- Klima aldaketa
Energiaren eta klimaren ikuspegia Euskadiko Aurrekontu Orokorretan txertatzeko gida metodologikoa
Dokumentuak gidalerroak biltzen ditu deskarbonizazioari eta klima-aldaketara egokitzeari lotutako aurrekontu-partidak identifikatzeko eta sailkatzeko, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak ezartzen duen bezala, eta trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren ikuspegia % 1,9an balioesten du aurrekontu orokorretan.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, “EAEko aurrekontu orokorretan ikuspegi energetikoa eta klimatikoa txertatzeko gida metodologikoa” prestatu du, Energiaren Euskal Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontu Zuzendaritzaren laguntzarekin. Gida karbono gutxiko ekonomietarantz aurrera egiteko eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia indartzeko premiak markatutako testuinguru batean sortu da. Lan-esparru argia, trazagarria eta errepikagarria jasotzen du, finantza-plangintza publikoa EAEk hartutako konpromiso klimatikoetara bideratzeko.
Aurrekontu klimatikoak funtsezko tresna bihurtu dira azken urteotan, politika publikoak klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko helburuekin lerrokatzeko. Gastu publikoaren klima-inpaktua identifikatu, sailkatu eta ebaluatzea da haren funtzioa, baliabideak trantsizio energetikoa eta klimatikoa erraztuko duten jarduketetara modu eraginkorragoan esleitzen lagunduz.