Skip to main content
2026ko uztailaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza

ASTEKLIMA 2026k euren ohiturek kliman eta energian duten inpaktua ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak

Klima azoka

Urriaren 16tik 25era, ASTEKLIMA – Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen zazpigarren edizioa egingo da; berau Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Ihobe sozietatearen eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) lankidetzarekin bultzatutako ekimen bat da, aurten bereziki nabarmendu nahi duena eguneroko erabakiek kliman eta energian duten inpaktua. “Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da” lemapean, 2026ko edizioak gai honetaz hausnartzera deitzen du: nola markatu dezaketen desberdintasuna mugikortasunarekin, kontsumoarekin, energiarekin edo elikadurarekin -beste gai batzuen artean- lotutako keinuek, etorkizun jasangarri eta erresilienteagoa lortzeko.

Zazpi urtetik hona, ASTEKLIMA finkatu egin da Euskadiko sentsibilizazio klimatiko eta energetikorako programa nagusietako bat bezala. Udazken guztietan, ekimenak administrazio publikoak, ikastetxeak, unibertsitateak, enpresak, elkarteak eta gizarte-erakundeak biltzen ditu, helburu konpartitu batez: errealitate energetikoa eta ekintza klimatikoa herritarrei hurbiltzea, esperientzia parte-hartzaile, praktiko eta hurbilen bitartez. 

Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak bere zazpigarren edizioa egingo du urriaren 16tik 25era, “Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da” lemapean, eguneroko ohitura txikiak eraldatzeko deialdi batez

2026ko edizioak filosofia hori indartu nahi du, eguneroko keinu txikien ahalmen eraldatzailea nabarmenduz. Hala, joan-etorriak egiteko erak, energia etxean kontsumitzeko formak, zenbait erosketa egiteko moduak eta horien antzeko beste erabaki batzuek badute eragina bai berotegi-efektuko gasen isurketetan eta bai eredu energetiko jasangarriago baten eraikuntzan. ASTEKLIMAk proposatzen du hausnarketa hori ekintza bihurtzea, hori errazten duten tresnak, ezagutza eta esperientziak herritarrei hurbilduz.

ASTEKLIMAren indarra aurreko edizioan lortutako parte-hartzean ere islatzen da. 2025ean, 87 erakunde antolatzaile bildu zituen, eta horien bidez herritarrei irekitako 138 jarduera bultzatu zituen lurralde osoan; era horretan, espazio hori finkatuta geratu da herritarrak Euskadiko klima eta energiaren arloan sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko ekimen nagusien artean.

 

Euskadiko agenda klimatikoa eraikitzeko deialdi irekia

Antolatzaileek jadanik ireki dute ASTEKLIMA 2026ko programazioari jarduerak gehitzeko deialdia, honako hauei zuzenduta: udalak, ikastetxeak, unibertsitateak, enpresak, GKEak eta beste erakunde batzuk. 

Tailerrak, erakusketak, dibulgazio-hitzaldiak, familia-jarduerak, bisita gidatuak, ekintza parte-hartzaileak edo sentsibilizaziorako ekimen berritzaileak sartu ahal izango dira hiru lurraldeetan banatutako eta herritar guztiei irekitako programazioan.

Udalak, ikastetxeak, enpresak eta gizarte erakundeak has daitezke euren jarduerak txertatzen Euskadi osotik berriro hedatuko den programazioan

Jardueren inskripzioa webgune ofizialaren bidez egin daiteke -www.asteklima.eus-; bertan, gainera, eskuragarri dago aurtengo edizioari buruzko informazio guztia.

ASTEKLIMA 2026k, gainera, herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko ekimen eredugarriak bultatzen dituzten erakundeen konpromisoa aitortuko du berriro. Hala,  ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten jarduera guztiek aitortza bat jasoko dute Euskadiko Klima eta Energiaren Asteari egindako ekarpenagatik; gainera, horien artetik, epaimahai espezializatu batek aukeratuko ditu klima-ekintzari eta trantsizio energetikoari lotutako ekimen onenak, dagozkien kategorietan. 

 

KLIMA Azoka edizioaren nobedade nagusietako baten protagonista izango da

ASTEKLIMAren zazpigarren edizioak, gainera, aliatu garrantzitsu bat izango du: KLIMA Azoka. Ihobek eta EEEk bultzatutako azoka ibiltariak ia 2.000 parte-hartzailerekin itxi zuen 2026ko lehenengo seihilekoan, eta publikoaren aldetik 4,68ko batez besteko balorazioa jaso zuen, 5 puntutatik. 

Dinamika parte-hartzaileen, jolasen eta espazio elkarreragileen bitartez, KLIMA Azokak gonbidatzen du energiaz, mugikortasunaz, kontsumo-ohituraz edo eguneroko klima-ekintzaz hausnartzera, eta horren bidez erakusten du erabaki indibidualek ere euren ekarpena egiten dutela etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko. 

KLIMA Azoka ekimen ibiltariak rol garrantzitsua jokatuko du edizio honetan, 2026ko lehen seihilekoan sentsibilizazio-jarduerak ia 2.000  pertsonei hurbildu ondoren

Ibilaldia, Ingurumenaren Munduko Eguna, Euskal Eskola Publikoaren Jaia edo Araba Euskaraz moduko ekitaldietatik pasatu ondoren, azokak bere ibilbidearekin jarraituko du udazkenean, eta presentzia nabaria izango du ASTEKLIMA 2026ren programazioan.

ASTEKLIMA 2026 ekimena, gainera, Euskalitek koordinatzen duen Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearekin bat etorriko da. Ekimen horrek etorkizuneko erronkei aurre egiteko berritzaileagoak, jasangarriagoak eta konprometituagoak diren erakundeak sustatzen ditu. Urriaren 14tik 28ra egingo denez, bi ekimenek trantsizio jasangarriarekin lotutako balioak eta jardun-eremuak partekatzen dituzte, sinergiak indartzeko eta gizartean duten eragina handitzeko aukerak sortuz. 

Trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari heltzeak eraldaketa mardulak eskatzen ditu, baina baita egunero hartzen diren milaka erabaki txikiak ere. Planteamendu horrekin, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak aurrera egiten jarraitu nahi du prozesu horrekin konprometitutako herritar informatu eta erantzukideen eraikuntzan. Izan ere, ekintza kolektiboak urrats indibidual txiki batez hasten dira beti, eta, edizio honetako lemak gogoratzen duenez, “Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da”.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko
2026ko ekainaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun
Udalsarea 2030ek hiriZAIN tresna aurkeztu du, osasuna eta ekintza klimatikoa hiri-plangintzan integratzeko