Dokumentazioa
Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburu Josu Bilbaok “Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostena” aurkeztu du gaur goizean: azterlan honek ingurumenak gure lurraldean duen egoerari buruzko argazki argi eta alderagarri bat eskaintzen du, eta ahalbidetzen du egindako aurrerapenak eta gainditu gabe geratzen diren erronkak modu gardenean azaltzea. Hala, dokumentuak aurrerapen esanguratsuak egiaztatzen ditu alor hauetan: deskarbonizazioa, airearen kalitatearen hobekuntza, berreskuratutako lurzoruen azaleraren hazkundea, eta hondakinen isurketaren jaitsiera etengabea.
Gaur aurkeztutako txostenak ingurumenaren adierazle nagusiek Euskadin izandako azken bilakaera aztertzen du
Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen-jarduketarako Sozietate Publikoak aurkeztutako txostenak ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegi sintetiko eta eguneratu bat eskaintzen du, funtsezko aldagai batzuen eboluzioa abiapuntutzat hartuta, Europako Ingurumen Agentziak garatutako metodologiarekin bat etorriz. Adierazleen irakurketa bateratuak erakusten duenez, ingurumen-trantsizioa aurrera doa Euskadin, eremu batzuetan emaitza finkatuak izanik, politika publiko iraunkorrei eta ingurumen-irizpideak jarduera ekonomiko eta sozialean gero eta gehiago integratzeari esker. Josu Bilbaoren esanetan, “txosten honek berresten du aurrera egiten ari garela, sendotasunez, baina gogoratu ere egiten digu ingurumen-hobekuntzak anbizioa eta konpromiso konpartitua eskatzen dituela”.
Txostenak nabarmentzen du Euskadiko airearen kalitateak hobetzen jarraitzen duela; egunen % 94k maila onak edo oso onak izan zituen -aurreko urtean baino hiru puntu gehiago-. PM10 partikulekiko hiri-esposizioa (hau da, 10 mikrometrorainoko diametroa duten partikula esekiekiko esposizioa) ere nabarmen jaitsi da, 14 µg/m³-raino, eta, hortaz, oso jaitsiera esanguratsua izan du 2012az geroztik: % 33. Gainera, NO₂-aren (nitrogeno dioxidoa) eta partikulen kontzentrazioak europar mugen azpitik mantentzen dira, etengabeko hobekuntzari eutsiz.
Bilakaera hori trafikotik eta jarduera industrialetik datozen isurketen murrizketari dago lotuta, eta baita gertaera naturalak (hala nola Saharako hautsaren etorrera) kontrolatzeko eta kudeatzeko neurrien aplikazioari ere.
Berotegi-efektuko gasen murrizketari dagokionez, 2005 eta 2024 (eskura dagoen azken datua) bitartean, berotegi-efektuko gasen isurketak % 38 murriztu dira, 2030erako ezarritako murrizketa-helburura hurbilduz, hots, % 45eko murrizketara hurbilduz. Aurrerapenak berresten du Euskadi aurrera egiten ari dela norabide egokian; nolanahi ere, klima-ibilbidea sendotzeko, beharrezkoa izango da ahaleginak zenbait sektoretan areagotzea, hala nola garraioan eta deskarbonizazio zaileko beste jarduera batzuetan.
Euskadin, egunen % 94k aire-kalitate ona du. Orobat, berotegi-efektuko gasen isurketak % 38 murriztu dira 2005. urtekoen aldean
Aldi berean, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan duten parte-hartzeak gora egiten jarraitzen du. Hala, txostenean % 21,3ra iristen dira, 2018az geroztik hazkunde iraunkorreko joera bat finkatu ondoren, batez ere bioerregaien hazkundeagatik eta eguzki-energia, aerotermia eta geotermiaren moduko teknologien garapenagatik.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen berreskurapenak ere aurrera egiten jarraitu du Euskadin. Lehengoratutako azalera 1.639 hektareara iritsi zen, azken urteetan atzemandako joera positiboa sendotuz. Prozesu hori Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiaren baitan bultzatuko politiken esparruan sartzen da, hau da, lurzoruaren kalitatearen prebentzio, ikerketa eta berreskurapen-politiken esparruan. Kokagune horiek lehengoratzeak ahalbidetzen du hirigintza- eta industria-erabileretarako berriz erabiltzea, aurretik eraldatutako espazioen berrerabilera lehenetsiz lurzoru natural berriaren okupazioaren aurrean.
Lurraldearen okupazioari dagokionez, lurzoruaren artifizializazio-tasa oso egonkor mantentzen da, % 6,83aren inguruan, eta balio hori koherentea da dentsitate handia duten eta oso urbanizatuta dauden europar eskualdeetakoarekin.
Hondakinei dagokienez, hiri-hondakinen sorrera nahiko egonkor mantendu da 2003az geroztik. Euskadin, 1.116.000 tona hiri-hondakin sortzen dira, gutxi gorabehera, eta horien % 84 etxeko hondakinei dagokie. Kantitate horrek esan nahi du biztanle bakoitzak 439 kilogramo hiri-hondakin sortzen dituela urtean; bada, helburua da zifra hori 419 kilogramora jaistea, urtean, hamarkadaren amaierarako.
Ur eta biodibertsitatearen arloko erronkak
Aldi berean, txostenak aurrerapen geldoagoa duten eremuak ere identifikatzen ditu, batez ere azaleko ur-masen egoera ekologikoari dagokionez, eta baita biodibertsitatearen beste adierazle batzuei dagokienez ere, neguko ur-hegaztien kasuan bezala, horiek jarduera iraunkorrak eta ikuspegi integratuagoak behar baitituzte.
Lurraldearen babesa sendotu egin da, eta, hala, Euskadiko azalaren % 23 Natura 2000 Sareak babestuta dago; dena dela, oraindik ere badira narriadura-zantzuak talde biologiko jakin batzuetan. Kostaldeko hegaztien gainbeherak agerian uzten du biodibertsitatea indartzeko beharra, bai politika sektorialetan eta bai lurzoruaren erabileretan.
Herritarren pertzepzioari dagokionez, kezkagarria da klima-aldaketagatik ‘gutxi edo batere kezkatzen ez diren’ pertsonen kopuruak gora egin duela, zeren biztanleriaren % 28raino igo baita
Azkenik, txostenak ingurumenari buruzko gizarte-pertzepzioaren bilakaera jasotzen du. 2025an, herritarren % 51ek adierazi zuen prest dagoela bere ohiturak aldatzeko, ingurumena gehiago errespetatzeko; % 34k, berriz, aldaketak ahalegin handirik eskatzen ez badu egingo luke hori. Aldi berean, klimaren inguruko kezka apur bat jaitsi da -herritarren %28k dio ez dela asko kezkatzen horregatik, edo ez dela batere kezkatzen-, eta horrek agerian uzten du beharrezkoa dela sentsibilizazio eta komunikazio publikoa indartzea.
“Klima-negazionismoaren aurrerapenaren aurrean zientzia da gure erabakien oinarria. Hain zuzen ere, diskurtso negazionistek espazioa irabazten duten garai hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da zientziarekin eta ebidentzian oinarritutako erabaki publikoekin hartuta dugun konpromisoa berrestea”, azpimarratu du Ingurumeneko sailburu Josu Bilbaok.
Iturria:Ihobe