Skip to main content
2026ko martxoaren 15a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
  • Ingurumen-plangintza

Gabi Martinez: “Ingurumenean, protagonismoa gizartearena izan behar da”

Gabi Martinez: “Ingurumenean, protagonismoa gizartearena izan behar da”
Gabi Martínezek Bartzelonako Portu Zaharreko akuarioa bisitatu zuenean, kartel bat ikusi zuen, Australiako Hesi Handiko koral-zatitxo baten ondoan, eta bertan ohartarazten zen tenperatura 2 gradu igotzen bazen, 2.000 kilometro baino gehiago zituen hesiaren % 90 desagertuko zela. Nolanahi ere, buruan sartu zitzaion bere semeak, handia zenean, hesi hori ikusi behar zuela, Australiara bidaiatu zuen eta bertan idatzi zuen bere lehenengo liburua: ‘Hesian’. Harrez geroztik, idazle kataluniarrak bizitza-eredu jasangarriagoak sustatzen dituzten kontakizunak eskaintzen jarraitu du —hamabost baino gehiago—.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, Gabi Martínez (Bartzelona, 1971) idazle emankor, kazetari eta naturalistarekin izandako topaketa digitala ospatu du gaur, "Aldaketa haizeak — El cambio que nos impuja" izenekoa. Topaketa horretan, artearen eta literaturaren munduak egungo eredu sozio-ekonomikoa birpentsatzeko eskaintzen dituen ekarpenei buruz hausnartu du, eta, horrela, narratiba berri baterantz eroango gaituen bizitza iraunkorragoaren eredu berri bat eraikitzea bideratu du.

Egileak adierazi duenaren arabera, naturaren kontserbazioan, “protagonismo asko kendu zaio gizarte zibilari eta garrantzia gehiegi eman zaie pertsona jakin batzuei”, eta horrek, berekin dakar biodibertsitatea alde batera uztea. “Protagonismoa gizartearena izan behar da eta politikaria kudeatzaile bat besterik ez da izan behar, gehiengoaren nahiaren gauzatzaile bat. Eman diezaiogun protagonismoa egunerokoan modu ekosistemikoan pentsatzen duenari”, proposatu du.

Bere lanaren helburua gizakiak aliantza natural horren garrantziaz jabetzea da

Haren proposamenak ez datoz ezerezetik; esperientzia pertsonal ugaritan oinarrituta daude: besteak beste, Nilon zehar ibili da, iturrietatik ibai-ahoraino, Pakistango Hindu Kush, Venezuelako baso tropikalak, Txinako kostaldea, Patagonia edo Australia (kostaldetik kostaldera) esploratu ditu. Abentura horietan guztietan, autore katalanak bere denbora eman du leku horiei buruz idazten, bertan bizi diren pertsona eta animaliei buruz, eta haien artean gertatzen diren loturak aztertu ditu. Bere lanaren helburu hori bere kontakizunen bidez erdietsi nahi du, narrazio horiek habitata partekatzen duten pertsonen eta animalien arteko harremanak eraldatzeko gai baitira.

Horrela, Begoña Beristainek (Bilbo, 1967, irratian ibilbide luzea duen kazetaria, ETBn kolaboratzailea, hizlaria eta bere podcasting enpresako zuzendaria) gidatu duen topaketak Gabi Martinezen bizitzaren ibilbidea erakutsi digu, bere kontakizunetan jasotzen diren bizipenen bidez.

“Un cambio de verdad. Una vuelta al origen en tierra de pastores” (Seix Barral, 2020), liburuan, Gabi Martinezek artzain gisa Extremadurako Siberian izandako esperientzia kontatzen du. Bertan, zortzi hilabete baino gehiago biziraun zuen berogailurik eta ur korronterik gabeko babesleku batean, laurehun ardi baino gehiago zaintzen. Liburu honen bidez, gure ingurumen-kontzientzia piztu nahi da, gure jatorriarekin konektatu nahi da eta, horrela, gure oraina eraldatu, naturarekin harmonian dagoen bizimoduaren bidez.

Era berean, bere azken argitalpenean (“Naturalmente urbano. Supermanzana: la revolución de la nueva ciudad verde”, Destino, 2021), egileak hiriak zaharkituta geratu direla eta hiri-eremua laster hagitz ezberdina izango dela dio. Premisa horrekin, eredu zaharkitu baten aurrean hiriak eraldatzeko beharraz hausnartzen du liburuak, eta super-etxadia zer den, ideia nola sortu zen, nola ezarri zen eta sorrarazi zituen polemikak azaltzen ditu.

Hala ere, Gabi Martinez idazle oparoa da, eta planetaren ingurumen-egoerarekin lotutako bere lanen zerrendak aurrera jarraitzen du, besteak beste, "En la barrera", "Animales invisibles", "Sólo para gigantes", "Las defensas", "Los mares de Wang", "Sudd" edo "Una España inesperada" liburuekin. Gainera, National Geographic, Altaïr edo The Ecologist bezalako hedabideetan kolaboratu du, eta naturari buruz hitz egiteko tarteak ere eskaintzen ditu Cadena Ser irratian eta El País, Ara eta La Vanguardia egunkarietan. Beste alde batetik, 'Liternatura' deritzon Jaialdiaren zuzendarikidea da, natura eta kultura hedarazteko Asociación Caravana Negra izeneko elkartearen kide sortzailea, eta bai "Hiri eta Lurralde Ekologia Fundazioa"rena ere.



Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko apirilaren 7a
  • Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
2026ko martxoaren 27a
  • Korporatibo
Ihobek 639 ekintza egin zituen udalerrietan, eta 2.200 enpresa baino gehiago mobilizatu zituen 2025ean, Euskadiko energia eta klima trantsizioan aurrera egiteko