Skip to main content
2026ko uztailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra

UPV/EHUko Enpresari aplikatutako Ekonomia Zirkularreko Etengabeko Prestakuntzako Masterraren laugarren promozioa graduatu da

UPV/EHUko Enpresari aplikatutako Ekonomia Zirkularreko Etengabeko Prestakuntzako Masterraren laugarren promozioa graduatu da
Bilboko Ingeniaritza Eskolan egindako itxiera ekitaldian, graduatuek master amaierako hiru lan onenak aurkeztu zituzten, besteak beste, Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendari Jose Maria Fernandez Alcala, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Graduondokoen Koordinazio zuzendariorde Natalia Alegria Gutierrez eta Ekonomia Zirkularreko masterraren zuzendari Rikardo Minguez Gabiña bertan zirela.

Ekitaldiaren hasieran Recreakult-eko (Sorkuntza Zirkular eta Jasangarria, Sektore Kulturalean) Shandra Martinez Caballerok hitzaldi inspiratzaile bat eman zuen zirkulartasunak sorkuntza kulturaletan duen garrantziari eta onurei buruz. Ondoren, master amaierako hiru lan onenen aurkezpen labur bat egin zen. Kalifikazio handieneko lana “Euskadiko tokiko onddo eta hondakin organikoak erabiliz packaging biomaterial berri baten sorkuntzarako lehen hurbilketa” izenekoa izan da, Idoia Enderika del Villarrek egina. Aipamen berezia jaso dute, baita ere, Aritza Izaguirre Zubiaurren lanak, "Detergente kimiko iraunkorrak. Ikuspegi estrategikoa produktuaren ingurumen-adierazpenaren eta produktuaren pasaporte digitalaren bidez" izenburuarekin, eta Guillermo Ormazabal López “Plastiko jasangarrien 3D manufaktura gehigarria; bio-oinarrizkoak eta biodegradagarriak (PHB). Prest jartzea, industria-bideragarritasuna eta ingurumen-inpaktuen ebaluazioa, BZA bidez” proiektuarekin.

Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren Sailak bultzatuta, Ihoberen bitartez eta Basque Ecodesign Centerren laguntzarekin, UPV/EHUren masterrak 85 ikasleei baino gehiago formazioa eman die lau edizioetan


Laugarren edizio honetako ikasle profila, hain zuzen, Ingeniaritza edo Ekonomia ikasketak dituen eta 10 urte baino gehiagoko lan esperientzia duen emakume batena da. Gehienak Euskal Autonomia Erkidegotik etorri arren, nabarmentzekoa da izena eman dutenen jatorri askotarikotasuna: beste autonomia erkidego batzuetakoak eta Hego Amerikako hainbat herrialdetakoak. Gehienak lan-jardunean dauden pertsonak dira, ikasketak lanarekin edo masterrak berak antolatutako enpresetako praktikekin konbinatu dituztenak. Praktikak enpresetan (Eroski, Bilbao Bizkaia Ur Pertzuergoa, Tekniker eta Facto Ideas) UPV/EHUko Unibertsitate-Enpresa Geletan (Repsol Fundazioaren Trantsizio Energetikoko Gela eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ekonomia Zirkularreko Gela) eta UPV/EHUko ikerketa-taldeetan (Life Cycle Thinking Group), EHUaztarna, besteak beste) egin dira.

Masterra amaitu duten 15 pertsonek oso positibotzat jo dituzte prestakuntza-programaren ikuspegi holistikoa eta praktikoa, unibertsitateko irakasleek (% 70) eta kanpoko irakasleek ( % 30) osatutako irakasle-taldea, eta euskal industria-ehunean sektore estrategikoetako erakundeen benetako esperientziak aurkeztu izana. Horrek asko erraztu du irakasgaiak irakatsi eta ikastea.

Alor horretan unibertsitate osteko prestakuntza eskaintza eskasa dagoenez, duela bost urte Eusko Jaurlaritzak eta EHUk indarrak batzea erabaki zuten, graduondoko honen bidez ekonomia zirkularreko prestakuntza bultzatzeko, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoaren bidez eta Basque Ecodesign Center osatzen duten enpresekin lankidetzan. Hasiera batean, unibertsitate-espezialistaren tituluaren formatuan eskaini ziren ikasketak (2019/20 ikasturtea), 2020/21 ikasturteaz geroztik master mailara iristeko, industria-enpresetara bideratutako ikuspegi argiarekin. Master paregabea da, ingeniaritzako alderdi teknologikoak enpresen administrazioko ezagutzekin uztartzen dituelako, ekoberrikuntza, 4.0 industria eta ekintzailetza barne, Ekonomia Zirkularreko proiektu arrakastatsuak garatzeko beharrezkoak direnak.

Euskadi, erreferentziazko eskualdea


Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, Ekonomia Zirkularrak 24 milioi enplegu sortuko ditu mundu osoan 2030. urterako. Europar Batasunak, halaber, Ekonomia Zirkularrarekin lotutako okupazioaren urteko % 0,3ko hazkundea aurreikusten du, hau da, 700.000 lanpostu berri inguru aldi berean.

2024-2025 ikasturteari begira, 25 plaza eskainiko dira. Izena emateko epea zabalik dago eta uztailean ikaslegaiak hautatuko dira


Euskadik 20 urte inguru daramatza Ekonomia Zirkularraren arloan lanean, une honetan erreferentea izanik, eta Ekonomia Zirkularra gaur egun BPGren % 1,12 da, 764 milioi euroko urteko diru-sarrera gordinekin. Enpleguari dagokionez, Ekonomia Zirkularrarekin lotutakoak EAEko enplegu osoaren % 2,08 dira. Balio hori Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa da, % 2 eta % 1,71, hurrenez hurren.

2024-2025 ediziorako izena emateko epea zabalik dago UPV/EHUren webgunean. Uztailean zehar, batzorde akademikoak aldez aurretik izena emandako ikasleei jakinaraziko die onartuta dauden edo itxaron-zerrendan dauden; izan ere, gaur egun, aurrez izena emandako pertsonen kopurua handiagoa da eskaintzen diren plazen kopurua baino.



Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
Materialen hornidura segurtatzea, autosufizientzia handitzea eta europar produktu jasangarriak bultzatzea, Euskadiko ekonomia zirkularraren 2026rako gakoak