Skip to main content
2026ko azaroaren 28a
  • Hondakinak
  • Ekodiseinua
  • Tokiko jasangarritasun

180 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute hondakinak eta ontziak murrizteko Ekoetxea Sareak antolatutako “Ez zaitez biltzen utzi” ekimenean

180 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute hondakinak eta ontziak murrizteko Ekoetxea Sareak antolatutako “Ez zaitez biltzen utzi” ekimenean
Guztira, 55 familiak -180 pertsona baino gehiago- parte hartu dute "Ez zaitez biltzen utzi" ekimenean, hondakinen ekoizpena eta ontzien kontsumoa murriztearen garrantziaz sentsibilizatuta dauden familiei zuzendutako jardueran. Esperientzia Azpeiti, Meatzalde, Txingudi eta Urdaibaiko ingurumen zentroetan egin da. Zentro horiek Ekoetxea Sarea osatzen dute, zeina Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen, Ihobe ingurumen kudeaketarako sozietate publikoaren bidez.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astean kokatutako jarduera horretan parte hartu duten pertsona guztiek sortzen ditugun hondakinekin eta ontziekin lotutako erronka txikiak bideratzen lagundu dute.

“Ez zaitez biltzen utzi” esperientzia hori 5 urtetik gorako haurrak dituzten familietara bideratuta dago, jolasekin osatzen den zirkuitu txiki bat eginez, eta ekonomia zirkularraren 7+1 erreetako bakoitza erronka zirraragarri bihurtu da familientzat, “Birdiseinutik” “Birpentsatzeraino”. Helburua izan da objektuei bigarren bizitza ematen ikastea, hondakinak murriztea eta modu jasangarriagoan pentsatzea.

Euskadin, batez beste, urtean 485 kilo hiri hondakin sortzen dira biztanleko, eta horietatik 50 kilo baino gehiago ontziak dira, Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, eta "Ez zaitez biltzen utzi" bezalako ekimenek pixkanaka gure hondakinen aztarna murrizten laguntzen dute.

2023ko Hondakinen Prebentziorako Europako Astea


Hondakinen Prebentziorako Europako Astea Europan hondakinen prebentzioari buruzko kontzientzia sortzeko kanpainarik handiena da. Tokiko eta eskualdeko agintari publikoek bultzatuta, herritarrek, eskolek, enpresek eta gizarte erakundeek elkarrekin egindako ahalegina da, eta, aurten, azaroaren 18tik 26ra egin da, "Ez zaitez biltzen utzi" lelopean.

Zazpi egunez, parte hartu duten erakundeek hondakinen kudeaketa jasangarriari buruz kontzientziatzeko ekintzak egin dituzte. Aurtengo edizioan, sentsibilizazio ekintzen ardatza ontzien problematika izan da, ingurumenean eragin handia dutelako, eta 3Ren ikuspegitik landu behar dira: Kontsumoa murriztea, Produktuak eta materialak berrerabiltzea eta Hondakinak birziklatzea.

Euskadin, Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da Hondakinen Prebentziorako Europako Astea bultzatzeaz eta sustatzeaz arduratzen den erakundea.

Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarietarako hautagaitzak


2023ko Euskadiko Hondakinen Europako Astearen esparruan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko Sarietarako hautagaitzen berri eman zuen azaroaren 24an, Euskalduna Jauregian, Astearen 15. urteurrena dela-eta egin zen ekitaldi batean.

2024ko ekainean banatuko diren Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sarietan Euskadi ordezkatuko duten erakundeak hauek izango dira: Axular Lizeoa, ikastetxeen kategorian; Alboan nazioarteko lankidetzarako fundazioa, elkarteen kategorian; Gasteizko Udala, administrazio publikoen kategorian; eta Bizi Slow Granel, enpresen kategorian. Urtero 18.000 ekintza inguru aurkezten dira Europako sari horietara, eta horien artean onenak aukeratzen dira. Edizio honetan, 190 ekintza aurkeztu dira Euskadin, eta horietatik aipatutako laurak aukeratu dira.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 15a
  • Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun
Udalsarea 2030ek hiriZAIN tresna aurkeztu du, osasuna eta ekintza klimatikoa hiri-plangintzan integratzeko