Skip to main content
2025eko urriaren 24a
  • Ingurumen-komunikazioa

“Natura bizia” dokumentalak ingurumen komunikazioaren saria jaso du 2025eko Euskal Kazetaritza Sarietan

Natura Bizi

Avis Produccionesen 'Natura Bizia' natura-dokumentalak, Lexeia Larrañagak zuzendu eta Alex Gutierrezek ekoitziak, Ingurumen Komunikazioaren Saria lortu du Euskal Kazetaritza Sarien 2025eko edizioan. 

Dokumentalak Euskadiko aberastasuna erakusten du, Europan dagoen biodibertsitatearen ehuneko handi bat hartzen baitu.  Europar Batasuneko lurraldearen % 1 bakarrik izanik, Euskadik biltzen ditu interes europarreko habitaten % 35, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2.  Dokumentala egiteko, Avis Produccionesek Ihobe sozietate publikoaren laguntza izan du, beste entitate batzuen artean.

Aurreko edizioetan, Ingurumen Komunikazioaren Saria honako hauek jaso dute: Julen Rekondo (2019); Gorka Belamendia (2020); Eva Caballero (2021), Ramón Bustamante (2022) eta Iñaki Petxarroman (2023) eta Jokin Aldazabal (2024).

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, BBK Fundazioaren, Ihoberen eta Bilboko Udalaren babesarekin, 2025eko Euskal Kazetaritza Sariak eman dituzte aurten, eta profesional, pertsona eta instituzio hauek jaso dituzte:

Daniel Álvarez «Euskal Kazetarien Saria» kategorian); Almudena Ariza («José María Portell Adierazpen Askatasunaren Saria»); Manuel Álvarez («Ibilbide Profesionala» errekonozitzeko); Gorka Lejarcegi («Fotokazetaritzako Juantxu Rodríguez Saria»); Durangoko Azoka («Pertsonaia edo Erakunde Soziala» atalean); 5W («Kazetaritza Digitalaren Saria»); eta Natura Bizia dokumentala («Ingurumen Komunikazioaren Saria»).

Dani Álvarez irrati-esatari eta EiTBko aurkezleak irabazi du 2025eko Euskal Kazetarien Saria

Epaimahaia, ohi bezala, Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko eta Kazetarien Euskal Elkargoko Batzorde Iraunkorreko kideek osatu dute, baita kazetaritza- eta/edo komunikazio-ikasketak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabideen eta unibertsitateen ordezkaritza handi batek eta horien entitate babesleek ere.

«Euskal Kazetariak» saria

Daniel Álvarez López kazetari, irrati-esatari eta EiTBko aurkezleak irabazi du saria, Euskadin edo Euskaditik kanpo bere lanak duen proiekzioagatik gure lanbidean eredu eta harrotasun-irudi den euskal informazioaren profesional bat saritzea helburu duen kategorian.

A Coruñan jaio zen arren, Dani Álvarez Kazetaritzan lizentziaduna da EHUn eta bere ibilbide profesionala euskal irrati eta telebista publikoan garatu du. 2000. urtean bekadun gisa sartu zen Radio Euskadin, eta bertako albistegietako zuzendari izatera iritsi zen. Gaur egun, Teleberri-ren bigarren edizioa editatu eta aurkezten du ETB2n. 

«Adierazpen Askatasunaren José María Portell» saria

Adierazpen Askatasunaren Saria Almudena Ariza TVEko korrespontsalari eman nahi izan dio aurten epaimahaiak. Ukraina eta Gazako gerren oso estaldura nabarmena egin du azken urteotan, eta sari ugari jaso ditu. 

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Informazio Zientzietan lizentziaduna, Ariza irratian hasi zen kazetaritzan, zehazki Radio Algeciras Cadena SER kateko irratian. Bertan hamaika urtez izan zen esatari, eta 1991n TVEk aukera eman zion gaueko telediarioa Jesús Hermidarekin batera aurkezteko. Espainiako telebista publikoan egindako ibilbide luzeari esker, hainbat informazio-tarte aurkeztu ahal izan ditu, Informe semanal erreportaje-programa beteranoa barne. Bertan, erreportajearen eta kronikaren generoan espezializatu zen.

TVEko Informazio Zerbitzuen Nazioarteko Arloaren berriemaile berezi gisa, informazio-gertaera handiak bete ditu, hala nola Irailaren 11ko atentatuak edo Afganistan eta Irakeko gerrak eta hondamendi natural suntsitzaileak, adibidez, Turkiako edo Haitiko lurrikarak. Asian eta Afrikan zehar ibili da hiesaren, gerren edo goseteen ondorioak kontatzeko. Indonesiako tsunamia estali zuen, eta Sumatrako iparraldean Banda Aceh-ra iritsi zen lehen kazetari espainiarra izan zen, hiri horretan bakarrik ehun mila pertsona baino gehiago hil zituen hondamendiaren epizentrotik hurbilen dagoen eremuan. 

Latinoamerikan, Argentinak 2001ean izandako krisia, Guatemalako indigenen egoera, Erdialdeko Amerikako marak, Brasilgo favelen bizitza edo El Salvador eta Nikaraguako pobrezia estali zituen. Eta, AEBn korrespontsal izan zen urtean, hainbat erreportaje egin zituen armen kontrolari, heriotza-zigorrari, gutxiengoen eskubideei, Bostongo eta New Yorkeko atentatuei eta legezko eta legez kanpoko immigranteen egoerari buruz. Gainera, heriotzaren korridorean sartu zen heriotza-zigorrera kondenatutako preso espainiar bakarra elkarrizketatzeko, eta Donald Trumpen garaipena dokumentatuz estali zituen Ameriketako hauteskundeak. Ukrainako eta Gazako gerrak izan ditu bere azken kazetaritza-helmugak. Eta gaur egun Latinoamerikan dago bueltan, TVEk Bogotan duen korrespontsal gisa.

Aurreko urteetako irabazleak: Elena Tregúbova kazetari errusiarra, Terry Gould kazetari eta idazle amerikarra, kazetari mexikarren kolektiboa eta kazetari turkiarrak; Gervasio Sánchez; Carmen Sarmiento; Reporteros Sin Fronteras; Rosa María Calaf; zendutako David Beriain eta Roberto Fraile; Pablo González; Jordi Évole; eta kazetari palestinarrak.

Honako hauek ere saritu dituzte: Almudena Ariza TVEko korrespontsala (“Adierazpen Askatasunaren José Mari Portell Saria”); Manu Álvarez (“Ibilbide Profesionalaren Saria”); Gorka Lejarcegi (fotokazetaritzako “Juantxu Rodríguez Saria”); Durangoko Azoka (“Pertsonaia edo Erakunde Soziala” atalean; eta 5W kazetari independenteen kolektiboa (“Kazetaritza Digitala” kategorian) 

«Ibilbide Profesionalaren» saria

1980tik EL CORREOko erredaktore eta egunkari horretako korrespontsal ekonomikoa 2025eko martxora arte, Manuel Álvarez APIE – Informazio Ekonomikoko Kazetarien Elkarteko kide da, eta Multimedia Kazetaritzako Masterreko 'Kazetaritza Ekonomikoa' irakasgaiko irakasle (EHUk Vocento Taldearekin lankidetzan ematen du master hori). Eta, gainera, master askotan parte hartu du irakasle gonbidatu gisa, eta irratiko eta telebistako programetan kolaboratu du gaurkotasun ekonomikoaren analista gisa. 

José Ignacio López de Arriortua, 'Superlópez', Volkswageneko lehendakariorde ohi eta euskal ingeniaren ibilbideari buruzko liburu baten egilekide da. Liburu hori Ediciones Deustok Espainian argitaratu du (eta, Alemanian, Modern Industrie-k). Erretiro aktiboan sartu da duela gutxi. Sari honek informazio ekonomikoaren alde egindako lan onaren aitortza izan nahi du, gure herrialdeko produkzio-, industria- eta enpresa-ehunaren kronika osatzen duten harreman soziolaboralak eta zirrikitu, gatazka eta berrikuntzak modu aproposean hedatzeagatik.

Euskal kazetaritzako hainbat izen nabarmenek jaso dute saria lehenago, hala nola María Jesús Gandariasbeitiak, María Josefa Marcok, Mariano Ferrerrek eta Iñaki Iriartek (ex aequo), Joxe Mari Iriondok, Elixabete Garmendiak, Mirentxu Purroyk, Florencio Torrelledók, Martxelo Otamendik eta Txema Soriak.

«Pertsonaia edo Erakunde Soziala» saria

Abadiñoko Gerediaga elkarteak antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, Durangoko euskal liburu- eta disko-azokak 60. urteurrena ospatuko du aurten. Sei hamarkada hauetan, euskal kulturaren dibulgazioan funtsezko lana egin du, eta haren erakusleiho nagusi bihurtu da.

Gabonetako jaien aurreko egunetan ezinbesteko zitetakotzat jotzen da, eta Durangon egiten da abenduaren lehen hamabostaldian. Bertan, azken urtean batez ere euskaraz egin eta editatu diren argitalpen- eta musika-arloko nobedade nagusiak erakusten dira.

Durangoko Azokak arrakasta handia du, eta Eusko Jaurlaritzaren, Durangoko Udalaren eta hiru foru-aldundien babesa du, baita Kutxabankena eta Eroski Fundazioarena ere, besteak beste.

Beste urte batzuetan sari honen irabazleak hauek izan dira: STOP Sanfilippo-ko Naiara García de Andoin; Hodei Bila plataforma; Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa; Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza (ex aequo); Bizkaiko Elikagaien Bankua (2019); Euskal Osasun Kolektiboa (2020); EHUko Komunikazio Fakultatea (2021); EiTB bere 40. urteurrenean (2022); Cadena Ser - Radio Bilbao bere 90 urteengatik (2023); eta Aita Mari Elkartea (2024).

«Kazetaritza Digitala» saria

Kazetaritza digitalaren kategorian, euskal kazetarien kide anitzeko organoak 5Wren lana goraipatu nahi izan du. Kazetari independenteen kolektibo honek kazetaritza narratiboko eta argazkigintzako aldizkari bat argitaratzen du urtero, 2015ean “Istorio txikiak, azalpen handiak” lelopean, Afrikan, Amerikan, Asian, Europan eta Ekialde Ertainean hedatutako kolaboratzaile-sare zabal batean oinarrituta, munduan gertatzen dena kontatzeko askatasun handienarekin eta kazetaritzaren kalitate- eta zorroztasun-estandar handienarekin.

5Wtik kanpoko enpresa edo instituzio batek ere ez du akziorik konpainian edo ez du eraginik aldizkariaren eduki editorialetan. Publizitatearen mende ere ez daude. Bere akzioak zati berdinetan banatzen dira zortzi kazetariren eta Interneteko gaietan aditua den baten artean. Diru-sarrera gehienak (% 70 baino gehiago) harpidetzetatik lortzen ditu.

Beste urte batzuetako irabazleak: Begoña Beristain, Onda Vascan duen `Veterana B’ blogagatik (2015); Iker Merodio (2016); Mikel Iturralde eta bere “Treneando” bloga (2017); “Doce Miradas” plataforma (2018); “Pikara Magazine” (2019); Mikel López Iturriaga eta bere “El Comidista” bloga (2020); Julio Flor, Arabako Errioxa blogaren zuzendaria (2021) eta Maider Galardi, “Berria Feminismoa” podcastagatik (2022); EiTBren Primeran euskarazko edukien ikus-entzunezko plataforma (2023); eta Miriam Duque, “Ganbara Negra” podcastagatik (2024).

