Skip to main content
2026ko urriaren 12a
  • Ekodiseinua

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa Ekoetxea Sareko lehenengo eragile laguntzailea izango da

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa Ekoetxea Sareko lehenengo eragile laguntzailea izango da

Ekoetxea Sareak eta MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak murgiltze-esperientzia bat sortu dute elkarlanean. Esperientzia horretan, gazte taldeek ingurune naturalarekiko erantzunkidetasuna lantzeko jarduera bat bizitzeko emango dute izena.

Lankidetza hori eragile laguntzaileekin egingo diren proiektuetako lehenengoa da, eta eragile horiek sareari bere helburuarekin bat datozen esperientzia esanguratsuak eskainiko dizkiote.

Lehenengo esperientzia hori elkarlanean diseinatu zuten bi entitateek, eta Ekoetxeak itsas ingurunean duen gaur egungo eskaintza osatuko du.

Ekoetxea lantzen ari den estrategiak askotariko ikuspegiak dituzten entitate publiko eta pribatuen lankidetza dakar. Horrela, ekosistema eta antolaketa horrek lankidetzaren kulturatik sareko ikaskuntzaren eta kolektiboaren balioaren kulturarantz joko dute.

Ekoetxea lantzen ari den estrategiak askotariko ikuspegiak dituzten entitate publiko eta pribatuen lankidetza dakar

Esperientzia

Itsasoaren kutsadura marka guztiak hausten ari da. 2021ean, 17 milioi tona metrikok baino gehiagok kutsatzen zituzten ozeanoak. Balio hori bikoiztu edo hirukoiztu egingo da 2040rako. Plastikoa da itsasoko hondakin-mota kaltegarriena. Ekimeneko parte-hartzaileak ekintzara pasatuko dira; ingurumen-arazoak jorratuko baitituzte itsasotik zaborra biltzen duten bitartean.

Batez ere kirol-inguruneetako gazteei zuzendutako jarduera hau ariketa praktiko bat izango da, eta itsasoko hondakinen arazoa aurrez aurre ezagutzeko aukera emango die.

Esperientzia hiru etapatan banatuko da, eta gazteek taldean lan egingo dute eta itsasotik hondakinak erretiratzeko trebetasunak erabiltzeko erronkari aurre egin beharko diote.

MATERen sartu aurretik, gazteek trebezia-joko batzuk eta autopertzepzio-test bat egingo dituzte. Ariketa horiei esker, geroago ontziko dinamiketan arrakasta izateko funtsezkoak izango diren euren indarguneak zein diren jakin ahal izango dute. Ikuspegi horrek talde-lanaren garrantzia azpimarratzen du, helburu komun bat lortzeko hainbat trebezia konbinatzen baititu.

MATERen sartu aurretik, gazteek trebezia-joko batzuk eta autopertzepzio-test bat egingo dituzte

Ontziratzen direnean, eta ongietorriaren ondoren, parte-hartzaileak taldetan banatuko dira, aurreko fasean lortutako emaitzen arabera. Dinamikan, gazteen erronka izango da itsasotik ‘zaborra’ arrantzatzea, hondakinak biltzeko diseinatutako teknikak eta tresnak erabiliz.

Hirugarren etapan, gazteak hiru taldetan banatuko dira, eta, mikroplastikoak biltzeko sarea itxita dagoen bitartean, ontziko kutxa ezkutua aurkitzeko ginkana bat egingo dute. Proba osatzen duten erronken bidez itsasoko zaborren banaketaz, eragiten dituzten ondorioez eta horien sarbideez jabetuko dira.

Bilketaren ondoren, hondakinak sailkatu eta ezaugarrituko dira, eta, ondoren, plastikoek eta beste hondakin batzuek ingurumenean duten eraginari buruz hausnartuko dute.

MATER, atunontzi ekoaktiboa

Hiru orduz luzatuko den esperientzia 12 urtetik gorako 12-25 gazterentzat diseinatuta dago. Gehienez 30 lagunentzako lekua izango da, nahiz eta 25ek bakarrik parte hartu ahal izango duten aktiboki.

Jardueraren eszenatokia, MATER ontzia, Ontzi Museo Ekoaktiboa bihurtu den azken euskal atunontzi handia da. Portua Pasaian duen baxurako arrantza-ontzi tradizional hori 33 metro luze da, eta artisau erara eraiki zen zura erabiliz 1990ean. Itsas Gela elkarteak egokitu du, gizartea gure ingurumena zaintzean eta babestean inplikatzeko.

Esperientzia horrekin, bi erakundeek jarduera dibertigarri, zirraragarri eta inspiratzaile batekin ekingo diote itsas inguruneko ingurumen-hezkuntzari. Jarduerak bat egiten du Garapen Jasangarriko Helburuekin, bereziki 14. ‘Itsaspeko bizitza’ helburuarekin, bai eta 12. ‘Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua‘ eta 13. ‘Klimaren aldeko Ekintza’ helburuekin ere.

Jarduera hau erabat lerrokatuta dago Ekoetxea Sarearen xedearekin eta Mater ontziaren leloarekin: ‘Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu”.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute
2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker
2025eko ekainaren 20a
  • Ekodiseinua
Basque Ecodesign Centerrek Lurra Bizkaia Saria jaso du klima aldaketaren kategorian
2025eko martxoaren 13a
  • Ekodiseinua
Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera