako ekintzak bultzatzeagatik aukeratu dute finalista. “Re-Viste tu Mente” (Jantzi zure burua) ekintzak administrazio publikoen kategoriako saria lortu ahal du. Gero eta latzagoa den ehun-hondakinen arazoari erantzun osoa ematen dio, herri-sentsibilizazio ekintzen eta berrerabiltzeko proposamen praktikoen bitartez.
Arabako Foru Aldundiaren ustez, ezinbestekoa da lanean jarraitzea eta prebentzioa eguneroko ohiturekin hasten dela erakustea. Ekintza txikiek gure etxeetan, kontsumoan eta jantziei aukera berriak emateko moduan aldaketa handiak eragin ditzaketela azpimarratu nahi dute. Ibilbide horretan, gazteak protagonistak direla uste dute, aldaketaren motorra direla, eta ohitura arduratsu eta jasangarriak hartzeko eragile aktiboa.
Sariak emateko ekitaldia ekainaren 4ean izango da Bruselan
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen 2026 edizioa azaroaren 21etik 29ra egingo da, eta Europa osoan hondakinak prebenitzeko sentsibilizazio-ekintzak antolatzera bultzatzen duen ekimena da. Horren barruan, Europako sariek kategoria ezberdinetan (administrazio publikoak, elkarteak-GKEk, ikastetxeak, herritarrak eta enpresak) egindako ekintza nabarmenenak saritzen dituzte urtero.
Pasadan azaroan egin zen 2025eko Hondakinen Prebentziorako Europako Astean, gure lurraldeko proiektuak aukeratu ziren Europako finalean Euskadi ordezkatzeko.
Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarien sari-banaketa ekainaren 4ean izango da Bruselan, eta bertan kategoria bakoitzean irabazi duten proiektuak aurkeztuko dira.
Iturria:Ihobe