- Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
Azkar ari da eboluzionatzen Europako helburu klimatikoekin hobeto lerratutako industria lehiakorrago eta erresilienteago bat lortzeko trantsizioa. Erronka horiei erantzuteko eta euskal enpresei laguntzeko, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak programa mardul bat antolatu du Ekoefizientziaren ostegunak edo Ekostegunak foroaren barruan. Ekostegunak euskal enpresa-sareari zuzendutako erreferentziazko foro teknikoak eta formakuntza saioak dira, eta haien helburua da ekonomia zirkularrak, deskarbonizazioak eta jasangarritasunak eragindako aldaketak ulertzea eta haiei aurrea hartzea.
2026an, Ekostegunak programak ikuspegi argi, praktiko eta aurreratua emango du enpresen lehiakortasuna baldintzatuko duten erregulazio berrikuntza nagusien, merkatu joeren eta tresna teknikoen inguruan, eta, hala, erraztu egingo da Europako esparru berrietara egokitzeko prozesua, bai eta berrikuntza eta posizionamendu estrategikorako aukerak identifikatzekoa ere. 2022tik, 2.500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte ekimen honetan.
Ekonomia zirkularraren erronka nagusien inguruan egituratutako programa
Ekoefizientziaren ostegunak edo Ekostegunak gaikako saioen inguruan egituratzen dira. Saio horiek Euskadiko industriaren eta zerbitzu aurreratuen eraldaketa bektore nagusiak jorratuko dituzte apurka-apurka. Aurreikusitako saioen artean, hauek nabarmentzen dira:
- Industria-lehiakortasunerako Europako esparru berria eta Euskadiko ekonomia zirkularraren gakoak, bereziki erreparatuta Industria Itun Garbiari eta euskal produkzio-sarerako lehentasun estrategikoei.
- Araudia sinplifikatzea eta jasangarritasuna kudeatzea, eta aztertzea Omnibus Zuzentarauaren inplikazioak, bai eta reporting, arreta egoki, taxonomia eta CBAM alorretan izaniko aldaketak ere.
- Efizientzia materiala eta baliabideen erabilera, euskal ekonomiako material-fluxuen eta ekonomia zirkularraren funtsezko adierazleak aztertzetik abiatuta.
- Trantsizio- eta klima-arriskuak, enpresa-erabakiak hartzean ebaluatzeko eta integratzeko metodologiak eta gidak aurkeztuta.
- Ekodiseinua eta produktu jasangarria, produktuaren pasaporte digitalaren hedapena, ESPR Erregelamendua, ingurumen-etiketatzea eta merkatuaren eskakizun berriak landuz.
- Erosketa publiko berdea eta produktu jasangarrien eskaria, merkatuak eraldatzeko palanka gisa.
- Finantza jasangarriak, arreta berezia jarririk Europako taxonomiaren aurrerapenetan eta kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioan (DNSH).
- Ekitaldi eta zerbitzu jasangarriak, Erronka Garbia eta beste zenbait ziurtapen-sistema barne.
- Ekonomia zirkularra ezartzea erakundeetan eta negozio-ereduetan, ISO arauen eta erreferentzia gisa baliatzen diren protokoloen eta esparruen bidez.
- Greenwashinga prebenitzea, kontsumitzaileak ahalduntzeko Europako zuzentarau berria indarrean jartzear dagoen honetan.
- Teknologia garbiak eta fiskalitate berdea, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eta hari lotutako pizgarriak eguneratuta.
- Industria-erresilientzia eta hornidura-arriskuak, testuinguru geopolitiko aldakorreko lehengaien segurtasuna eta hornitzaileekiko mendekotasuna aztertuta.
Lehen saioa: Apirilak 16
Ekonomia zirkularreko Ingurumen-zaintza Estrategikoko 2026ko Txostenaren aurkezpena
Ekostegunen 2026ko edizioa apirilaren 16an hasiko da, “Industria Itun Garbia eta industria lehiakortasunerako Europako esparru berria: Euskadiko ekonomia zirkularraren 10 gakoak 2026rako” jardunaldiarekin. Saio horretan, Basque Ecodesign Centerrek egindako Ekonomia zirkularreko Ingurumen-zaintza Estrategikoko 2026ko Txostena aurkeztuko da. Saio horrek araudi eta merkatu aldaketa garrantzitsuenen panoramika integratua eskainiko du zenbait arlotan, hala nola gardentasuna eta ESG posizionamendua, ekodiseinua, lehengaiak eta hondakinak, deskarbonizazio industriala, Zero Pollution estrategia eta finantza jasangarriak.