«Fotokazetaritzako Juantxu Rodriguez» saria

El PAÍS egunkariko El País Semanal gehigarriaren edizio grafikoaren arduraduna, Gorka Lejarcegi Publizitatean lizentziatua da EHUn.

Bere karreraren hasieran, fotokazetari jardun zuen El Correo egunkarirako, 1990ean Madrilera bizitzera joan zen arte.

Mota guztietako gaurkotasun-informazioa bete du, eta elkarrizketak eta erreportajeak egin ditu El Pais-entzat zein horren gehigarrientzat. Haren lanak Ortega y Gasset kazetaritza grafikoaren saria jaso du.

2001ean erakusketa indibidual bat egin zuen Bilbon, erretratuak, bidaiak (Errusia, Guatemala, Kuba) eta abar nahasten dituen bere argazki-lanaren hamaika urte laburbiltzen zituzten 68 irudirekin. Bere erakusketarik aipagarrienetako batzuk hauek dira: “Haiti 2010”, Valentziako Unibertsitateko La Nau-n erakutsia (PHoto festibalaren barruan); “Gernika, 80 años después del bombardeo” (2017); eta Oscar Niemeyer-i buruzko Rio de Janeiroko erakusketa, 2009an Avilésen (Valdecarzana jauregian) erakutsia, besteak beste.  

Sari honen irabazleak beste urte batzuetan: Juantxu Rodriguez (in memoriam), 2019an; Luis Calabor (2020); Ángel Ruiz de Azúa (2021); Maite Bartolomé (2022); Mariví Ibarrola (2023); eta Isabel Azkarate (2024).

Ohorezko Saria

Lanbidearen barruan esanguratsua den pertsona ospetsu baten ondarea, ibilbide profesionala eta kalitate pertsonal eta intelektuala aitortzeko sortua, Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak ex aequo sari bat eman nahi die aurten goi-mailako bi intelektual eta akademikori: Ramón Zallo Elgezabal (Gernika, 1948), Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatua, Informazio Zientzietan doktorea eta Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean, euskal kooperatibismoaren, nazionalismoen eta kulturaren ikertzailea; eta Pedro Ibarra Güell (Getxo, 1942), Zuzenbidean lizentziatua eta abokatu laboralista aditua, frankismoan eta trantsizioaren lehen egunetan preso politikoen ordezkaritzan zaildua, EHUko Zientzia Politikoko katedraduna eta Betiko Fundazioko zuzendaria (gizarte-mugimenduekin, ekintza kolektiboarekin eta parte-hartze politiko eta demokratikoarekin lotutako ezagutzak aztertzen eta zabaltzen ditu fundazio horrek).

Biek ala biek gure herriko kazetari-belaunaldi berriak trebatzen eman dute bizitzaren zati handi bat, eta gizarte zibileko kide aktiboak izan dira, gatazka nazionalak ebazteko hainbat plataforma eta elkarrizketa-forotan parte hartuta eta horiek sustatuta.

2025eko “Euskal Kazetaritza Sariak” banatzeko ekitaldia azaroaren 5ean izango da, 19:00etan, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan.

 

Euskal biodibertsitateari buruzko dokumental saila | Natura Bizia EITB Media

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko irailaren 15a
  • Ingurumen-komunikazioa
Ingurumen-komunikazioaren VII. eskolan kazetaritzak kontsumo-ohiturak eraldatzeko duen eginkizuna aldarrikatu dute
2025eko irailaren 5a
  • Ingurumen-komunikazioa
Daniel Montalvo Ingurumenaren Europako Agentzia (IEA): “Datu solido eta ulergarriak behar dira eredu jasangarriagoak helburu dituen trantsizio sozioekonomikoa azkartzeko”
2025eko apirilaren 11
  • Ingurumen-komunikazioa
APIAk eta Ihobek 2026ra arte luzatu dute ingurumen komunikazioa sustatzeko lankidetza
2025eko otsailaren 27a
  • Ingurumen-komunikazioa
Ihobek, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ingurumen-komunikazioa bultzatzen jarraituko dute Euskadin