Skip to main content
2026ko azaroaren 24a
  • Hondakinak
  • Ekodiseinua
  • Ekonomia zirkularra

Axular Lizeoa, Alboan, Vitoria-Gasteizko Udala eta Bizislow Euskadiren ordezkariak izango dira 2023ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sarietan

Axular Lizeoa, Alboan, Vitoria-Gasteizko Udala eta Bizislow Euskadiren ordezkariak izango dira 2023ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sarietan

Ikastetxeak, Elkarteak, Administrazio Publikoak eta Enpresak kategoriatan izan dira hautatuak, hurrenez hurren

Gaur jakinarazi ditu hautagaitza hauek Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Euskadiko Hondakinen Europako 2023ko Astearen esparruan egindako aintzatespen ekitaldian.
Urtero, 18.000 ekintza aurkezten dira Europako sari hauetara, eta horien artean onenak hautatzen dira. Aurtengo edizioan 190 ekintza aurkeztu dira Euskadin, eta horien artean aukeratu dira aipatutako hautagaitzak.

Axular Lizeoa ikastetxeak “Tapoietatik lorategi bertikaletara” proiektuari esker lortu du hautagaitza. Proiektuan zehar, tapoiak bildu dituzte, sentsibilizazioaren arloan aritu dira eta berrerabilitako plastikoarekin produktu berriak sortu dituzte, hala nola mosketoiak, sokak eta loreontziak. Horiekin lorategi bertikalak egin dituzte, ikastetxea apaintzeko. Helburu nagusia hondakinen arazoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta egungo errealitatea hobetzeko tresnak ematea da.

Alboan fundazioa eta “Mugikorrak lurraren alde” kanpaina Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sarietarako hautagaiak dira, elkarteen kategorian. Kanpaina duela ia hamar urte jarri zen abian, eta mugikorren kontsumoa sistematikoki berreskuratzean, kontzientziatzean eta murriztean datza. Erabiltzen ez diren mugikorrak eta tabletak bildu eta saltzeko berregokitzen dituzte, edo baimendutako kudeatzaileei bidaltzen zaizkie, metalezko (esaterako, urrezko) atalak eta bestelako osagaiak berreskuratzeko.

Vitoria-Gasteizko Udalak “Reutilizagune” zerbitzua sustatu du. Ekimenak baztertutako objektuak eta artikuluak berrerabiltzea sustatzen du, egoera onean badaude beste pertsona batzuek erabil ditzaketelako, behar izanez gero. Hori dela eta, Euskadi ordezkatuko du administrazio publikoen kategorian. Zentro horrek lagundutako konponketarako lantegi bat du (Repair Café), konponketaren kultura bultzatzeko. Urtean zehar, “Reutilizagune” hainbat aldiz irteten da kalera, ekitaldi tematikoak egitera, zerbitzuari ikusgarritasuna emateko eta herritarrak parte hartzera animatzeko. Aurten, jostailuak, altzari txikiak eta erabilitako liburuak banatu dira.

Azkenik, enpresen kategorian, Europarako hautagaia Bizislow izango da. Denda txiki honek garbigarri ekojasangarriak eskaintzen ditu soltean, jendeak ontziak berrerabil ditzan. Gainera, ontzi handiak berrerabiltzen dituzte, fabrikara bidaltzen baitituzte higienizatzeko eta ondoren berriz erabiltzeko.

Urtero, 18.000 ekintza aurkezten dira Europako sari hauetara, eta horien artean onenak hautatzen dira. Euskadi sarietan parte hartzen hasi zenetik, 4 erakundek sari nagusia lortu dute beren kategorian (Seur, Iparragirre Ikastola, IMQ Zorrozaurre eta St George´s British International School) eta 6 finalista izan dira (Euskadiko Elikagaien Bankua, CEIP Mendiko Eskola HLHI, Uvesco (2), Bizkaiko Foru Aldundia eta Axular Lizeoa).


25 ekintza berritzaileenak


Hautagaiei aintzatespena egiteko ekitaldian, “Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen 25 jarduera garrantzitsu” argitalpena aurkeztu da; dokumentuak ekimen honen esparruan 2011z geroztik egindako 25 ekintza onenak biltzen ditu.

Argitalpenaren helburua ekintza horien balioa zabaltzea da, EAEko beste erakunde batzuek ere egin ditzaten. 25 ekintza horiei beste 1.000 baino gehiago gehitu zaizkie 2011tik, eta jasangarritasunarekiko konpromisoa bizirik mantentzeko balio izan dute.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 16a
  • Ekonomia zirkularra
EFRAGek Ihoberen Climate & Circularity Calculator tresna sartu du tresna digitalen mapatzeari buruzko txostenaren bigarren edizioan
2026ko uztailaren 15a
  • Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan