- Herritarren ekintza
Euskadi klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean mobilizatuko da ASTEKLIMA 2026an 122 jarduerarekin
ASTEKLIMA 2026, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, gaur hasiko da, 33 eragilek (udalak, enpresak, elkarteak, ikastetxeak eta Ekoetxea sarea) bultzatutako 122 jarduerarekin. "Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da" lelopean, ASTEKLIMA 2026k herritarrak gonbidatuko ditu beren ingurunean programatutako jarduerak ezagutzera eta beren interesetara hobekien egokitzen diren jardueretan parte hartzera. Hamar egunez, urriaren 25era arte, Euskadin tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, bisita gidatuak, natura-guneetako ibilbideak, familia-jarduerak eta esperientzia parte-hartzaileak egongo dira, herritarrak klima-aldaketaz eta trantsizio energetikoaz sentsibilizatzeko eta eguneroko erabakiek etorkizun jasangarriagoa eta erresilienteagoa nola bultza dezaketen erakusteko.
Zortzigarren edizio honen hasiera Idiazabalen izan da, programatutako jarduerak abian jarri diren egunean. Gipuzkoako herriak KLIMA Azokaren hamar geralekuetako lehena hartzen du. ASTEKLIMA 2026 esparruan garatzen den azoka ibiltaria da, eta herritarrei klima eta energia erronkak ezagutzera gonbidatzen ditu, jolasen, tailerren eta esperientzia praktikoen bidez.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatuta, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin eta Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) lankidetzan, ASTEKLIMAk erronka handi bat ekarri nahi du aurrera: klima-aldaketa eguneroko bizitzara, eta euskal gizarteak irtenbideetan duen inplikazioa sustatu.
Programazioak klima-aldaketari buruzko sentsibilizazio-proposamenak eta trantsizio energetikoarekin lotutako ekimenak uztartzen ditu. Jarraipen-txostenean jasotako 122 jardueretatik 92k klima-aldaketa dute ardatz, 23k klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa jorratzen dituzte elkarrekin, eta 7k azken gai hori jorratzen dute berariaz.
Toki-erakundeek eta Ekoetxea-Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak zeregin nabarmena dute jardueren antolaketan, eta enpresek, elkarteek eta bestelako gizarte-eragileek bat egiten dute horiekin. Aniztasun horrek aukera ematen du ASTEKLIMA 2026 adin eta profil desberdinetako publikoengana hurbiltzeko, ingurumen-erronketan sakondu nahi dutenei nahiz lehen hurbilketa praktikoa eta parte-hartzailea nahi dutenei egokitutako proposamenekin.
Toki-erakundeak eta Ekoetxea Sarea dira ASTEKLIMA 2026 programaren eragile dinamizatzaile nagusiak, programatutako 43 eta 26 jarduerarekin, hurrenez hurren, eta programazioaren % 65 baino gehiago osatzen dute. Horiei Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatutako KLIMA Azokaren hamar geralekuak gehitu behar zaizkie, baita enpresen eta enpresa-elkarteen parte-hartzea ere, unibertsitateak, ikastetxeak eta kultura-eragileak.
Eragileen aniztasun horrek ASTEKLIMAren izaera parte-hartzailea islatzen du, bai eta euskal gizarteko hainbat eremuk klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean sentsibilizazioarekin eta ekintzarekin duten konpromisoa ere.
Klima Azokak Euskadiko hamar herri zeharkatuko ditu
ASTEKLIMA 2026ko protagonista nagusietako bat KLIMA Azoka izango da, gune publikoak ikasteko, esperimentatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko topagune bihurtzen dituen azoka ibiltaria.
KLIMA Azokak hamar herri zeharkatuko ditu urriaren 16tik 25era, egunero geldialdi bat eginez. Azoka ibiltariak gaur hasi du bere ibilbidea Idiazabalen (Gipuzkoa) eta hilaren 17an Getxon (Bizkaia), 19an Zallan (Bizkaia), 20an Barakaldon (Bizkaia), 21ean Mungian (Bizkaia), 22an Legazpin (Gipuzkoa), 23an Azpeitian (Gipuzkoa) eta 24an Laudion (Araba). Azken geldialdia urriaren 25ean egingo da, Irungo (Gipuzkoa) Ekoetxea Txingudin, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta parte hartzeko hamar jardunaldiri amaiera emanez.
Zazpi karpa tematikoren bidez, KLIMA Azokak jolasak, dinamika parte-hartzaileak eta esperientzia interaktiboak proposatzen ditu, mugikortasunarekin, energiarekin, elikadurarekin, kontsumoarekin edo etxeko ohiturekin lotutako eguneroko erabakiek ingurumenean nola eragiten duten deskubritzeko. Helburua da parte-hartzaileek ezagutzak eskuratzeaz gain, eguneroko bizitzan sar ditzaketen aldaketa txikiak ere identifikatzea.
Euskadiko errealitate energetikoa, herritarrengandik gertuago
Berrikuntza gisa, aurten KLIMA Azokak energia-trantsizioari buruzko sentsibilizaziorako karpa bat izango du. Karpa horretan, Energiaren Euskal Erakundea-EEEk energia sortzeko martxan dauden iturri berriztagarriak erakutsiko ditu, energia-eredu iraunkorrago baterako trantsizioarekin batera doazenak.
Gainera, Idiazabal, Barakaldo, Mungia, Legazpi eta Laudioko KLIMA Azokako hitzorduetan, EEEk Euskadiko errealitate energetikoari buruzko hitzaldia emango du. 17:30ean izango dira, Laudiokoa izan ezik, 12:00etan egingo baita.
Programazio osoa, datei, ordutegiei, kokapenei eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazioarekin, www.asteklima.eus webgunean kontsulta daiteke.
Iturria:Ihobe