Ekoefizientziaren ostegunak edo Ekostegunak hauei zuzenduta daude bereziki:
- Industriako eta zerbitzu aurreratuetako enpresei.
- Arau eta merkatu baldintzak aurreratu behar dituzten ETEei.
- Jasangarritasun, ekodiseinu, berrikuntza, erosketa eta estrategiaren alorreko arduradunei.
- Sektore publiko, kluster, enpresa laguntzako erakunde eta bitarteko eragileei.
- Trantsizio prozesuetan industriari laguntzen dioten aholkularitz eta talde teknikoei.
Jardunaldi guztiak modu birtualean egingo dira, online eta goizeko ordutegian, parte hartzea eta kontziliazioa errazteko, eta dohainik izango dira, Ihoberen webgunean izena eman ondoren. Hain zuzen, Ihoberen agendan irekiko da saio guztietan izena emateko aukera arian-arian.
| Ardatz tematikoa | Proposamenaren data | Izenburua |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Apirilak 16 | Industria Itun Garbia eta industria lehiakortasunerako Europako esparru berria: Euskadiko ekonomia zirkularraren 2026rako 10 gakoak |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Apirilak 23 | Jasangarritasunari buruzko Omnibus Zuzentaraua: Enpresetan ingurumen-jasangarritasuna kudeatzeko gako praktikoak |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Apirilak 30 | Nola neurtu efizientzia materiala ekonomia batean?Euskal ekonomiaren material-fluxuak 2026 azterlanaren aurkezpena |
| Deskarbonizazioa bizi-zikloaren eta klima-arriskuen ikuspegitik | Maiatzak 14 | Ekonomia jasangarrirantz igarotzearen arriskuak: ebaluazio-metodologiaren aurkezpena eta laguntza-gida |
| Ekonomia zirkularra lortzeko ekodiseinua | Maiatzak 21 | Produktuaren pasaporte digitala: lege-betekizun bat baino askoz gehiago |
| Ekonomia zirkularra lortzeko ekodiseinua | Ekainak 04 | Made in Europe bereizgarritik ESPR etiketara: joera berriak produktuaren ingurumen-etiketan |
| Ekonomia zirkularra lortzeko ekodiseinua | Ekainak 25 | Nola inplementatu ekonomia zirkularra erakundeetan eta negozio-ereduetan? Eskura dauden protokoloak eta ISO arauak |
| Ekonomia zirkularra lortzeko ekodiseinua | Irailak 17 | Greenwashingaren aurkako borroka: indarrean jarriko da (EB) 2024/825 Zuzentaraua, trantsizio ekologikorako kontsumitzaileak ahalduntzeari buruzkoa |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Urriak 08 | Teknologia Garbien Euskal Zerrenda: produktua diseinatzeko eta prozesuak hobetzeko ekipo efizienteak |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Urriak 15 | Smart Circularity: digitalizazioa zirkulartasuna bultzatzeko |
| Finantza jasangarriak | Urriak 22 | Aurrerapenak finantza jasangarrietarako taxonomia europarrean: aplikazio-gidaren eguneratzea |
| Deskarbonizazioa bizi-zikloaren eta klima-arriskuen ikuspegitik | Azaroak 05 | Teknologia Garbien Euskal Zerrenda: soluzio teknologikoak industriak klima aldaketara egokitzeko |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Azaroak 12 | Ekonomia zirkularra energia kontsumo handiko industrietan: deskarbonizaziotik enpresen lehiakortasuna hobetzera |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Azaroak 26 | Mendekotasunetik erresilientziara: nola aurrea hartu hornidura-arriskuei |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Abenduak 03 | Teknologia Garbien Euskal Zerrenda: upcyclingerako soluzio teknologikoak |
| Orokorra, Ekonomia Zirkularra | Abenduak 10 | Erosketa publiko berdea Euskadin: euskal administrazioak gehien erabiltzen dituen irizpideak |
Ekostegunak programa Ihoberen beste ekimen batzuekin osatzen da. Izan ere, programa horiek gai batzuk sakonago lantzeko aukera ematen dute, hala nola jardunean dauden profesionalak prestatzeko programa edo Basque Circular Hub-eko gazteen eta enpresen arteko lankidetza-programak.
Iturria:Ihobe